Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Interneten materialtasuna

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Honako ideia hau orokortua dugu: Internet hodeia immateriala eta ez-kaltegarria da, bizitza arindu eta aukerak ematen dizkiguna. Ez dugu datuen aztarna ekologikoaren inguruko ezagutzarik ezta informaziorik ere. Baina Internet hodeiak badu B aurpegi fisikoa eta mundu materialean eragin handikoa da, giza aktibitate oro bezala. Eta ondorio materialetan arreta jarri beharko dugu, baldin eta etorkizunak digitalizazioaren bidetik joko badu -eta susmo guztiek garamatzate bide horren baieztapenera-. Aurrerapen teknologikoek baliabideen erauzpena eta ingurumen kalteak sortzen jarraituko dute, beraz, orain arte bezala. Digitalizazioak lurraldean eta gorputzetan ekartzen dituen eraginak mahaigaineratzeko beharra dago, hartzen dugun bidearen ondorioen jabekuntza izateko sikiera.

Neurketen arabera, byte datu bakoitzak ingurumen ondorio bat du. Diotenez, elektronika digitalak, Internet eta errealitate digitala sustengatzen duten azpiegiturek, munduko isurketen %2,7 suposatzen dute egun, baina datua handitzea espero da proiekzio guztien arabera, bikoiztera iritsi arte gutxienez. Selfie bat argitaratzean, email bat bidaltzean, bideojokoetan jolastean edo pantailatik pantailara bidaiatzean, CO2 isurtzen ari gara. Internetek aztarna ekologikoa du, bere materialtasuna ikusaraziz.

Lurraldean, eremu materialean, datu-biltegien zerbitzariak gordetzeko eraikin-zentroak sortzen ditu, eta zuntz optikako kableak, eta zeharo kutsakorrak diren bateriak, eta litio eta bestelako mineralen ustiapena eta fabrika ugari -kontsumo zabala duten elektronika gailuen ekoizpenerako- eta bizitza laburra duten gailuen hondakin elektronikorako hilerriak, lur okupazio handiak hartzen dituztenak.

Lurralde eta hiri sistemen iraupen garaikiderako beharrezkoak diren instalazio guztiekin bezala, black box-ak egiten ditugu azpiegiturekin, hodiekin eta kableekin; gehienetan azpiegitura opakoak izaten dira beren eginkizun eta ingurumen inpaktuetan, eta ahal dela eguneroko ibilbideetako bistatik aldenduta kokatzen ditugu, eta posible izanez gero, deslokalizaturik eta urruti, sortu behar duten suntsipena beste leku azpiratu batean izan dadin. Ez da gauza berria.

«Eskuartean ditugun gailu teknologikoen txipak gero eta mikroagoak eta lirainagoak egiten diren bitartean, teknologia horren elikadura diren datu-zentroen biltegiak -datuen azpiegiturak- gero eta makroagoak eta zatarragoak egiten ari dira», dio Marina Oterok, gai honetan aditua den arkitektoak. Arkitektura bunkerrak ia-ia. Metabertsoa, txat GPT, Inteligentzia Artifiziala eta Internet sarea errealitate egiteko, elektrizitatea, ura eta espazioa behar dira (eta langile asko sistema egokitzeko, noski), eta antza, kantitate eta azalera handietan behar dira eraikin gordailuak kokatu eta elikatzeko. Gainera, datu-biltegi diren azpiegiturak bero sortzaile foku handiak dira. Hau da, azpiegitura digitalen sostengua ingurumen-krisiak identifikatu dituen elementu kritiko guztien pean da, eta horra hor, Interneten immaterialtasunaren ahuldadea: materialtasuna. •