Itziar ELIZONDO IRIARTE
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Txip eta txat

Adimen artifizialak oraindik ez daki ondo euskaraz: edukiak behar ditu ikasteko.
Adimen artifizialak oraindik ez daki ondo euskaraz: edukiak behar ditu ikasteko. (GAUR8)

Pantaila zuriaren aurrean zutabearen hasierari nola heldu erabaki ezinik, googlera jo eta, azken boladan ohi denez, berriro ere ChatGPT-i buruzko artikulu batekin egin dut topo.

Gogaikarri dabil algoritmo madarikatua, ondo baino hobeto baitaki han hemenka nabilela komunikazio, marketin eta idazketarekin lotutako saltsetan.

Tira bada, zeure atzaparretan nauzu azkenean, atentzioaren lapur halakoa.

Aplikazioa ireki aurretik, baina, amesgaizto distopiko moduko bat dabilkit burmuinean barrena. Nik ez dut horren inguruan interes handirik izan, ez dut inon klikatu, eta beraz, cookiek ez diote algoritmoari informaziorik bidali. Gai da izaki informatiko hori jakiteko nik horren berri izan nahi dudala nik neuk erabaki aurretik? Reset egin pentsamenduari, arrazionaltasun txipean jarri eta neure buruari esan diot, ez bada, dena probabilitate kontua izango da. Eta pixka bat lasaitu naiz, baina ez gehiegi.

Horregatik, kontua ireki eta GPTkin txateatzen hasi aurretik, badaezpada ere, «adimen artifiziala euskaraz» idatzi dut bilatzailean. Bertan berezuma.com helbidean Beñat Erezumak sortutako edukiak ikus daitezke, tartean adimen artifizialarekin egindako podcast bat. Webguneko bideoetan azalpen ugari daude teknologia horren erabilpenari buruz. GPT eredu bat da hizkuntza iragartzeko; txateatzen diozu zer nahi duzun (azalpen zehatz bat, gomendio bat, are istorio bat) eta ziztu bizian erantzungo dizu. Aplikazioaren sortzaileek erabat asmatu dute datuak eta informazioa txat moduan erakutsiz, gizakiok elkarrizketekin harrapatuta baikaude. Horrez gain, burmuin erraldoi horrek guk baino hamaika milioi datu gehiago dituenez, elkarrizketaren ondorioz ateratzen den testuaren “originaltasuna” guk egiten dizkiogun galderetan datza. Zeren eta, sortutako testua fintzeko, behin eta berriz galdetu beharko diogu hark idatzitakoari.

Burmuina ez dago behar bezala entrenatuta gure hizkuntzan, gutxi irakurri duelako oraindik euskaraz, eta horren ondorioz, euskara kaskarrean erantzuten du. «Zer behar du ChatGPTk hobeto idazteko euskaraz?», galdetu diot.

«Euskarazko testu estilo eta genero desberdinetatik jasotako informazioa izan behar du, horretan entrenatuta egon ahal izateko», erantzun du.

Inteligentzia artifiziala trebeagoa izan dadin euskaraz datu dosi gehiago behar ditu. Datu iturriak batik bat sarean dauden edukietatik hartzen dituenez (wikipedia, liburu elektronikoak eta testu literarioak, albiste eta aldizkarietako artikuluak, web orriak eta blogak, sare sozialetako iruzkinak eta abar), txipa honetan jarri behar da: etorkizunak euskaraz hitz egin dezan, pertsonok eta inteligentzia artifizialak egun dauden baino askoz ere testu gehiago behar ditugu sarean. •