Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Traktoreen burrunba artean, alea lastotik bereiztea hobe

Testuinguruak ez badu dena azaltzen, gidaliburua eskaini dezake negu honetan berpiztu den lehen sektorearen mobilizazioa ulertzeko. Agian, izenburuak emandako aholkuari jarraituz, mobilizazio «mainstream» eta sakoneko arrangura artean lehenik banaketa behar genuke egin. Alemania eta Herbehereetatik hauspoturiko harresiari eutsi zioten, ñabarduraz ñabardura, FNSEA eta Laborari Gazteak sindikatuen joko-eremuan diren nekazaritza ustiategien jabeek Hexagonoan.

Europar Hauteskundeak iraganen dira heldu den ekainaren 9an eta, nahi ala nahi ez, hitzorduak aukera paregabea eskaintzen du Bruselaren itzalpean garaturiko politiken gainean aldarrikapenak egiteko.

Frantziar sindikatu nagusiek beraiek Nekazaritza Politika Komunaren, PAC delakoaren, kudeatzaile nagusiak izan dira azkeneko hamarkadatan. Gobernu zein estatuburuen mintzakide izan dira, dirulaguntzen sistema eratzeko orduan eta elikagaien balio-katearen zaintza hartzen duen Egalim legearen bertsio ezberdinak aitzinera eramateko orduan.

Gobernu eta nekazarien sindikatuen arteko harremana inoiz ez da eten, eta horren lekuko, Matignonera heldu berri den lehen ministroak jakinarazi gabeko bilerak antolatu izana, berehala, haien buruzagiekin Hexagonoko errepide nagusiak blokeaturik zeuden bitartean. Mandatari berriak ez du, antza, neholako egokitzapen eperik bete behar izan, kode zaharrak berreskuratuz, harremanak norabide onean ezartzeko.

Batik bat trantsizio ekologikoari egotzitako «zamak arintzea» eta mozkinak ekoizteko -eta PACen laguntzak jasotzeko- «arauak sinplifikatzea». Horiek izan dira errepidea hartu duen nekazaritza protesta «mainstream» horrek azaleraturiko xede nagusiak.

Frantziar Gobernuak ez du eztabaida markorik auzian eman, eta ez du protesta bertan behera uzteko Poliziaren indarra baliatu. Alta, belusezko politika aitzineratu du, blokeatze operazioari neholako kalte-ordainik egotzi gabe. Beste herrialdeetako kamioen aurkako erasoen aurrean, agintariak eta jite bereko borroka moldeak sarri arbuiatzen dituzten hedabideak, mutu; saltoki handietan sartu eta apalak husteko operazioen gainean, deus esatekorik ez.

Traktoreen burrunba artean, frantziar Gobernua bide zuzenetik atera, eta norberak bere burua salba dezan -bihar goizera arte, bederen- bidezidorra hautatu du. Hala, klimaren aldeko erronka iparrorratz gisa hartuta, nekazariek, haien etorkizunaren jabe izan daitezen baliabideak aurreikusi ordez, atzera egiteko errezetak erregosi dituzte. Burrunba gelditu da, baina biharko etsipenaren kiratsa dario «the end» honi.

Erregaien gaineko zergak eta pestizidak erabiltzeko trabak apalduz salbatuko du auzia, lehenagotik ere klimaren aldeko engaiamenduak ez betetzeagatik epaitegietan kondenatua izan den frantses Estatuak. Gisa berean, esku batetik merkataritza askeko akordioak izenpetzen dituzten europar agintariek beste eskua baliatuko dute klimaren auzia bigarren lerroan jartzeko. Hala, «zentzu oneko» politiken bidez, finean, negazionisten lokatzean sartuz. Nehork ezin du ukatu Euskal Herrian “kilometro 0”-ko protesta altxatzeko arrazoiak badirela, baina alea lastotik bereizita. •