Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Faktore erabakigarriak eta erabakitzen dutenak

Duela lau edo 40 urte hasi zen hauteskunde kanpainan entzuna, asteon: «Erabakigarriak izan gara Euskal Herriko [sic] hiriburuan [sic] Bilduk [sic] goberna ez dezan». Ez zuen Ortuzarrek esan, hura erabakigarria ez ezik, erabakitzailea ere izan baita. Ezta PSOEko inork ere, hala pentsatu arren, alderdi horrek eta Podemosek Madrilen goberna zezaten EH Bildu erabakigarria izanda. PPko presidente Nuñez Feijook esan zuen, PSOEk Madrilen goberna ez dezan erabakigarria izateko asmoz, PSEri Gasteizko alkatetza emanda errazago izango duelakoan PSOEri Espainiako Gobernutik botatzea.

Iruñean PSNk UPNri eman dio alkatetza Madrilen eskuinak goberna ez dezan, Gasteizen eta Gipuzkoan EAJri PSEk bezala. Batzuek erabakitzen dute, beste batzuk erabakigarriak dira.

Berri handirik ez, ordea. PSN zailduta dago Iruñean eta Nafarroa osoan eskuinak goberna dezan erabakigarria izaten. PSEk ere badu eskarmentua, ordea, horrelako erabakigarritasunetan.

2001ean, Mayor Oreja eta Redondo Terreros gogotik saiatu ziren abertzaleen aurka erabakigarri izaten, baina haien erabakia ez zen erabakigarria gertatu. Bai, ordea, 2009an Patxi Lopez Lehendakaritzaren jabe egiteko. PP erabakigarria izan zen PSEk hala erabaki zuelako. EAJ haserretu egin omen zen, baina ez asko, ez gobernagarritasunaren aspaldiko bazkideon zoru etikoa higatzeraino behintzat.

Duela zortzi urte, PPko alkate Marotok bederatzi zinegotzi lortu zituen lortu zitezkeen erarik lotsagarrienean, immigranteak jopuntuan jarriz. EAJk, bost. EH Bilduk, sei zituenak, EAJri eman zion alkatetza, Gasteizko herritar gehienen agindu ozena betetzeko formula bakarra baitzen -logika makur baten arabera-. PSEk, ordea, ez zion botorik eman, Andoaingo «traizioa» argudio, baina ez zen erabakigarri izan eta Maroto alkatetzatik bota zuten, 2019an ez zuen lortu Madrilgo Kongresurako txartelik eta alderdiak Sotosalbosen erosi behar izan zion Senaturakoa.

Aspalditik hauteskundeek ez dute itun berri askorik ekarri, Madrilgo azken Gobernua alde bat utzita. Eta azkenek ere itun zaharra ekarri dute, Itun Zakarra.

Luzatu naiz mende honetako historia parlamentarioko erabakitzaileak eta erabakigarriak oroitzen.

Aste honetan denbora izan da erabakigarria turistak Titanic ontzi hondoratuaren hondakinak ikustera eramaten dituen itsaspekoan zihoazenak erreskatatzeko. Lerrook idazteko unean bukatzear omen zuten oxigenoa; beraz, honezkero agertu ez badira, edo itsaspekoa ostegun eguerdia baino lehen azalera atera ez bada, oso zaila da tripulatzaileak gaur bizirik egotea. Itsasontziak, hegazkinak, droneak eta ur handitarako hainbat baliabide berezi bidali dituzte zenbait herrialdek Atlantikoko iparraldeko inguru hartara, eta bila ibili dira aste osoan, erlojuaren kontra.

Erabakigarria zen denbora, halaber, asteartean Saharako kostaldean hondoratu zen txalupa pneumatikoan zihoazenak salbatzeko. Erabakigarria baina, antza denez, ez hainbeste. Finean, horiek ohituta daude itsasoan hondoratzen eta hiltzen.

Miseria gorritik ihes egitea arriskugarria da, baina turismoa ere batzuetan hala da. Eta badira erabakigarria zer den eta norentzat den erabakitzen dutenak. •