Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Arnasari eutsi, uztailaren 23ko gauera arte

Apenas hilabete pasatu da herri eta foru hauteskundeak egin zirenetik. Badirudi askoz ere denbora gehiago igaro dela. Hauteskundeetako emaitzak baloratzeko ere astirik gabe, berriak, eta ez nolanahikoak, bata bestearen atzetik azkartu dira. Pedro Sanchezek segituan hauteskundeetara deitu izanak, paktu dantzak eta alkateak hautatzeko lehen udalbatzarrek atzean, urrun, utzi dute azken hauteskunde gaua. Askoz hurbilago sentitzen dugu uztailaren 23ko boz eguna. Hilabete baino ez da falta.

Zirt edo zart, Estatuko panorama politiko-instituzionala argitzeko hautua egin zuen Sanchezek; bestela, udal eta autonomia hauteskundeetan izandako porrotaren ondotik, PSOE bere saltsan egosiko zela –egosiko zutela– jakitun. Luzea egingo zitzaion urte bukaera arteko legealdi amaierako epera iristea, Espainiako eskuin gotorrak egoera jasangaitza egiteko makineria osoa prest baitzuen. Mugimendu ausarta izan da Sanchezena, inork gutxik espero zuena; baina, finean, ez zuen alternatiba hoberik. Harentzat egoera okertu baino ez baitzen egingo.

Nolanahi ere, eskuinak La Moncloa hartzeko indarra non egin behar duen finkatua du. «Sanchismoa»-rekin amaitu, horixe da mezua. Horrek zehatz-mehatz zer suposatuko lukeen gehiegi azaldu gabe, erraz identifika daitekeen jopuntu bat jarri nahi izan dute Feijoo presidente bihurtzeko estrategia erabakitzen dutenek: «Derogar el sanchismo».

Hauteskundeen ondotik eta haien emaitzen arabera beste partida bat hasiko da, hain zuzen ere, gobernua osatzeko. Nork lortuko ote du gehiengo nahikoa? PPk irabaziko duela diote, baina ez omen da garaipen betea izango. Behar badu –eta beharko du La Moncloara iristeko nahikoa babesa izateko–, ultraeskuinarekin akordioa egingo duela zalantza gutxi dago. PP eta Voxen artean helburua lortzeko behar adina eserleku eskuratuko ote dituzten da oraintxe argitu beharrekoa, edo, pixka bat bada ere, ezkerrak burua altxatuko ote duen. Inork gutxik uste du oraintxe PSOE alderdi bozkatuena izan daitekeenik, eta horregatik itxaropena ezkerreko blokea eskuinarenaren aurretik geratzea dute, tarte txikiagatik izanda ere. Bigarren izanik gobernatzea, hori dateke, antza, Sanchezentzat aukera bakarra. Lehen aldia litzateke Estatuan boz gehien biltzen duen indarraren aurretik bigarren indarrak Espainiako Gobernua osatzen duela. Aukera izanda, Sanchezek egingo al luke urrats hori? Egoera konplikatua izango da eta, aurreikuspenak betetzen badira, gobernua osotzeko prozesua, zaila. Aurreko saioak ere ez ziren batere samurrak izan, hauteskunde errepikapen eta guzti.

Egoera konplikatu horrek ondorio zuzenak izango ditu Euskal Herrian, garai berean, esate baterako, Nafarroako Gobernua osatzeko prozedura egongo baita martxan, eta dagoeneko, azken aste honetan bertan argi bezain garbi ikusi ahal izan dugunez, esan daiteke hor ere katramila izan izango dela.

Unean uneko egoeraz harago, agerikoa da hauteskunde hauen emaitzek eragin handia izango dutela egoera politikoan eta egoera politikoak eskaini edo ukatuko dituen aukeretan. Alde batera edo bestera. Alde batera edo bestera gidoia egokitzen jakin beharko dute euskal indarrek ere. •