Asier AIESTARAN
{ ANALISIA }

Euskara eta abertzaleak

Abertzaletasunaren diskurtsoa pizgarri edo galga da euskararentzat? Euskarak ematen al du botorik? Galdera horiei eta beste askori erantzun zieten Elgoibarren Julen Zabalok eta Joxe Manuel Odriozolak.

Julen Zabalo, Ainhoa Larrañaga eta Joxe Manuel Odriozola, Elgoibarren antolatu zuten eztabaida-saioan.
Julen Zabalo, Ainhoa Larrañaga eta Joxe Manuel Odriozola, Elgoibarren antolatu zuten eztabaida-saioan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aurreko asteartean eztabaida-saio interesgarria antolatu zuten Elgoibarren “Euskara eta abertzaleak, bidegurutze berean?” izenburupean. Julen Zabalo EHUko irakaslea eta Joxe Manuel Odriozola soziolinguista izan ziren hizlari nagusiak, nahiz eta moderatzaile lanetan jarri zuten Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak ere bere ekarpenak egin zituen ongi ezagutzen duen gaiaren inguruan. Aurkezpenean aipatu zuten moduan, helburua ez zen ika-mikan aritzea, baina bai ikuspegi desberdinak aurrez aurre jarriz hausnarketa sustatzea.

Solasaldiaren datak ere ematen zion gaurkotasuna gaiari. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak igaro berritan, asko aipatu da egunotan bere burua abertzaletzat duten inoiz baino parlamentari gehiago bilduko direla Gasteizko Legebiltzarrean. Hala ere, badira horrek euskarari ekarriko dion onura ezbaian jartzen duten ahotsak ere. Asko kritikatu da, adibidez, euskarak hauteskunde kanpainan izan zuen presentzia eskasa.

Hizkuntzaren lekua

Ainhoa Larrañagak hala eskatuta, Julen Zabalok eta Joxe Manuel Odriozolak lehen hitzartzean azaldu zuten egoeraz duten ikuspegi orokorra. Eta lehen kolpea argigarria suertatu zen.

«Hasiera gordin bat egin nahi nuke. Nazionalismoek osagai desberdinekin osatzen dituzte nazionalismoak. Aukera asko daude. Osagai erabilienetako bat hizkuntza izaten da, baina horrek ez du esan nahi nazionalismorik ezin denik sortu hizkuntzari lotu gabe. Munduan badaude hizkuntzari batere garrantzirik ematen ez dioten nazionalismoen hainbat adibide. Beraz, uste dut posible dela euskal nazionalismo bat euskarari horrenbeste garrantzi eman gabe, ez diot erabat baztertuta, baina bai horren erdigunean jarri gabe», bota zuen aurkezpen modura Julen Zabalok.

Gehixeago luzatu zen Joxe Manuel Odriozola, gero sakonduko zituen puntu nagusiak aipatuz, baina abiapuntutzat hauteskunde kanpaina hartu zuen. «Igaro berri diren hauteskundeetan argi ikusi da euskararen gaiak ez duela inolako arretarik jaso indar abertzaleen eskutik, ETB1 eta ETB2ko mahai-inguruetan, esaterako. Alderdi espainolen aldetik euskara modu bidegabean tratatua izan denean, mahai-inguruan parte hartzen zuten hautagai abertzaleen aldetik ez dute ia erantzunik jaso». Eta adibide horretatik abiatuta, hauxe ondorioztatu zuen: «Euskarari, euskalduntasunari, euskal kulturari, identitate euskaldunari, Euskal Herriari bizkarra emanda bizi dira gure abertzaleak oro har».

Gasteizko Legebiltzarrean Euskaraldia babesteko 2022an egindako ekitaldia. Jaizki FONTANEDA | FOKU

Naziotik hiritarrera

Zabalok eztabaida kokatzeko beste azalpen bat ere eman zuen nazionalismoaren inguruan. «Abertzaletasuna ez zen sortu euskara salbatzeko edo erdigunean jartzeko. Hori euskararen aldeko mugimenduak egin dezake, hori delako bere helburua. Baina nik nazionalismoa mugimendu politiko modura definitzen dut. Nazionalismoak orokorrean helburu politiko batzuekin sortzen dira. Orain arte helburu nagusia Estatu independente bat lortzea izan da», gogoratu zuen.

