Asier AIESTARAN

Aranzadi

Iragan abenduaren erdialdera arte ez nuen inoiz Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostian duen egoitza zapaldu. Are gehiago, ez nekien egoitza non zuten ere. Noski, Aranzadik egindako lanen berri banuen, baina ez nuen elkartearekin harreman zuzenik izan neure kazetaritza ibilbidean. Azken bost hilabeteotan, ordea, hiru aldiz joan naiz Zorroagagaina kaleko egoitzara elkarrizketak egitera.

Ez naiz lerro hauetan 75 urte baino gehiagoko historia duen elkartearen lanak goraipatzen hasiko. Aski ezaguna da hainbat eta hainbat zientzia diziplinatan egin duten ekarpen miresgarria, baita historia eta kultura ondarea kontserbatzeko egin duten lan eskerga ere, baldintzak zailak izan arren.

Baina azpimarratu nahi nuke arlo guztietako zientzialari eta ikerlariek eskuak zabalik hartu nautela joan naizen bakoitzean. Kazetari ezjakinaren galderei pazientzia handiz erantzun diete beti, hartu beharreko denbora hartuz, eta ikertzen duten gaiaren konplexutasuna nabaria izan arren esfortzua egin dute beren lana egoki gizarteratzeko.

Ziur naiz EAJ edo PSEko edozein kidek Aranzadirekin harremanetan jartzeko asmoa izan balu, erabaki bat edo beste eztabaidatzeko, elkarteak ez zukeela inolako trabarik ipiniko. Aldiz, bi alderdi horien benetako helburua EH Bildu higatzea izan da. Horretarako Aranzadi erabiltzeak, ordea, kanpaina penagarri hori abiatu duena uzten du ipurdi bistan, eta ez alderantziz. •