Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Zenbait legeren mehatxua, «zientzia» eta «enpatia»

Amaitu dira sanferminak, hauteskunde kanpaina atzo amaitu zen eta Tourra bihar amaituko da hemendik urrun. Edonola ere, astelehenean bertan abiatuko da hauteskunde kanpaina berria, edo betikoak jarraituko. Badakit ezin dela biharkorako botorik eskatu, baina zalantza bat sortu zait: eska liteke hurrengorako?

Tourra hasita berehala hasi ziren sanferminak eta hauteskunde kanpaina, eta haiekin bateratsu iritsi zen euskararen aurkako hamaikagarren erasoa instantzia judizial batetik, Auzitegi Konstituzionaletik, hain zuzen. Aldiberekotasun hori, eraso horiek azkenaldion ia ohitura izanda, ez da harrigarria. Izan ere, egun bakan batzuk geroago Gasteizko Gobernuak lan poltsetarako ezarritako hizkuntza irizpideak atzera bota zituen Gasteizko epaitegi batek. Harrigarria izan liteke, kanpoko begirale batentzat, «Europan [eta munduan eta Esne Bidean] autonomia mailarik handiena» duen komunitatean egiten diren legeak zeinen erraz bihurtzen diren hutsaren hurrengo.

Ez dakit guztiz konturatu garen noraino izan den larria hainbat pertsonak mendeetan bizi izan duten egoera, eta ez naiz esklaboez -bakarrik- ari; esate baterako, joera edo izaera sexuala ukatu, debekatu izan zaien pertsona horiena. Ikaragarria da. Ez genekien, edo zenbait kasutan bagenekien baina normaltzat jotzen genuen. Ezerosoa zen eta errazagoa zen haien aurka hitz egin edo jokatzea defenditzea baino, horiek zerbaiten errudun egitea.

Oraindik ere, eta ez Saudi Arabian, Polonian edo Errusian bakarrik, modu bat edo besteko jazarpena jasaten dute, eta oraindik ere horien eskubideak aitortzen dituzten legeek asaldatu egiten dute jende asko. Ez beraiei ez inori eskubiderik murrizten dietelako, beste batzuei oinarrizko zenbait eskubide onartzen dizkietelako baizik.

Ez dakit zenbat milioi transexual dauden Euskal Herrian, edo Europan, ez dakit hamazazpi dauden, baina denentzako lege batek denen eskubideak babestu behar ditu, eta bi pertsona babes horretatik kanpo uzten baditu, ez da denentzako legea.

Badakit emakumeak munduko biztanleen erdiak baino gehixeago direla. Mendeetan jasan duten zapalkuntzak galarazitako eskubideak eta haren ondorioz duten desabantaila egoera berdintze aldera egindako legeak eta neurriak mehatxu gisa sumatzen dituzte askok. Gauza bertsua gertatzen zaie batzuei lege batek edo, are okerrago, greba batek langileen baldintzak hobetzen dituenean.

XIX. mendean zientziak «behe mailako» arrazatzat jotzen zituen txinatarrak (beraz, justifikatuta zegoen goi mailako beste arraza batek haiek kontrolpean izatea). XX. mendean homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen zuten. XXI. mendean euskal gizartea gaixorik dagoela diote. Horren sintoma argia da «euskararen inposizioa». Ikaragarria da. Zenbat euskaldun bizi izan eta hil dira beren izaera ukatuta, lapurtuta, beren hizkuntza gordean, are hartaz lotsatuta?

Enpatia modan dagoen honetan, okerrena da lagun homosexual grazioso bat (hori bai, asko maite duguna) edukitzea dela uste izatea. Hori, baina, homofobiaren zurikeria merkea izaten da maiz. •