«Ez dugu ukatuko gaztelania eta frantsesa hemen daudela, eta etortzen ari diren beste kultura, erlijio, hizkuntza batzuk ere bai. Hori guztia kudeatu behar da. Alderdi politikoak begiratu beharko dio batez ere bere helburu nagusiari, Estatu bat lortzeari kasu honetan, eta horretarako mugimendu bat zabaldu behar du osagai desberdinen arabera. Aldiz, euskararen aldeko mugimendu batek begiratu beharko du nola salbatu edo aitzinarazi euskara. Osagarriak badira, askoz hobeto, baina kasu guztietan ez dira, ikusten ari gara, eta horrek frustrazio sentimendu bat sortzen dio euskaldunari edo euskararen aldeko militanteari», gaineratu zuen.

Eta talka hori ulertzeko beste elementu bat ere nabarmendu zuen: «XXI. mendean erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugu, Eskoziako erreferendumaz, Kataluniako proces-az... Herritarrei ematen zaie Estatu bat eraikitzeko ahalmena. Ez aurrez existitzen den nazio baten arabera, baizik eta herritarrek erreferendum batean hala erabaki dutelako. Euskal Estatuaren alde dauden pertsona batzuk agian ez dakite euskaraz, beharbada euskara oso urrun sentitzen dute, baina badituzte beste motibazio batzuk. Izan daitezke sozialak, ekonomikoak... hori inkestetan ikusten da. Naziometroan adibidez, pertsona batzuek independentziaren kontra daudela erantzuten dute, baina esaten badiezu ea euskal Estatuaren alde egingo luketen, horrek egoera sozioekonomikoa hobetuko balu, baiezkoa diote. Hor jada ez gara nazioaz ari», ohartarazi zuen.

Justizia nazionala

Gaur egun nagusi den mundu ikuskera horretan, logikoa da alderdi independentistek jendea erakartzeko fokua aspektu sozioekonomikoetan jartzea, burujabetzak bizitza hobe bat ekarriko duela aldarrikatuz. Joxe Manuel Odriozolaren ustez, ordea, hori ez da bidezkoa.

«Euskaldunek eta Euskal Herriak duten arazo existentzial nagusia euskara eta euskalduntasuna dira. Pertsona eta herri gisara euskaldun egiten gaituena euskara delako. Euskararen arazoa ez da koiunturala, estrukturala eta existentziala da. Indar politiko abertzaleentzat euskaldunen eta Euskal Herriaren ongizatea ez dago lotuta euskal nazioaren egoerarekin, ongizate material eta sozialarekin bakarrik lotzen dute euskaldunon ongizatea eta zoriontasuna», salatu zuen.

Gogoeta horretan jarraituz, Odriozolak argi du bi gauzak ezin direla banandu. «Nazioka eratua dagoen mundu batean bizi gara, nazionalismoaren indarra oraindik mundua egituratzen duen ardatz nagusietako bat da. Eta munduko edozein Estatutan egiten diren politika sozioekonomikoak aldi berean politika nazionalak dira. Politika sozial horien onuradunak subjektu nazionalak direlako, eta ez munduko herritarrak», defendatu zuen.

Horregatik, justizia soziala askotan aipatzen den garaiotan, justizia nazionala ere kontuan hartu behar dela dio, “Nazionalismoaren alde eta aurka” bere azken liburuan (Elkar, 2024) egiten duen gogoetan sakonduz. «Ni abertzalea naiz hizkuntza, kultura, historia, lurralde eta identitate nazionalari dagozkion gaietan, baina antiabertzalea justizia sozioekonomikoari dagozkion kontuetan. Justizia nazionalari dagozkion auzi horiek nazio bakoitzaren eskuetan egon behar lukete ondo bidean, baina justizia sozioekonomikoari dagozkion erabakiek munduko herrialde pobretuenak kontuan hartu beharko lituzkete».

