KIROL EGOKITUAREN UDABERRIA

Aukerak loratzen doaz baina baliabideak behar dira aukera-berdintasuna ereiteko

Kirolak irribarre guztiak behar ditu, baina bide luzea falta da benetako aukera-berdintasun horretara heltzeko. Baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak behar dira desgaitasunei eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko, eta apustua ondoko kiroldegitik hasten da.

Azken hamarkadetan biderkatu egin dira kirol egokitua praktikatzeko aukerak. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan, adibidez, hainbat praktika bultzatzen dira. Irudian eskubaloi partida bat Zarautzen.
Azken hamarkadetan biderkatu egin dira kirol egokitua praktikatzeko aukerak. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan, adibidez, hainbat praktika bultzatzen dira. Irudian eskubaloi partida bat Zarautzen. (KIROL EGOKITUEN GIPUZKOAKO FEDERAZIOA)

Arku-tiraketa, atletismoa, arrauna edota badmintona bezalako kirol diziplinak topa daitezke, besteak beste, kirol egokituen federazioetan. Duela ez hainbeste ezinezko zirudien hori posible egin dute eragile askoren ahaleginek, desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bultzada jarraituz, neurri handi batean. Esfortzu kolektibo horri esker, kirola praktikatzeko mugak ezabatzen hasi dira, baina bide luzea geratzen da, oso luzea, benetako aukera-berdintasun egoera batera heltzeko. Erronka nagusia hor dago.

Adimen-desgaitasuna, mugitzeko zailtasunak... Desgaitasunen munduan dauden egoera anitz horiek kirol praktikan erantzuna aurkitzean datza gakoa, eta aniztasun horri erantzutea borondate eta baliabide kontua da. Lehenik, mendekotasuna duten pertsonen artean oso autonomia maila desberdinak daudelako. Mendekotasun mailaren arabera, halaber, laguntzaileen beharra egon daiteke, egokitutako materialaren eta ekipamenduen premia bereziak... Kirol guztiak praktikatzeko baldintzak, bestalde, ez dira berdinak, baina aukera-berdintasuna bermatzeko, premia fisiko edota psikiko horietara egokitutako eskaintza bat ere bermatu behar da.

Bistakoa da erronkaren neurriko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak beharko direla irisgarritasun maila bera ziurtatzeko, baina behar diren inbertsio ekonomikoen eskutik zaintzak, profesionaltasunak eta formazioak joan behar dutela azpimarratu dute eragileek.

Egunerokoan ematen diren zailtasun horietara hurbiltzeak zenbait egoera argi ditzake. Bizkaian aurkitutako egoera bat, adibide gisa. Surf inklusiboa praktikatzen zuen lagun talde batek, harik eta programaren finantzazioa desagertu zen arte. Bilbao Surf Film Festival-en surf egokituari eskainitako espazio batean azaldu zen kirolari horien esperientzia. «Hemen gaude ikus gaitzaten, gure beharrak ikus daitezen eta edozertara iritsi ahal izateko laguntza hori erreibindikatzeko, gu ere gizartea garelako eta ez delako bidezkoa gizartearen zati bat surfa bezalako kirol bat praktikatzetik baztertzea. Frogatu dugu egia dela [surfa] kirol inklusiboa dela», adierazi zuen parte hartzaileetako batek.

Azaldu zutenez, behar dituzten ekipamenduak falta dira: aldagelak, hondartzak irisgarriagoak egiteko konponbideak... eta kirola egiteko tresna egokituak. Material horrek izugarri igotzen du praktikaren kostua, ezinezkoa egin arte laguntzarik ez dagoenean. Taldeko beste kide batek adierazi zuenez, «ez da bakarrik eskola kostatzen zaiguna: hondartzara heltzea ere kostatzen zaigu».

Inklusioaren argazki preziatua

Kirol egokituaren egoeraren begirada orokor bat bilatu du GAUR8k Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan (GKF), Bizkaiko esperientzia horri erreparatuta eta, oro har, kirol egokituak bizi duen unea testatzeko. Alicia Figueroa de la Paz federazioko zuzendari teknikoaren hitzetan, aldaketa-aro batean dago kirol egokitua, aukera askorekin eta arriskuekin benetako helburutik desbideratuz gero. Kirol munduan irisgarritasuna bermatzea dago zerumugan. «Kirolak irribarre guztiak behar ditu», du lelo Gipuzkoako federazioak.

