Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Hezkuntza: zarata gehiegi baina ahots asko faltan

Gasteizen giro atseginean heldu zen hezkuntza akordioa narrasten joan da lege bihurtzeko trantze zail honetan. Nahasmen gehiegi sumatzen da auziaren gainean, eta gauzak argitze aldera agian paisaia marrazten hastea komeni. Zoruaren eta zeruaren artean dago jokalekua, beti bezala. Batetik, zorua, egungo errealitatea, erreforma honen aurka agertzen direnek ere garbi onartua: segregazioa sortzen du, ez du euskalduntzen, ez da trinkoa... hezkuntza sistemaren ajeak, gabeziak eta kontraesanak aski eta zehatz zerrendatuta daude. Bestetik, zerua, bakoitzaren helburu ideologikoak, ortzi mugak, ametsak, baita utopiak ere. Bien artean, esparru zabal batean lantzeko modukoa, gaur eta hemen egingarria dena; eredu publiko, euskaldun eta inklusiboa indartzea herri ekimen pribatuaren bultzadaz arrakastatsu izan den ikastolen kapitala galdu gabe (eta ahal bada bere balioa biderkatuz).

Hezkuntza publikoaren zein pribatuaren ordezkariak, orokorrean batzuk eta besteak beraienaz harro ageri zaizkigu. Ondo da, baina kalean edo etxean gurasoek adierazten dugun sentsazioa ez da berdina. Ikastetxe publikoen aldeko apustua egin dugunok ikastolen zenbait ondasun faltan botatzen dugula egiaztatzen dut egunero: euskaraz bizitzeko gaitasuna, edukiak (curriculumetatik haratago) gurera moldatzeko malgutasuna, urteetan pilatutako eskarmentua... Ikastoletan dihardutenak ere ez ditut guztiz konforme entzuten: jatorrizko zalantza ideologikoez gain, gehiegizko lehiakortasunaz edo gizarte arruntetik aparte –nolabait aterpetuta– sentitzeaz hitz egin didate. Hezkuntza publikoak ez luke bakarrik bere inklusio lan ikaragarriaz harro egon beharko, ez eta ikastolek euskara lehenesteaz bakarrik ere.

Kezka hauek nonbait ez dute oihartzunik hezkuntzaren gaineko eztabaida publikoan, azken hori hezkuntzako eragileen artera murrizten baita. Gurasoen errua izango da neurri batean, jakina, ordezkaritza-antolakunde eraginkor eta autonomorik ez dutelako osatzen. Hedabideona ere bai, noski, jada altxatuta diren ahotsak biltzea azaleratzen ez direnen bila joatea baino askoz errazagoa baita. Desitxuratze hau ez da soilik hezkuntzaren arloan gertatzen ari: osasungintzari begiratzen badiogu, esaterako, ez al ditugu gutxiegi entzuten gaixorik direnen hausnarketak, eta adinekoen egoitzetan pilatzen ari diren nagusienak inoiz belarriratuko al ditugu?

Ama-aiten edo aitona-amonen hezkuntzaren gaineko iritziak garrantzirik hartzen ez badu, zeresanik ez subjektu –eta ez objektu– izan beharko luketen adin txikikoenak... Orri hauetan bertan irakurri dut hausnarketa hau: «Zarataren erdian akordatzen ote da norbait ikasleez?». Horrela da, tamalez.

Alderdikeria egotzi zaie alderdiei sarritan, arrazoi osoz, baina afera honetan nor bere konfort esparrutik ateratzen ahalegindu dela bistan utzi zuen martxoan Legebiltzarrean aurkeztutako akordioak. Egungo zoru zulatuan goxo ikusten nituen ordura arte EAJ eta PSE, eta ez dakit noizko zeruaren esperoan konforme EH Bildu edo Elkarrekin Podemos. Laurak itun horretan lerratuta egotera iristeko, bistan da inertziak gainditu eta etorkizuna interes orokorraren gainean irudikatzeko ahalegina egin dutela. Bide horretan segur aski hain gutxitan entzuten diren ahotsak helduko zitzaizkien. •