Jende dezente bildu zen Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Andoni CANELLADA | FOKU

Teoriatik praktikara

Julen Zabaloren iritziz, euskarak alderdi abertzaleen jardunean izan behar duen lekuaren inguruko kontraesanak teoriatik praktikara igarotzean gelditzen dira agerian.

«Euskara benetan izan da abertzaletasunaren motorra? Neurri batean bai, baina pertsona abertzale ez euskaldunak beti ezagutu ditugu. Abertzaletasuna beste osagai batzuetan kokatzen dute. Izan daiteke ekintza politikoa, ingurukoekin bat egitea, Nafarroan elementu historikoak... Mugaldeko herrietan ere sentimendu hori badago», azaldu zuen.

«Egon da mugimendu sendo bat euskararen aldekoa, teoria mailan diskurtso hori garatu duena, eta ematen du horretan egon garela. Nik esango nuke ezetz, egon dela teoria bat eraiki dena eta oso jarraitua izan dena. Alderdi abertzaleek ere onartu dutena. Baina gero zer gertatzen da instituzioak lortzen direnean eta euskararen aldeko politikak martxan jartzen direnean? Ba protestak eta kexak datozela. Herritarrak denak dira eta denen nahi eta desirak hartu behar ditu kontuan agintari batek. Nire ustez, alderdi abertzaleen akatsa teoriatik dator».

Odriozolak kantitatearen dimentsioa gehitu zuen. «Euskaltzaleak aspalditik egon dira Euskal Herrian, baina beti gutxiengoa izan direnez, ez dute inoiz eragin indarrik izan abertzale politikak euskararen aldera lerrarazteko. Gaur egun abertzaletasuna nagusi da Gasteizko Legebiltzarrean, baina nagusitasun abertzalea euskaltzalea ez denez, nazio gutxitu baten gutxiengo baztertua gara euskaltzaleok».

Etorkizuna

Aurrera begira alderdi abertzaleek euskararekiko izan beharko luketen jokabideaz galdetuta, Julen Zabalok onartu zuen oreka zaila izango dela, baina ez dagoela irtenbide miragarririk.

«Lehenik, jendea konbentzitu behar dugu euskal Estatu hori sortzeko. Jendeak baietza emango dio Estatu horri agian hizkuntzagatik, baina agian beste gauza batzuengatik. Horregatik, nik oso logikoa ikusten dut gai batzuetan diskurtsoa apaltzea. Era berean, abertzaletasuna izan da orain artean euskal kulturaren defentsa bere barnean hartu duena, eta horri eutsi behar dio. Orekaezina izan daiteke, baina bi jokaldi horiek batu behar dira», iritzi zion Zabalok, proposamen bat eginez: «Euskararen aldeko mugimenduak autonomia bat hartu beharko luke alderdiekiko».

Joxe Manuel Odriozolaren kasuan, argi du Estatua ongietorria izango dela nazioa euskalduntzeko balio badu, baina ez bestela. «Lehentasuna euskal nazioaren eraikuntza baldin bada, Euskal Herri erdaldundua euskalduntzeari ekin beharko litzaioke. Lehentasuna euskal Estatua baldin bada, gaur egun daukagun Euskal Herri deseuskaldunduari botere politikoa ematea litzateke», baieztatu zuen, galdera bat gehituz: «Euskal Herri deseuskaldundu batek zer irabaziko luke Estatu baten jabe izanda?»

Odriozolaren ustez, ezer gutxi: «Estatu horrek ez luke balioko nazioa euskalduntzeko, Irlandak erakutsi moduan. Irlandak independentzia lortu zuen, baina nortasun nazional gaelikoa galdu. Independentzia behar dugu euskal nazioa eraikitzeko, baina euskaraz funtzionatzen ez duen Estatuak ez digu balio. Helburua euskalduntasunean bizitzeko baldintzak sortzea baldin bada, Estatua bidea da, ez helburua».