Pilopta egokituko pala partida bat (KIROL EGOKITUEN GIPUZKOAKO FEDERAZIOA)

«Azken bost urte hauetan boom moduko bat egon dela dirudi; oso ondo dago, kirola egiteko aukerak sor daitezkeelako, eta horixe axola zaigu guri, kirola egiteko eskubidea. Baina arrisku bat egon daiteke. Izan ere, hain modan dagoenez, kirol egokitutzat hartzen da dena eta desgaitasuna duten pertsonen argazkia oso gozoa da», azaldu dio GAUR8ri. Kirol egokitua ikurra izatetik errealitatea izatera dagoen aldean jarri du Figueroa de la Pazek azpimarra.

Hainbat errealitateri buruzko informazio eta ezagutza falta dago, bere iritziz: «Desgaitasunaren inguruan, alde batetik, eta mendekotasunak suposatzen duenaren inguruan, bestetik; desgaitasun bat duen pertsonak autonomia maila handia izan dezake, baina mendekotasuna duenak beste beharrizan batzuk ditu, guztiz ezberdinak izan daitezkeenak».

Ohartarazi du, halaber, zaurgarritasun egoeran daudenentzako proiektuak benetan pertsona horiengana heltzen direla ziurtatu behar dela, haien bizi kalitatea hobetzen dutela, «inor atzean utzi gabe».

Politikari eta teknikarientzako deia da bereziki, «formatzeko eta informatzeko, bereizten ikasteko, eta zer behar dauden jakiteko». Erantsi duenez, urratsak egin baino lehen ondo legoke kirol egokituaren munduko pertsonei zuzenean galdetzea.

Kirol egokituaren inguruko begirada orokor hori eskatuta, Miguel Rodriguez Trias Nafarroako Kirol Egokituen Federazioko presidenteak berreskurapen une bat ikusten du pandemiaren ostean. «Pandemiaren garaian lizentzien zifra okerrenak egon ziren, oso baxuak, baina pandemia aurreko jarduera berreskuratzen ari gara, 2019ko egoerara hurbiltzen, eta erronka berriak zehazten ari gara».

«Igeri egiten jarraitu ahal duzu»

Desgaitasuna duten pertsonen taldeak eta norbanakoak berezko federazioaren parte izatera igarotzeko joera orokorra nabarmendu du Rodriguezek. «Neguko kirolen kasuan, adibidez, eta horren barruan dagoen egokitutako eskiarenean, epe laburrean eskiko federaziora pasatuko da. Esan dezakegu “gainetik” kenduko dugula, baina adi egongo gara eta horren sustapena bultzatuko dugu betiere».

Rodriguezek gehitu duenez, zenbait kirol egitea konplexua izan daiteke, behar dituzten baliabideengatik, eta hor instituzioen laguntza funtsezkoa da, baina giza baliabideen kasuan, boluntarioak dira ardatz nagusia Nafarroako Federazioan. «Gai konplexua da, baina ez da federazioan daukagun arazo nagusia. Nahiko ondo moldatzen gara: pertsona batek korrika egiteko laguntza behar badu edo itsuentzako tandem batean pilotua behar bada, adibidez, beti dago lagun dezakeen jendea».

Finantzaketari dagokionez, hain zuzen, gastu orokorretarako laguntzan izandako jaitsierari aurre egitea da erronketako bat Nafarroan. «Nahiko egoera onean gaude, baina defizitak sortzen dizkiguten jarduerak daude; Nafarroako Gobernuaren gastu orokorretarako laguntza jaitsiko da, eta horri aurre egin beharko diogu ekonomikoki».

Haurrek lehiatzeko aukera izan dezaten espazioak sortzea da helburua (KIROL EGOKITUEN GIPUZKOAKO FEDERAZIOA)

Nafarroako Federazioan erronka nagusia, hala ere, desgaitasun fisikoa duten pertsonak kirolera erakartzea da. Rodriguezek azaldu duenez, arlo horretan, Maria Txibiteren Exekutiboarekin eta Miguel Indurain Fundazioarekin ari dira gaia lantzen. «Desgaitasun fisikoa dutenen artean, gerora sortutako urritasunak dituzten pertsonak dira gehienak; istripuen ondorioz, esaterako. Baliteke horietako batzuek istripuaren aurretik kirol bat egin izana eta horrela ez bada ere, pertsona horiei mezu argi bat helarazi behar zaie hau esanez: ‘Igeri egitea edo eskiatzea gustuko bazenuen, igeri egiten edo eskiatzen jarraitu ahal duzu’».

