«Helburu kolektibo batetik hasi nahi nuke, sarrera pila saldu dira eta eskertzekoa da»

Aramaio, 1997. Gaur egungo txapelduna da. 2015eko txapelketan parte hartu zuen lehenbizikoz, eta hirugarren finala izango du gaurkoa.

Zer moduz zaude?

Ilusio berezia egiten dit finalean egoteak. Txapeldunaren ikuspegitik nire buruari helburu hori ipini nion, eta finalaurreko eta final laurdenetan presio puntuarekin kantatu dut. Orain, disfrutatzeko gogoa dut, beste saioetan irabaztera baino askorik ez galtzera jokatu baitut.

Zein ariketarekin gelditu zara gusturen eta zeinekin ez?

Izarrakoan, txapelketako lehen saioa zenez, tentsioa zegoen. Halere, lasai kantatu nuen, eta distira handirik gabe eta akatsik gabe aritu nintzen sentsazioa nuen. Gero ohartu nintzen bakarkakoan poto bat joan zela. Aramaiokoari dagokionez, gutxitan kantatu dut bertan, eta finalerdi erabakigarri batean inoiz ez. Aretoa beteta, lagun piloa begira, oso eroso aritu nintzen eta akats gutxi egin nituen. Manexekin zortziko handian oso gustura hasi nintzen eta konfiantza hartu nuen. Bakarka ere, lehen bertsoarekin batez ere, oso konforme geratu nintzen.

Zein asmo dituzu finalerako?

Egun berezia izango da, hasteko finala delako eta era berezi batean bizi izan ditudalako orain arte finalak; natorren egoera pertsonalagatik ere bai (aita hil zitzaion abuztuan, Txema Abarrategi). Helburu kolektibo batetik hasi nahi nuke: aurtengo txapelketa jendetsua izaten ari da, sarrera pila saldu dira, eta eskertzekoa da. Zein modu hoberik seion artean final eder bat egitea baino. Behin hori lortuta, nire burua gozatzen ikusten baldin badut, horrek esan gurako du aukeraren bat izango dudala goiko partean ipintzeko.

Bi anaia gazteagoek ere, Martinek eta Sabinek, txapelketan parte hartu dute.

Eguneroko bizitzan babes handia gara elkarrentzat. Txikiena aurre kanporaketan kanpoan geratu zen eta erdikoarekin ez dut kointziditu kantuan. Gustatuko litzaidake elkarrekin aritzea. Seguru aurrerantzean izango dugula aukera.

Aramaion bertsolari dezente gabiltza, eta zortea dugu, ez baitugu urrun joan beharrik entrenatzeko. Herriko kultur etxeko gela batean elkartzen gara denok. Fase bakoitzean aurreikusitako ariketak egiten ditugu, saio bat bezala planteatuz ordu eta erdiko bertso eskola bat.

Duela bi urte txapela irabazi zenuen. Nola oroitzen duzu?

Oroitzapen ia denak onak dira. Nahiko zentratuta ikusi nuen nire burua. Oso momentu hunkigarria izan zen txapeldun gisa iragarri nindutenekoa, eta osteko ospakizuna ere ederra.

Arabako bertsolaritzaren aldeko aldarria egin zenuen. Nola ikusten eta bizitzen duzu mugimendua?

Jendea gogotsu dator. Justu finala ezin dugu esan askoz gazteagoa denik, baina txapelketa bere osotasunean bai, eta horrek esan nahi du badatorrela jendea, gogoz eta mailarekin. Eskolaz eskola irakasle nabil, ikasle gaztetxoekin, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan. Bertsolaritza proiektua beso zabalik jasotzen dute eskoletan, euskara modu ludikoan lantzeko aukera on bat da eta hainbat herritan badabiltza bertso eskoletara apuntatzen. 14 urte inguruko bertsolarien eskola batzuk ere badaude, Eskolartekoan kantatuko dute, eta behintzat jarraitutasun bat bermatuta dago. Gure probintziako biztanle kopurua aintzat hartuta, ez gara ailegatuko beste batzuen bertsolari kantitatera, baina gabiltzanok gustura ari gara eta maila igotzen ari garela ez dut zalantzarik.

Non ikusten duzu egon daitekeela erronka?

Erronkarik zailena 14-15 urte inguruko gaztetxoak bertsotara erakartzea dela iruditzen zait; gertuko erreferenteak eta plazak eman behar zaizkie. Bertso eskolak indartu; ez derrigortuz, baizik eta modu erakargarrian emanez bertsoa. Zubi lana eginez gazteagoetatik nagusiagoetara, tarteko bertsolari potentzialak gal ez daitezen.

Txapelak plaza asko eman al dizkizu?

Txapeldun izan eta lehen urtean sekula baino plaza gehiago egin nituen. Gero, aita hil zenean, aldendu egin nintzen, hala eskatzen zidalako buruak. Bi urte hauetan ezin izan naiz topera ibili, baina ez naiz kexatzen. Aurrez kantatu gabeko bertsolariekin eta leku berrietan ibili nintzen, eta jendea oso ondo portatu da nirekin, eskertuta nago, erabakitzen utzi didatelako, gura izan dudan denbora tarteak trankil hartzen; gura izan dudanean bueltatu naiz, eta horrek ez du esan gura denbora osoan egon behar dudanik, behar dudanean aldendu naiteke.