Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
ETWINNING LANKIDETZAN

Balioak oinarri, «herritar digitalizatuak izan daitezen eta baliabide digitalak zentzuz erabil ditzaten»

IKTen bidez lankidetza sustatu eta komunikazioa hobetzeko, eTwinning plataforma abiatu zuen Europar Batasunak. Hezkuntzan ikastetxeak, irakasleak eta ikasleak senidetzen dituen sare horren enbaxadore da Idoia Zapirain irakaslea. Aguraingo Aniturri eta Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeetako ikasleekin eta Europako beste ikastetxe batzuekin elkarlanean garatu dituen zenbait proiektu saritu dizkiote.

Idoia Zapirain, Koldo Mitxelena institutuko irakaslea, Gasteizko muinoan.
Idoia Zapirain, Koldo Mitxelena institutuko irakaslea, Gasteizko muinoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Europar Batasunak hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako duen programaren atal batek, informazio eta komunikazio teknologien bidez, irakasle-ikasleen arteko ideia trukea, lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea du helburu. eTwinning hezkuntza plataforma da, eta bertan hainbat proiektu egiten dituzte «ikasleak herritar digitalizatuak izan daitezen, baliabide digitalak zentzuz erabiltzen ikas dezaten», dio Idoia Zapirain irakasle pasaitarrak... «eta arabarra», zehaztu du berehala. Izan ere, 1987. urtean joan zen Gasteizera Filologia Ingelesa ikastera, ondoren Euskal Filologia ere egin zuen bertan eta harrezkero, Trintxerperekiko harremana utzi gabe, Gasteizen bizi da. Aguraingo Aniturri eta Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeetan egindako eTwinning proiektuetan zailduta, gutxik bezain ondo eman dezake Zapirainek plataforma horren nondik norakoen berri.

«2005ean sortu zen eTwinning eta 2014tik aurrera Erasmus+ programan dago. Europako sarerik handiena da, milioi batetik gora erabiltzaile daude erregistratuta; Estatuan, 86.500», azaldu du Idoia Zapirainek.

Ikasleen artean bezala, irakasleen artean ere beharrezkoak dira koordinazioa, elkar ulertzea, errespetua... «Guk ere ikasten dugu elkarrengandik, eta ez bakarrik erreminta digitalei dagokienez, baita metodologiari dagokionez ere».

Lortzen den komunikazioa erreala dela nabarmendu du irakasleak. «Ez da idazlan bat, esate baterako irakasleak irakurriko duena eta kito. Beren burua aurkezten dutenean, hori kanpora ateratzen da, beste batzuek irakurri edo entzungo dute, edo zure bideoa ikusiko dute. Ikas egoera sortzen da, errealitatetik abiatuta, praktikotasuna agertzen duena, jendaurrean hitz egiten ikasten dugu... Ikasleei gauzak hobeto egiteko gogoa pizten zaie... denetik dago, baina oro har interes hori badago».

eTwinning plataformako proiektu bat abiatzen duten gehienak ingeles irakasleak dira, baina beste irakasgai askotako irakasleek ere parte hartzen dute haietan; izan ere, proiektuotan antolatzen diren jarduerek hainbat diziplina uztartzen dituzte. «Ingelesa ikasi eta baliabide digitalak erabiltzen trebatzen dira, baina oinarria balioak dira».

eTwinning enbaxadoreak

Parte hartzen duten herrialde guztietan plataformak zenbait enbaxadore ditu, beste irakasleei laguntzen dietenak, eta laguntza hori antolatzeko, koordinatzaile bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, bederatzi eTwinning enbaxadore daude, tartean Zapirain. «Gure esperientzia besteekin partekatu nahi dugu, proiektu bat egin nahi duenak nola egin jakin dezan». Gainera, irakasleentzako jardunaldiak eta praktika onak ere antolatzen dituzte. «Azken batean, irakasleek formazioa jaso behar dugu, ezta? Irakasleek ikasleak formatzen dituzte, gure ikastetxean behintzat, eta plataformak guri ere eskaintzen digu prestakuntza».

Hainbat aplikazioz gainera, plataformak on line ikastaroak eskaintzen ditu, eta urtean behin atzerrian egiten diren ikastaro batzuetarako deialdi bat dago. Azaroan, horietako batean parte hartu zuten Zapirainek eta proiektukide batek, Portugalen, beste kide baten ikastetxean prestakuntza ematen.

eTRAIN

Irakasle bik sortu eta gidatzen dituzte proiektuak. 2020-2021 ikasturtean, Koldo Mitxelena institutuan, Zapirainek Katarzyna Siwczak Poloniako irakaslearekin batera gidatu zuen eTRAIN izeneko proiektua, iazko Europako saria irabazi zuena 16 eta 17 urte arteko kategorian. Biak dira proiektuaren fundatzaileak, baina, guztietan bezala, beste irakasle batzuk gonbidatu zituzten parte hartzera.

