Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Aldaketena

Gizonezko bat, hauteskundeetako kartel bati begira.
Gizonezko bat, hauteskundeetako kartel bati begira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Barraskiloak ginen azkarrago bizi ginen garaietan. Bizkarrean kabitzen zitzaigun habia. Ginen guztia. Arropak, pare bat liburu, argazkiren bat eta hortzetako pasta eta zepiloa. Kito.

Gaueko autobusetan zeharkatzen genuen herritik herrirako distantzia; edozein ohetan hartzen gintuen loak eta, oherik ezean, edozein banku edo belazerekin ere konforme ginen. Edonon baikeneukan lagunen bat, edonoiz, ostatua eskaintzeko prest.

Pixkana pisuz pilatu zitzaizkigun bizkarrak. Ugaritu egin ziren arropak, gizendu liburuak, eta garbitzekoei sendagaiak erantzi genizkien. Xaboia eta hortzetako pasta soilik zirenei betaurrekoak batu zizkien gure helduaro miopeak, edo lentilak, likidoak, tenperatura aldaketa ñimiñoenak pitzatzen digun azalarentzako ukendua, noizbehinkako ajeentzako medizinak.

Gero eta espazio handiagoa hartzen zuen ginenak. Motxila bat ginen aurrena, gela bat ondoren, eta etxe bat azkenean. Interneteko atarietan eta higiezin agentzien erakusleihoetan erre genituen begiak gure patriken itogin eta guzti abaro emango zigun zerbaiten bila. Eta behin aurkitutakoan, han joango ginen etxea ezagutzera.

Sartu eta etxe hutsaren hormetan oihartzun egingo zuten gure urratsek, aurretik bertan bizi izan zirenen usainen aztarnak atzemango genituen lixibaren perfumearen arrakaletan. Gure ondasun apurrak kokatu arren erdi hutsik segituko zuen etxeak. Objektuz objektu zabalduko genuen ginen hura. Azkenean, gure gorputzaren usainak etxeko horma, armairu eta baxerara itsatsita geratuko ziren.

Sekula beteko ez genuela uste genuen leku hartan gainezka egingo genuen. Eta aldian-aldian, berriz miatuko genituen higiezinen agentzien erakusleihoak, sekula ordaindu ezingo genituzkeen etxeen iragarkiak ia ukitzera helduko ziren gure begiak. Zer da, bada, biolentzia, gose denari sekula ahoratuko ez duena parean jartzea ez bada.

Halako batean, ozta-ozta ordaintzen genuen alokairua garestitu zigutelako, edo ustekabeko mahukaren batekin topo egin genuelako, etxez aldatzea erabakiko genuen. Eta etxe aldaketaz etxe aldaketa, mudantzaz mudantza, are pisutsuago egingo zitzaigun ginena; objektu gehiago pilatuko genituen gure barraskilo-oskolaren barruan. Etxe batetik besterako trantsizioan, hilabeteetan aterpetu gintuen etxearen gainbeheraren lekuko izango ginen: hezetasun arrastoak sabaian, sartu ginen egunean egin arren ordura arte ezkutuan egon zen marka armairu ertz batean, maratila askatuak ateetan eta tantaka odolusten diren kanilak. Datorrenaren distiraren parean, are itzalago uztera goazen oskola.

Ez dakit zergatik den, baina gauza bera gertatzen zait hauteskundeetan hautagaien kartelak iristen zaizkidanean. Etxe hau zein agentziarena den ez dakit oraindik, ordea. •