Kirol egokituaren sustapen hori oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Nafarroako Osasun Institutuaren bidez kudeatzeko aukera dagoela uste dute, informazioa helarazteko, parte hartzea sustatzeko...

Laguntza dolu prozesuetan

«Ezagunak dira kirola egiteak osasunerako dituen onurak, baina desgaitasuna sortu zaien pertsonen kasuan, kontuan hartzekoa da errehabilitazio fisiko eta psikologikorako duten ahalmena, baita bizitza berrira egokitzeko prozesuan ere». Zehaztu duenez, elkarteetan egin behar dute informazioa zabaltzeko ahalegin hori, baina baita osasun eta gizarte langileekin ere, desgaitasuna sortu zaion pertsonarekin aukera hori lantzeari begira: «Desgaitasunean, batzuetan, igaro behar den dolu prozesua dago, eta kirolak bat egin dezake horrekin guztiarekin; dolu prozesu hori gainditzen lagun dezake, alegia».

Lehiaketatik harago, kirola egiteko orduan inguruan dauden aukerei erreparatu beharra planteatu du Figueroa de la Pazek, hainbat pertsonak bidean aurkitzen dituzten zailtasunez jabetzeko. «Pentsa ezazu nola dagoen gertuen duzun kiroldegia», gogoratu du. «Desgaitasuna dutenen artean badaude autonomoak diren pertsonak eta mendeko direnak. Zer nolako arreta jasoko du pertsona horrek igerilekuan sartu nahi badu? Zer baliabide ditu kiroldegi horrek pertsona horri behar duen arreta emateko?», gehitu du. Aldagelak erabiltzeko orduan, era berean, behar zehatz batzuetara egokituta egon beharko lirateke, arropa aldatzeko orduan edo komuna erabiltzen laguntzeko. «Hori guztia oso serio hartu behar da. Non daude udal begirada duten politikak kirol jarduera bat praktikatu nahi duten eta desgaitasuna duten pertsonentzat?».

Aukera-berdintasuneko agertoki horretara heltzeko aurrerapen teknologikoek zeregin garrantzitsua jokatu dute, zalantzarik gabe, baina teknologiak ezin du pertsonek ematen duten arreta ordezkatu, ohartarazi du teknikari gipuzkoarrak.

Teknologiak nabarmen hobetu du bizi kalitatea, dioenez. «Gauza asko irauli ditu, baina askotan pertsonen kontratazioa saihesteko erabiltzen da, eta pertsonez arduratzen diren pertsonen lanpostuak behar ditugu guk. Eta bitxia bada ere, beti gauza bera gertatzen da: sektorearen gehiengoa emakumeak dira».

Oro har, gauza askotan aurreratu da azken 20 urteetan. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats handiak egin ditu kirol egokituaren arloan, Figueroa de la Pazek nabarmendu duenez, baina hobetzeko tarte handia dago, bere hitzetan: «Mendekotasunaren ingurukoa inbertsioa da, ez gastua». Eta proiekzio handia du gizartean, «jendearen eta haren familiaren bizi kalitatea hobetzen baitu».

Ezberdinari ez zaio kasu egiten

Desgaitasunak gizartean duen inpaktua azpimarratu du teknikari gipuzkoarrak. Zehaztu duenez, «Gipuzkoan bizi garen 717.000 bat lagunetatik 63.000k desgaitasunen bat dute baloratuta; horien artean, mendekotasuna duen jende asko dago eta horrek askoz inpaktu handiagoa du familian». Mendekotasunak eragindako familia horiek guztiak eta, gainera, buruko osasunaren bilakaera eta nahasmendu eta gaitzetan izaten ari den igoera kontuan hartuz, gizartean oso inpaktu zabal bat duen errealitate baten aurrean gaudela dio. Hala ere, «ezberdinari ez zaio kasu egiten; berdin dio desgaitasunagatik, pobreziagatik edo zaurgarritasun egoeran egoteagatik den ezberdina. Ez da posible udalerri aberatsetan ekitate printzipiorik ez izatea», planteatu du Gipuzkoako Federazioko ordezkariak.