eTwinning plataformaren webgunea. (eTwinning)

Proiektu horren izena akronimo bat da: tolerantzia, errespetua, ekintza (arteari ere lotua), berrikuntza eta neticen (herritartasun digitala) hitzek osatua. Europako hainbat ikastetxerekin elkarlanean egindako proiektu hori tren bidaia jasangarri baten irudikapena da. Europan zehar antolatutako geltoki birtualetan nazioarteko ikasle taldeak zeuden eta hainbat erronka zituzten. Besteak beste, turismo jasangarria, segurtasuna, kultura eta ekonomia zirkularra landu zituzten modu entretenigarrian.

eTwinning proiektu guztietan bezala, lehen pausoa elkar ezagutzea da, eta maletak prestatu ondoren, lehenengo geltokian zabaldu zituzten, etxean, «betiere besteen ohiturak eta iritziak errespetatuz, norberarentzat normalak diren hainbat gauza bestearentzat beharbada ez direla halakoak kontuan izanda»; izan ere, kulturartekotasuna lantzen dute, besteak ezagutu eta ulertzeko xedez. Ikastetxea zen beste geltoki bat, eta ikastetxez aldatzeko aukera zuten, besteek beren ikastetxeen inguruan idatzitakoa irakurri ondoren. Komunikazio idatzia zen, baina gero bideokonferentzia bidezko komunikazioa ere antolatu zuten eta horrela ezagutu zuten elkar. «Beste geltoki bat gaur egungo gertakariena zen. Nazioarteko hamar taldek beren interes eta abilezien araberako taldeetan sartzeko aukera zuten: argazkigintzan, ingurumenean, teknologian... Eta beren gaiei lotutako berriak bilatzen zituzten; esate baterako, pandemia garaian, zientzia albisteak edo argazkiak, horiek partekatu eta iritzi kritikoa landu zuten. Horrela lortzen zuten ikasle aktibo eta kritiko izateko gaitasunak lantzea.

Pandemia garaian garatu zuten eTRAIN proiektua. Gasteizko ikasle eta irakasleak ikasgelan zeuden, maskararekin eta bestelako neurriak hartuta, baina beste herrialdeetako proiektukide gehienak etxean itxita zeuden, «eta horrek norberaren eta bestearen egoerez hausnartzeko bide ematen zien».

On the Spot

eTwinning sareak urtero gai bat gomendatzen du, hori lantzea derrigorrezkoa ez den arren. 2023rako “Ongizatea” proposatu dute gaitzat, pandemiaren ondorengo egoera ikusita. 2020-2021 ikasturteko gaia desinformazioa eta alfabetatze mediatikoa izan zen, pandemian agertu ziren gezur ugariak zirela-eta alfabetatze mediatikoa lantzeko beharra sumatu zutelako. «Estereotipoak oso kontuan izan genituen; esate baterako, LGTBI+ kolektiboaren egoera desberdinak, leku batean, arazoak arazo, normalizatze bidean eta beste batzuetan arazo ikaragarriak, askoz handiagoak dituztela».

Metodologia berriekin ikasle aktiboak izatea eta ikaslea erdigunera ekartzea lortu nahi dutela dio Zapirainek. «Bera da bere ikas prozesuaren protagonista eta arduraduna. Batak bestearengandik ikasten dute eta ikasketa prozesuaren inguruko hausnarketa prozesua egiten dute, non dauden, zer egin duten, zer behar duten, nora heldu behar duten... Jokoak ematen dizkiegu, baina eurek ere sortu izan dituzte, ikasleek ikasleentzat egindakoak».

eTRAIN proiektuko ikasleak Batxilergokoak ziren, baina sortu zituzten jokoak beste gela batera eraman zituzten; han Dibertsifikazio Kurrikularreko ikasleak zeuden, zenbait zailtasun dituztenak, eta haiek beste proiektu bat egiten ari ziren: On the Spot izenekoa. Proiektu horrek Estatuko saria jaso zuen; «beraz, iaz, urte berean, Europako saria eta Estatukoa irabazi genituen». Desinformazioaren gaia lantzeko, Batxilergoko joko horiek hartu zituzten, zein zen onena erabaki eta euskaratu egin zuten. Beste herrialdeetakoekin aritu zirenez, Bulgaria, Italia eta Malagako ikastetxeekin, haiek ere bulgarierara, italierara eta gaztelaniara itzuli zuten jokoa; horrela, albiste faltsuak antzemateko gida eleanitza egin zuten.

