Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Badakizu, badakigu

Badakizu zergatik dugun burua borobila, askotan aipatu dizut: biribilgunean autoen zirkulazioa nola, gure buruan ere ideiak eta eskemak zirkulatu eta behar denean norabidez aldatu ahal izateko. Eta ez ahaztu, egoera beltz eta beldurgarrienean ere, ezin garela erdia baino harago barneratu, jadanik ateratzen ariko ginatekeelako. Badakizu aurremilitantziako mahai haietan ikasi genuena: taktika eta estrategiaren arteko benetako ezberdintasuna, alegia, zeregina dagoenean zer egin jakitea dela taktika eta estrategia, aldiz, zereginik ez dagoenean zer egin jakitea. Taktikoa bere elementuan eroso dagoela mehatxuen aurrean erreakzionatzeko, erasoei erantzun behar zaienean. Baina ortopediak ere badituela, mugimendurik ez dagoenean, ekin behar denean eta ez soilik erreakzionatu, nola aurreratu ez dakiela. Zereginik gabeko faseetan asmatzeak aspirante eta irabazleen arteko ezberdintasuna finkatzen duela.

Badakizu zalaparta eta marmarra ez dugula falta euskal politikan, ezta sortzen den kakofoniaren inguruko kezka, islatzen duen arduragabekeriaren inguruko tristura, eta gure gainera amiltzeko aukeraren beldurra ere badagoela. Isiltasuna ere behar dela, lasai-lasai gelditzen jakitea, begirada eguneroko ohikeriatik altxatu eta urrutiko horizonte sakonetara jotzea. Isilik egon eta isiltasuna probokatu, etenak kudeatu eta momentu egokia itxaron; zuhurtzia eta pazientzia, hitz egokiarekin bezala, erabaki eta ekintza aproposekin asmatzeko.

Badakizu isiltasuna ez dela hutsunea, ez dagoela hutsik, ez dela basamortu idor bat, ez dela ahanztura ezta iluntasuna ere. Goxo-goxo sentituz, bizitza irakurtzeko eta berrirakurtzeko espazioa dela, pentsamenduaren aire librearen arnas-leku, sormenaren eta ametsaren itsaso irekietarako arraun. Politika egiteko ere, trebetasunaz erabilita, sorpresa eragiten du, atentzioa ematen du, atsedena eskainiz, giroa baretuz, hausnarketa sustatuz. Eta hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi dituen euskal oilategi politikoan behar dela, bai.

Badakizu ez dela erraza oreka bilatzea. Soluzioak emateko tenplea, sentsibilitatea eta zentzu ona izatea; eta, bestetik, aberriaren aldeko lanak eskatzen dituen tentsioa, antagonismoa eta intentsitate altua ez galtzea. Ez da erraza errealitate aldakorrari zentzu pragmatiko batez oratzea, erantzun praktikoak ematea, eskuekin oratu daitezkeen lorpen eta elkartasuna eskaintzea, eta, era berean, printzipio eta idealetan sendo mantentzea, horiek galduta den-dena galduko genukeela eta ezerezean urtuko ginatekeela badakizulako. Ez da erraza. Eta badakizu, ez dago besterik: asmatu egin behar da. Asmatu, erabaki zuzenak hartzen; asmatu, existitzen ez diren formulak asmatzen.

Badakizu aldaketa dela existentziaren oinarrizko forma eta aldaketa oro susmagarria izan ohi dela, ia-ia iraganeko krimen bat. Gauza asko aldatzen ari dira denbora laburrean eta askoz ere gehiago aldatuko dira, inork kontrolatzen ez duen pronostiko idatzirik gabeko abentura honetan. Aurkikuntza etengabean sartuta gaudela, eta gauzak norabide egoki batean aldatzeko indarrak ongi artikulatzen eta funtsezko funtsaren funtsean ongi kontzentratzen asmatu beharko dela.

Badakizu aurremilitantziako gure irakaspen haiek beti presente gorde behar ditugula: printzipala eta bigarren mailako kontraesanak ongi ezberdinduz. Politika degradatzen, zatiketa sakontzen eta amildegia irudikatzen, gure herriaren aldeko konpromisoa hondatzen duten lokatzetan aztarrika ibiltzeke. Euskal politika guztiz blokeatua eta polarizatua, toxiko eta nazkagarri egiten interesatuak direnen trapuetara sartzeke. Eta erakutsi zenidan ideiari beti leial eutsi behar zaiola badakizu: jendearekin, bakarrik jendearekin eta beti jendearekin egin ahal dela, besterik ez dagoela. •