Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA
{ DATORRENA }

Zenbat polizia, bazter guztietan

Ez gara hain originalak. Egunero, falta gabe, munduko Polizia bat albistegietan agertzen da herritarren segurtasunaren eta eskubideen aurka zerbait egiteagatik. Maiz berri tragikoak dira; hala nola Nahel gaztearen heriotza eta ondorengo errepresioa. Beste batzuetan komikoak dira; esate baterako, drogei buruzko Londresko Poliziaren estrategiaren buru Julian Bennet-ek porroak, onddoak eta LSDa kontsumitzeko ohitura zuela jakin zenekoa.

Hain zuzen ere, Britainia Handiko Polizia krisi sakonean dago. Hango joerak ikustea beti da interesgarria («si en Londres les pica…»). Louise Caseyk martxoan egindako txosten ofizial baten arabera, Polizia Metropolitarra «ustelduta dago», «konfiantza publikoa galdu du» eta erakunde gisa «arrazakeriak, misoginiak eta homofobiak» janda dago. Poliziak berak eskatu zuen txostena, Everard auziaren harira. 2021eko martxoan, Londresen, Wayne Couzens poliziak -lankideek beraiek «bortxatzailea» deitzen zuten- Sarah Everard gaztea bahitu, bortxatu eta hil zuen. Horren ondoren, inkesta batek erakutsi zuenez, britainiar emakumeen erdiak ez du Polizian konfiantzarik.

Arduradunek hainbat ekimen jarri dituzte abian pertzepzio hori aldatzeko, konduktismoaren bidez polizien ohitura misogino eta sexistak aldatzeko programa bat barne. Esther Flanagan tabakismoa murrizteko programa arrakastaz garatu duen portaeraren zientzialaria da. Orain, bere teknika psikologikoak Poliziaren kultura aldatzeko baliatu nahi ditu.

Flanaganen ikerketaren arabera, Met Poliziaren barruan sexismoarekin lotutako 220 jokabide daude. Jokabide horiek aldatzeko 120 hesi identifikatu dituzte. Polizia matxistei babesa ematen dien elkartasun kultura agerikoa da. Gainera, ez dira salatzen ausartzen. Jakina, mikrosexismoa ere badago. Ideologia baztertuz eta manipulazioaren bidez saiatuko dira hori aldatzen. Pavlovek lortu bazuen…

Arrazakeriari dagokionez, Liberty Investigates taldeari esker Met-ek gomazko balak erabiltzea baimendu zuen kasu bakarrak komunitate beltzak gidatutako mobilizazioetan izan zirela jakin da orain: Nothing Hill-eko inauterietan (2017tik) eta Black Lives Matterreko protestetan (2020tik). Arma horiek ez dira inoiz erabili Ingalaterran. Aurrekari bakarra Irlandako iparrean izan da, errepublikanoen aurka. Gutxienez, hiru pertsona hil ziren. Mundu osoko kanpainei erantzunez, material hori debekatu beharko litzateke.

Albiste horietan guztietan, sistema demokratikoek ustez beren burua defendatzeko antolatu dituzten erakundeekin dituzten arazoak islatzen dira. Eztabaida globala da, eta ezkerrak ez lioke bizkarra eman beharko. Agenda mahai gainean dago, Poliziaren beraren miserietatik abiatuta. «Defund the Police» eta abolizionismoaren artean, ekin behar zaio.

Euskal Herrian polizien arduradunek ere erreakzionatu beharko lukete. Caseyk esan zuenez, Polizia hainbat mailatan huts egiten ari da, krisia «existentziala» da eta, konpontzen ez bada, desegin daiteke. Ez gaude hortik hain urruti. Flanagani edo Bennet-i jarraituz, Josu Erkorekak erretzeari nola uzten dion erabaki behar du, nolabait esateko. Jakina, diru gehiago eta arma gehiago ematea ez da terapia zuzena. •