Juantxo EGAÑA

Bixente Amestoy margolaria, Joseba Olalde Azkorretaren kameratik

(JOSEBA OLALDE AZKORRETA. OLALDE FAMILIAREN FUNTSA.)

Joseba Olalde Azkorreta argazkilari gasteiztarra bat-batean hil zen 2004an, 45 urterekin. Aitaren eraginez, oso gaztetan hasi zen irudiaren munduan murgiltzen. 1982 eta 1984 artean Londresko Camden Institute-n argazkigintzan trebatu zen. 1988tik aurrera prentsarekin kolaborazioak hasi zituen, lehenik Eginen eta geroago Euskaldunon Egunkarian. Hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen: Argia, El Tubo, Resiste... Urte haietan, Hertzainak, La Polla Records, Negu Gorriak, 7 Eskale, Soziedad Alkoholika eta antzeko taldeak erretratatu zituen bere kamerarekin. 1990ean Eusko Jaurlaritzak antolatutako Sustatu sarien deialdian prentsako lehen saria eskuratu zuen. Bere argazkiek joan den mendeko 90eko hamarkadan argitaratutako Arabako kartel turistiko asko ilustratu zituzten. Josebaren lanik garrantzitsuenetako bat Arabako Errioxako Remelluri upategiaren enkargua izan zen, mahastiei eta upategiko lanari argazkiak ateratzeko. Joseba hil zenean argitaratu zen lan hori, Nestor Basterretxearen sarrera batekin eta Jon Maia, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren testuekin. Artikulua ilustratzen duen irudia Bixente Amestoy margolariaren erretratua da, 90eko hamarkadan Remelluriko ermitan pintatzen aritu zen urteetan. Argazkilariarentzat posatzen, bere "Paradisua" obraren ondoan dago.