Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
IKUSMIRA

Gazako hegoaldetik alde egin, baina nora?

(Mahmud HAMS | AFP)

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez du atzera egiteko inolako asmorik. Gazako hegoaldeko Rafah airez erasotzen hasi da, hilabete bat iraungo omen duen lurreko inbasioaren atarian. Hamaseko bizpalau dibisio bertan daudela aitzakiatzat harturik, Rafah-n ia milioi eta erdi gazatar daude, azken lau hilabete luze eta odoltsuetan Lerroko iparraldean hasi eta hegoalderantz egin duen Israelen eraso militarretik ihes eginda.

Israelgo Armadak dei egin die bertan babestu direnei alde egiteko, eta horretarako planak zehazten ari dela ziurtatu du. Irudiek ez dute, ordea, inolako planik erakusten. Israelek ondo baino hobeto daki ez dagoela horrelako jendetza mugitzerik, are gutxiago pairatzen dituzten bizi baldintza jasanezinetan.

Gainera, nora joan? Iparralderago dagoen Jan Yuniseko errefuxiatu eremuko Nasser ospitalea Israelgo Armadak indarrez hartu du eta bertatik pazienteak aterarazi ditu. Gazako iparraldean, gainera, eraso «selektiboak» egiten jarraitzen du Israelek, bere selektibotasuna nolakoa den jakinik. Itsasoa besterik ez zaie geratzen. Han atzematen da argazkian, ortzi-mugan.