Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

Inklusioaren mugak

Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean, aniztasunak balioa galtzen du. Pareta bat topatzen du.
Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean, aniztasunak balioa galtzen du. Pareta bat topatzen du. (GETTY)

Gure ahotsen garrantziaz ohartzen gara, isiltzen gaituztenean. Halaxe esan zuen Malala Yousafzaik zapaldu nahi zutenen aurrean. Nork egiten ditu mugak? Eta zergatik? Zertarako? Harresiak, txarrantxak, hesiak… baina badira muga batzuk, ikusi gabe ere, bizi egiten ditugunak. Eten egiten gaituztenak, min ematen digutenak, aurrera egitea galarazten digutenak, edo zaildu, arnasa kentzen digutenak. Zergatik? Zertarako? Bizitzan aurrera egiteak arnasa izan beharko luke, oharkabean egiten dugun zerbait, hartu eta eman.

Hatsa

Bi fisioterapia saio, 20 pilula, arnasketa bidezko sendagaiak, digestioa ondo egiteko entzima pankreatikoak eta bitamina osagarriak. Hauek dira, besteak beste, Aintzaneren eguneroko agendan daudenak. Horiekin batera, Historiako azterketa, Ekonomiako balantzea entregatzeko azken eguna eta Ingeleseko ahozko aurkezpena. Minutu bakoitza erlojupeko lasterketa balitz bezala neurtua. Presioa eta antsietatea bizi dituzte Batxilergoko ikasketak egitea aukeratzen duten gazte gehientsuenek; hatsik gabe gelditzeko moduko bizimodua. Aintzanek, gainera, baditu bere zailtasunak arnasari eusteko. Bi hitz: fibrosi kistikoa. Beste bi: gaixotasun arraroa. 30 haur eta nerabek pairatzen dute, Erkidegoan, arnasketa eta digestio arazo larriak eta elikagaiak xurgatzeko zailtasunak eragiten dizkien gaixotasun hau. Degeneratiboa da eta, momentuz, sendabiderik gabekoa. Hezkuntza prozesuan eragina duena, jakina, askotan ospitalean edota etxean egon behar baitu Aintzanek. Egunak, baita asteak ere, pasa behar izaten ditu ohean. Lagunekin egon ezinik eta minez, itsasoari begira hondar ale sentitzen zelarik, txiki eta zaurgarri, desberdin, eta kitto. Arnasa elkarteak horretan dihardu, Lertxundik bezala, itsasoari begira arnasa guztiei kantuan, sentsibilizatuz eta aldarrikatuz.

Itolarria

Zenbatetan ez ote dugun aipatu aniztasuna hezkuntzan, denok garela ezberdin berdinak eta berdin ezberdinak. Baina hitzetatik ekintzetara, zein erraza den gehiengoak egiten duena egitea, edo egin ahal izatea, bederen. Talde lanak zure lagun minekin egin ahal izatea, ospitaleko zure irakaslearekin egin ordez. Edo ikaskideekin liburutegian zalantzak argitu (bihurrikeriak egin) eta ikasi (jolastu) beharrean, ulertu ez duzun hori amak azaldu behar dizunean. Eta bai, horrek beste irakaspen baliotsu batzuk eskaintzen ditu, baina nerabe baten azaletik ari naiz hizketan. Eskerrak amei eta gurasoei, eskerrak ospitaleratutako haurrek jasotzen duten hezkuntza arretari, eskerrak etxez etxeko irakasleei eta eskerrak eskolako irakasle, hezitzaile eta ikaskide konprometitu eta enpatikoei, bidelagun izatearren. Haatik, denak dira txikikeriak laguntza bere amaierara heltzen denean, noizbait “berezi” etiketa jarri zigutelako. Arnasa hartzea ia ezinezko bihurtzen da orduan, nahi eta ezin, ahal eta ukatu. Muga bat, Derrigorrezko hezkuntza bukatzean, aniztasunak balioa izateari uzten dio eta ahanzturaren itsasorantz doa: hezkuntza bereziaren amaiera. Korrontearen kontra 16 urtez igerian aritu ondoren, itotzeko prestatzen gaitu sistemak, bere muturrean.

Oihua

Entzun gaitzatela ondo entzun behar eta entzungor egiten dutenek: ikasten jarraitu nahi dugu eta ahal dugu. Zurrunak dira epeak, eta, hilabetez ospitaleratuta baldin banago, ezin dut selektibitatea egin. Zurrunak dira eskolak, presentzialtasuna %80koa da eta immunodeprimituta nago, eskolak online jasotzea galarazi didazue. Zurrunak dira mugak eta inklusioa mugaz gaindiko txirrista da, maila batzuetan soilik eskaintzen dena. Arrazoi zuen Malalak, orain arte isilik mantendu gaituzue, baina ohartu zarete gure ahotsaren garrantziaz. Eman diezaiogun arnasa elkarri, izan gaitezen elkarren arnasa. •