Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Zure aliatua banaiz, ez nazazu makulu gisa hartu

Aliantzak eratzea ez da, inondik inora, lan erraza. Norberaren etxetik atera eta bestearekin elkartzeko eremu hipotetiko bat marraztea eskatzen du. Haatik, ezaguna zaigun auzoan jostatzea nahiago dugu, gehienetan, nahiz eta abenturazale gisara aldarrikatu gure burua.

Bidaiari garela nahi dugu pentsatu, turista izaerari distira gutxiago aitortzen diogulako. Izan ere, nehork ez duenean begiratzen, haitzarteari iskin eginez bide balizatua hautatzen dugu. Gizakiaren patua.

Parisen zein Madrilen giroa nahasia dago. Bertako gobernuek ez dute sostengu nahikorik, beste inorekin kontatu gabe, egitasmoak aurrera ateratzeko.

Erabateko gehiengoaren faltan, politikaren osagai garrantzitsuenetarikoa den elkarrizketa aldarrikapen erretorikoa izatetik hil ala biziko lanabes izatera igarotzen da. Ez du balio abenturazalearena egiteak, postureoan murgilduz, behar da arriskatu eta jo aurrera.

Emmanuel Macronek bere laugarren lehen ministroa izendatu du. Edouard Philippe, Jean Castex eta Elisabeth Borneren ostean, Gabriel Attalen txanda heldu da. Matignonen gidari berria jarri du frantses presidenteak, indarra galdu duen motorrari bizitasuna emango diolakoan. Izan ere, lan molde berdinarekin nekez etorriko dira aldaketak. Onerako behintzat. Erretretaren adina gibelatzeko erreformak, batetik, eta migranteei oinarrizko eskubideak kentzeko idatzitako legeak, bestetik, Elisabeth Borneren lidergoa ahuldu zutela ukaezina da.

Alta, bere gobernuko kide zenean bi erreforma horien aurrean neholako oztoporik ez zuen jarri Attal lehen ministro berri bezala hautatuz. Eliseoko jabeak sinesgarritasunaren kutxa beteko duela pentsatzea benetan fede kontua da. Ameskeria ez bada.

Akordioak lortzeko ezintasunari dekretua baliatuz erantzun zion Bornek. Attal buru izanen duen Gobernu berriak, ibilkera ez badu aldatzen, antzeko zailtasunak aurkitu ditzake gehiengoak osatzeko orduan.

Borne bezala, Alderdi Sozialistaren eremutik dator Attal. 2017an Macronek irudikatzen zuen «bulkada erreformista»-rekin bat egin ondoren, biek ala biek handik honat frantziar presidenteak hartu duen norabide autoritarioa babestu dute. Belaunaldi ezberdinetatik bada ere, mundu zaharrera daraman bidaia partekatu dutelarik. Noizbait abenturazale baziren, aspalditik turistaren errutinak bereganatu dituzte.

Dinamismoa eta energia metatzea xerkatu du Macronek gobernu krisia agintzerakoan. Sentsazioak berreskuratzea, kirolarien hiztegia hobetsita. Alta, jokaldi berdina errepikatzeko arriskua hartu du «berari dena zor dion» laguntzaile leiala aukeratuz. Adostasun berriak ehuntzeko aliatuak behar lituzke, baina aurpegi berria duen betiko makulua du.

Madrilgo Kongresuan PSOE-Sumar tandemak urteari hasiera emateko proposaturiko hiru neurri multzoen harira bizitako pasadizoari buruz, zer esan? Legealdi berriak dakarren aniztasun-plusa ez du, behar bezala, agendan txertatu Pedro Sanchezek. Izan ere, ikaratuta biziraun baino aukera hobea du: kontseilu ministrotik baino parlamentutik elikatzea dinamika. Ibiltzeko ahuleziak disimulatzeko makulua alboratuta, aliatuen ondoan ibilkera sendotuz. •