Beste hainbat proiektu

Koldo Mitxelena ikastetxea ez da berria diziplina arteko proiektuak egiten. «Proiektu berritzaile eta praktikoak dira, eta komunikazioa lantzen dugu. Guk, adibidez, aurreko batean Filosofia irakaslearekin landu genituen gaiak. Justizia eta injustizia, utopia eta horrelako kontzeptuak sartu genituen». Edo iragana eta etorkizuna, edo ametsak. «Iraganari buruz, herrialde bakoitzak garai bat aukeratu zuen. Guk, 1975-85 tartea; ez zen historia eskola bat, baina memoria historikoaz jardun genuen, esate baterako martxoaren 3az; Portugalgoek, Krabelinen iraultzaz; Pragakoek Pragako Udaberriaz, dagokion garaia aukeratuta, noski... Maiz pentsatzen dugu gazteek hori guztia badakitela, baina ez da horrela, memoria historikoa ez dute etxean jaso». Koldo Mitxelenan “Memoriaren harra” proiektua daukate, eta beste irakasgaietan ere lantzen dute «beste herrialdeetan ere garai hartan edo beste garai batean zer gertatu zen ikusiz, eta horrela ikasten dute, herrialdean herrialdekoek kontatuta; gainera, besteei galderak egiteko aukera daukate».

Idoia Zapirain (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Bigarren DBHn badute beste proiektu bat, Iruñeko Iturramako Institutuarekin lantzen ari direna. «Steam programarekin, zientzia, teknologia, matematika, eta artea ere sartzen dira, Esero Europako Espazio Agentziaren proiektuetako baten barruan. Fisika eta Kimikako irakasleak gidatzen du, baina marrazketa artistikoa, teknologia, biologia, ingelesa eta musika ere egiten dituzte. Curriculumean materialak sartzen direnez, horixe lantzen dute beste hainbat gairen bidez; esate baterako, zer material behar ditugu Marten etxe bat eraikitzeko?».

Koldo Mitxelenako beste proiektu bat, euskaraz eta ingelesez egina, Portugalera eraman zuten: Cansat. Freskagarri lata bat satelite bihurtu zuten. «Iruñeko Iturramakoekin afinitatea dugu eta Cansat proiektuan ere elkarrekin lan egin genuen, eta harreman aberasgarri horri eutsi nahi diogu». Badute lankidetza Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeen euskarazko proiektuetan -Euroeskualdekoetan- eta euskaraz egiteko aukera indartu nahi dute. «Ez da erraza, baina ahalegin guztia egingo dugu».

Sari gehiago

2013an, Aguraingo Aniturri ikastetxean kontsumo jasangarria lantzeko garatu zuten proiektu batengatik eskolarteko Consumer Classroom saria jaso zuen Zapirainek Kroaziako irakasle batekin batera.

2016-17 ikasturtean, bestalde, eTwinning Kalitate Zigilua irabazi zuen The Universe is Made of Tiny Stories egitasmoarekin. Horrelako sariak lortzeko langa oso gora dago: «eTRAIN aurkeztu genuenean, adibidez, 1.824 aukeratu zituzten; horietatik, 365; kopuru hori 82ra murriztu zen eta azkenean horietatik bost sari atera ziren, adinaren araberako bost kategoriatan, tartean eTRAIN». Zapirainek gogorarazi duenez, beste sari bat Berango Merana ikastetxeko Lehen Hezkuntzako irakasle Maite Elejaldek jaso zuen.

Baliabide digitalak, «neurrian»

eTwinning plataformak «plus» bat daukala dio Zapirainek: «Oso segurua da». Kontrol handia dago eta edonor ezin da hor sartu. Badago proiektua gonbidatu gisa ikusteko aukera, pasahitza eskuratuta, baina lan egiteko eta ikasleekiko harremana izateko, ez.

Hiru eremu daude: ikastetxea izan daitekeen ataria, edonork irakur dezakeena eta informazioa ematen duena; irakasle gela izan daitekeen atalera irakasleak bakarrik sar daitezke, eta hirugarren atarira irakasleek erregistratu dituzten ikasleak baino ezin daitezke sar. «Azken horretan proiektu bakoitzak bere gela birtuala du, foro bat da, baina badakite ez dela whatsapp edo TikTok. Gero harremanetan jarraituko dute, eta adiskidetasunak egingo dituzte, baina plataforma ezin dute edozertarako erabili». Hau da, erabilera arduratsuaren kontzientzia hartzen dute.

«Pantaila aurrean ordu asko ematen dituztela? Jakina, ikastetxetik kanpo asko, telefonoarekin batez ere, baina ez eurek bakarrik, nagusiok ere bai, eta debekua ez da soluzioa. Adibidez, adimen artifiziala, idazlan bat egiteko, zer egin behar da? Debekatu? Ez, ikusi behar da nola erabili gure lana hobetzeko. Baliabide digitalak ondo erabilita onak dira, baina gaizki ere erabiltzen dira. Gauza guztiak bezala, beren neurrian erabili behar dira».