Joxean Agirre

Igitaia eta mailua

Mario Onaindiak esaten zuen bakoitzean euskaldun guztiok daramagula barruan karlista bat, tradizioa defenditzeko ganbaratik trabukoa hartzeko prest, pentsatzen genuen liberal bat ere bageneramala geure barruan gizarte berri baten alde hau ere tiroka hasteko pronto.

Bi figura horien oihartzun urrun bat suma daiteke mende bat geroago ezkerrak bere egin zuen ikonografian mailuak eta igitaiak marrazten hasi ginenean. Badakit mailuak langileriaren borroka epikoa adierazten duela eta igitaia baserritarren borrokaren ikur dela, baina interpretazioa libreago egiten hasita, iruditzen zait igitaiak gehiago ere adierazten duela, lurralde batekiko atxikimendua eta nazio eta hizkuntza batekiko lotura.

Beti harrigarria iruditu izan zait zeinen azkar igaro izan garen igitaitik mailura. Gaztetxoak ginela deskubritu genuen Herri Gaztedin marxismoa eta kolpetik euskaltzaletasunetik obrerismora igaro ginen, baita langilerik buzoarekin ikusten ez zen herri txikietan ere. Bidenabar esateko, non ote dago gordeta garai horretan etxean sarjenta pare batekin lotu eta kola emanez ‘fabrikatu’ genuen “Gazte”aldizkariaren zenbaki hura?

Gero etorri ziren “quinta”k eta “sexta”. Batzuek mailua altxatzen zuten gorago eta besteek igitaiak beharbada. Gurean zaila izan da beti bi ikurrak elkarren gainean jostea.

Dikotomia horren azken aldaera izan daiteke Ernai-GKSren artekoa. Adinagatik edo, bi indar horien arteko sestrak urruti samarretik jarraitu ditugulako edo, grina bereziarekin (morboa ere izan daiteke) jo nuen “Bertsolari” aldizkariak udazkeneko zenbakian atera zuen Ane Zuazubiskarren “Milenial berantiarrak” izeneko erreportajera.

Zuazubiskarrek dioenez, bertsolari gazteak hiru esparru nagusitan mugitzen dira: Ernai (ezker abertzalea), Mugimendu Sozialista (GKS) eta mugimendu feminista. Eta esparru horietako bakoitzetik gaurko bertsolaritza aztertzeko balio duten lekukotasunak biltzen ditu. Anitza eta konplexua da puzzlea. Bakoitzak bere talaiatik aztertzen du egungo bertsolaritza. Lekukotasun batzuk gogorrak eta diskutigarriak izango dira, baina argiak eta zorrotzak. •