Irudian, Boccia 2022-2023 Nafarroako txapelketako hirugarren jardunaldia (NAFARROAKO KIROL EGOKITUEN FEDERAZIOA)

Desgaitasuna duen eta kirola egin nahi duen pertsona batek izan ditzakeen espektatibez galdetuta, gomendio zehatz bat egin du Figueroa de la Pazek: «Informazioa bilatzea da lehenengoa». Horri begira, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan orientazio zerbitzu bat dute, eta kasu horietan inguruan dauden aukerak aztertzea da lehen urratsa, azpimarratu duenez.

Eskola munduari begiratuta, aurrerapen asko egon da inklusioari dagokionez, baina ikastetxeetatik kanpo «ez dugu mendekotasunaz ezer jakin nahi izaten», hausnartu du gipuzkoarrak aurrean dagoen beste erronka bat aipatuta.

Eskola munduarekin lotuta, hein handi batean, kirol egokituen gida argitaratu du Gipuzkoako Federazioak erakundeen laguntzarekin, beharrezko ikusten zutelako formatzea eta jarduera fisiko inklusiboaren analisi argigarri bat eskaintzea.

Fokua, ariketa fisikoan

Eskola kirola aipatuta, Estatu espainiarrean laster indarrean sartuko den legea aipatu du Figueroa de la Pazek, «aurreko legean ez bezala, fokua askoz era nabarmenagoan jarriko delako ariketa fisikoan, lehiaketan jarri ordez». Izan ere, «gauza asko iraultzera dator maila askotan, batez ere berdintasunaren eta aniztasunaren ikuspegitik. Ez da panazea, baina erabateko aldaketa planteatzen du». Hala ere, faltan botatzen ditu «lege horiek kudeatzeko planak».

Gipuzkoako Foru Aldundia kirola inklusiboagoa eta hezitzaileagoa izan dadin egiten ari den ahalegina azpimarratuta, mundu horretan formazioa behar dela uste du zuzendari teknikoak, baita giza baliabideak ere. Federazioan bertan eskola kirol egokituan lan egiten ari dela nabarmendu du, tratu indibidualizatua emanez. Herrialdeko zazpi eskualdetan berariazko espazioetan ari dira lanean, «inor kanpoan gera ez dadin».

Adierazi duenez, une ona da, jende askok gauzak egin nahi dituelako eta hori ondo dago, baina baliabideak mugatuak dira. Lehiaketa arlo deigarria da, baina lehenengoa da desgaitasuna duen haur bati lehian aritzeko aukera bermatzea. Askatasun hori izatea eta ibilbide bat jarraitu ahal izatea oso garrantzitsua da. Hori lan handi bat egiten ari diren kluben bidez egiten da, baina arreta behar dute aldagelan... Kirola praktikatzen hastea urrats bat da, eta lehiatzeko aukera izatea, beste bat, eta horretarako hainbat beka daude; teknifikaziokoak, kasu. «Teknifikazio proiektu zehatz bat daukagu guk, bekarik ez dutenei laguntzeko. Zaila da, desgaitasunaren mundua anitza delako. Eta horrez gain, estimulazio goiztiarra dago, adinekoentzako programak eta behar eta kirol helburu ezberdinak», zehaztu du gipuzkoarrak. Azpimarratu duenez, eskola eta talde askoren lan konprometitua dago kirol egokituan.

Nafarroan, hainbat lan ildo dituzte kirolera sartzeko lehen urrats horietan laguntzeko; hainbat kiroletan aritzeko eta adin ezberdinetara zuzenduta, hain zuzen. Errendimenduko saioak daude, baita integraziora bideratutako programak ere. Horietako asko kirol federazioek eurek bultzatzen dituzte. Miguel Rodriguezek ohartarazi duenez, benetako inklusioa desgaitasuna duten pertsonak eta halakorik ez dutenak elkarrekin aritzeko aukera izatea da. «Federazio batek kirol inklusiborako programa egiten badu, adibidez, eta adimen-desgaitasuna dutenak aparte badaude, hori ez da inklusiboa izango; gauza da saiatzea kirolariak batera aritu ahal izan daitezen», planteatu du Nafarroako Federazioko presidenteak.

