Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Eta ez begiratzearen ez begiratzeaz...

Zenbat gauza egiten ditugu pentsatu gabe? Zenbatetan iristen gara zenbait puntutara ze bide hartu dugun konturatu gabe? Egunean zenbat momentutan sentitzen dugu arreta jartzen diogula egiten ari garen horri? Zenbateraino bizi gara gauzak automatikoki egiten? Eta zenbateraino inporta digu horrek?

Kotxea gidatu, mugikorra atera eta ordua begiratu, gure sinadura egin, bazkaritan hagin artean geratu den haragi zatiari mingainarekin tira egin, kolokan dagoela dirudien baldosa saltatu, pedalei eragin bizikletan, telebistako kanalak aldatu, etxeko giltzak topatu poltsikoetan, gure solairuari dagokion zenbakia sakatu igogailuan, kafe-makina martxan jarri goizean goiz -edo irratia-, hankapeko bost zentimoko txanpona jaso, aharrausi egin, listua irentsi -edo espagetiak-, Mugia pasa tranbiara igo aurretik, azazkal inguruko haragi gorrituari kosk egin, bekain bat goratu...

Ez dakit noiz hasten ote garen gauzak pentsatu gabe egiten. Errepikatzearen errepikatzeaz, pentsatu izan dut askotan. Ordea, nago pilotu automatikoak ez ote gaituen bideratzen bizi-erritmo batzuetara, zeinetan, ziztuaren ziztuz, ezin diogun erreparatu geure pausoari. Eta ez begiratzearen ez begiratzeaz, utzi egiten diogu geure buruaz pentsatzeari ere.

Inposatu nahi zaigun bizi-erritmoaren parte da gauzak automatikoki egitea. Pausatu genezake ibilera pixka bat, gelditu, ikusi, bizi. Entzun izan dut meditazio motaren bat badela gorputz-atalak hor daudela sentitzean datzana. Bada, meditatzeko tarterik sekula hartzen ez dugunok hasi gintezke egunero-egunero automatikoki egiten ditugun gauzei moduren batean erreparatzen. Enbragea pixkanaka nola soltatzen dugun, oheko mantapetik kafe-makinarako bidean zenbat urrats egiten ditugun eta aharrausi egin ahala gure aurpegierak ze itxura desberdin hartzen duen errebisatzen, adibidez.

Mozolokeria dirudi, baina esango nuke balio diezagukeela bularraldeko zenbait estuasun baretzeko... •