Itzea Urkizu Arsuaga

Zer da denbora?

Makina apetatsua da burmuina, noizbait nonbait nolabait prozesatutako informazioa kutxa gotor horretatik atera, eta kasualitatez bezala birsortu den oroitzapen moduan itzultzen dizunean. “Atzo gaur bihar zan” abestiarekin gertatu zait duela gutxi. Ez dakit zer konexio-mota egin zuten nire pentsamenduek, bikotea eta biok pailazoen ez dakit zer kanturi buruz hizketan ari ginela, nire ideien haria Sen eta Hendrik Roever-en elkarlan akustiko hartara joan zedin.

Bat-batean suspertu zitzaizkidan gorputz-atalak nerabezaroz, eta hondartzara bidaiatu, demagun, 2005eko uztaileko arratsalde batera. Eguzkitan etzanda baina azal-zuri, Lucky Strike pakete bat toallan eta buruak elkarrengandik gertu, soinu estereoa laguntasun adoleszentearen mesedetan albo batera utzi, eta aurikular bikotea belarri banatan jarrita, doinu hori behin eta berriz entzuten.

Gogoan dut nola harrapatu gintuen abestiak. Doinuagatik, hasieran, baina baita lau hitzetan adierazten zuenagatik ere. Beti erakarri izan bainaute asmo poetikoz denboraren bueltan eginiko hausnarketek. Lilura absurdo eta sinplea, pentsa lezake askok, denboraren ardatzean eraikitako hitz-segidak kontu ebidentetzat joz: zer da, bada, denbora, gure izatea bermatzen eta inguratzen eta baldintzatzen eta erabakitzen duen ezinbesteko elementu izateaz aparte?

Bizitza bere soilean, hori da denbora: enbrioitik fetu eta fetutik jaioberri egiten gaituena, bederatzi hilabetean. Eta, hilabete horietan guztietan haurdun dagoen emakumeak egiten dituen errenuntzia guztien atzean dagoena ere bada denbora, parranda, goi-mailako kirol ala pasteurizatu gabeko gazta forman. Zer esan, proiektua bi pertsonarena dela ulertu gabe, haurdunaren bikoteak egiten ez dituen errenuntzietan dagoen denboraz.

Bertsolari bat txapelketa nagusiko finaleko oholtzatik kanpo utz dezake denbora-mugak, bere bertsoen mamiak bertan egon beharko lukeela dioen arren. Eta, bulegoko ordutegia amaitu eta 2.000 euroko soldata jasoko duen bertsozaleari nagusitasunezko posizio bat ematen dio denborak, hamabi orduz lanean jardun eta 800 jasoko dituenaren aldamenean.

Erredundantzia bada ere, denbora dira Behobia-Donostiako markak, eta marka horiek erdietsi ahal izateko entrenamenduak; baita batek entrenamenduak osatu ahal izateko besteak egiten dituen zaintza, garbiketa eta antolakuntza lanak ere.

Denbora gorputz batzuei bakarrik baimentzen zaien gozamena eta pribilegioa da eta, hori hala den heinean, denbora muga eta ezintasuna da gainerako gorputz guztientzat. Ez dakit zenbat denbora pasatuko den egitate horrek burmuin guztiak astindu ditzan; makina apetatsu madarikatuak.

Atzo, gaur bihar zen; atzo, azaroaren 25a zen. Atzo, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna zen; jipoiz, hitzez, bortxaz, keinuz, isiltasunez eta denboraz mozorrotu daitekeen indarkeriaren aurkakoa. Gaur atzo bezala, eta biharko moduan, hartu, jarri, oparitu, eskaini, inbertitu beharko dugu denbora, itotzen gaituzten egitura guztiak behin betiko desegiteko. •