 

OLATU GAINEKO AHALDUNTZE-TESTIGANTZAK ETA ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZA ESKAERA

Surf inklusiboari eman dio hitza azken edizioan Bilbo eta Getxo artean egindako “Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival”-ek, hainbat proiekzio eta kirolarien testigantzak bildu zituen mahai inguru batean. Hizlarien artean, aurpegi ezagunak: Aitor Frantsesena ‘Gallo’, Paloma Oñate, Joseba Mercader eta Xabier Aiestaran. Eta haien ondoan, surfa egiten duten kirolariak, erakundeei eta enpresa babesleei zuzendutako mezu argi batekin: «Behar desberdinak ditugu, eta ez da bidezkoa horregatik uretara gainerakoak bezala sartu ezin izatea».

Izurdeak taldeko kideek bizi duten egoera azaldu zuten. Surfera hurbiltzeko aukera izan zuten beka programa baten aterkipean. Kontatu zutenez, «gogoa» loratzen ikusi zuten; praktikak ekarri zien laguntasun sentsazio handiaz hitz egin zuten. «Surfa egiten hasi ginen eta ikusi genuen gustatzen zitzaigula», komentatu zuen hizlarietako batek; berari suposatzen zion erlaxazioa aipatu zuen beste batek. Surfa osasuna zela ikusi zutela gaineratu zuen hirugarren batek.

Surfaren inguruko filmen jaialdian surf egokituari eskainitako espazioa, irudian. (LABORAL KUTXA BILBAO SURF FILM FESTIVAL)

Surfa praktikatzea ahalbidetzen zuen proiektuaren finantzaketa bukatu egin zen, ordea, eta harekin batera, praktikatzeko aukera ere desagertu da jende askorentzat. «Jarraitu dezakegu surfa egiten, baina eragozpena da fundazio bat arduratzen zela eskolez, eta era horretara, alabak eta gainerako neska-mutilek eskolak zituzten», azaldu dio GAUR8ri Sonia Taboada Izurdeak taldeko kideak.

Era indibidualean praktikatzeak, inongo laguntzarik gabe, izugarri igotzen ditu kostuak; ohiko eskola batek daukan kostuaren bikoitza edo hirukoitza izan daiteke, dioenez.

Flotagarritasuna duten jantziak, zabalera bereziko taulak edo bestelako egokitzapen teknikoak dituzten materialak... behar izaten dituzte edota begirale bat ondoan. Eskola batzuek jantzi eta taula bereziak izaten dituzte, baina beste batzuek ez dute halakorik izaten, dioenez, eta desgaitasunaren barruan egon daitezkeen behar ezberdinak nabarmendu ditu. Sonia Taboadak zehaztu duenez, taldean zeuden hamazazpi lagunetatik bizpahiruk baino ez dute surfa egiten jarraitzeko aukera izan. Eta ez dira bakarrik baliabideak; hondartzen erabilera ere hartu behar da kontuan, surfa egiteko baimenak...

«Bizkaiko hondartzei dagokienez, neguan dituzten berezitasunengatik, gure haur gehienek ezin dute joan, eta hondartza horretan bertan zuk hartu duzun eskolak lan egiteko baimenik ez badu, oso konplikatua da dena».

Nabarmendu du material egokitua finantzatzeko beharra dagoela, eta behar hori helarazi nahi dietela instituzioei, eskuragarriago egiteko: «Ezer gutxirako balio du ez dakit zenbat psikologo eta terapeutarekin ikerlan bat egiteak gero horrek lurra hartzen ez badu, erabiltzaileek zailtasun hauek guztiak aurkitzen badituzte, materialik ez badago, formaziorik ez duten pertsonak badaude... Futbolean, adibidez, zailtasun gutxiago egon daitezke, kirol irisgarriagoa izan daiteke, begirale baten beharrik behar ez duena agian; surfean, aldiz, konplexuagoa da dena, baina aldi berean, Bizkaiko kostaldea surfaren erreferente gisa saldu nahi bada...».