Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

AEBetan babesa eskatzeko CBP One bertan behera utzi izanak ondorio larriak izan ditzake migratzaileen osasunean

Deportazioek, atxiloketek eta Estatu Batuetan babes eskaera tramitatzeko CBP One apllikazioa bertan behera utzi izanak ezinegona areago dute Mexikon zain dauden migratzaileen artean. Antsietate egoerak eta krisi emozionalak areagotu direla ohartarazi du Jorge Castrok, Matamorosen MSFko proiektu koordinatzaileak.

Gobernu estatubatuarraren azken aginduek ziurgabetasun handian utzi dituzte ehunka mila pertsona Latinoamerikako migrazio-korridorean zehar, arrisku are handiagoen eraginpean, muturreko indarkeriak markatutako ibilbide batean.
Gobernu estatubatuarraren azken aginduek ziurgabetasun handian utzi dituzte ehunka mila pertsona Latinoamerikako migrazio-korridorean zehar, arrisku are handiagoen eraginpean, muturreko indarkeriak markatutako ibilbide batean. (Yotibel MORENO | MSF)

Donald Trumpen lehenengo astean, Etxe Zurian paperik gabeko 2.382 etorkin atxilotu zituen eta deportagarriak izan zitezkeen 1.797 pertsonen kontrako atxilotze aginduak eman zituen Aduanen Kontrola eta Migrazio Zerbitzuak (ICE, ingelesezko siglengatik). Egun bakarrean, urtarrilaren 26an, 965 atxiloketa burutu zituen eta 554 atxiloketa agindu aurkeztu zituen, zifra errekorra egun bakar baterako. Egunero bere web orrialdean atxiloketa kopurua eta deportatzeko atxilotze-aginduak argitaratzen ditu.

Horrez gain, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak legezko estatusik ez duten migratzaileak eskoletan, elizetan nahiz osasun-etxeetan atxilotzeko baimena eman du, eta lehen aldiz deportaziorako hegazkin militarrak erabiltzen hasi da Gobernu estatubatuarra. Lehenengo hegaldiak urtarrilaren 23an izan ziren. Etxe Zuriak C-17 Globemaster markako bi hegazkin militarren argazkiak zabaldu zituen, migranteei «mezu argi bat» helarazteko: «Estatu Batuetan legez kanpo sartzen diren guztiek ondorio latzei egin beharko diete aurre». Irudi horietan kateatuta zeuden gizonezko helduak soilik ikusten ziren, baina EFE agentziak Guatemalako Hirian egiaztatu zuenez, emakume eta gizon kopuru bera iritsi zen. Guatemalako Migrazio Institutuak zehaztu zuenez, 264 pertsona iritsi ziren herrialdera El Paso eta Tucsonetik atera ziren bi hegazkin militarretan eta abiazio zibileko beste batean.

«Trump presidenteak migrazio ilegalarekin amaitu nahi du, eta horretarako legearen ahalmen guztiak erabiliko ditu Gobernuak. Defentsa Departamentuak Mexikoko mugan patruilak zabaldu ditu eta hegazkin militarrak baliatuko ditugu deportazioetarako», ohartu zuen Stephen Millerrek, Trumpen aholkulari eta migrazio politikaren diseinatzaile nagusietariko bat.

Zenbakiek, ordea, ez dute frogatzen Trumpen lehen egun horietan migratzaileen kanporatze kopuruak gora egin zuenik, aurreko gobernuarekin alderatuta. Iaz, Estatu Batuek 7.722 deportazio hegaldi antolatu zituzten, batez beste, 21 egunean. Baina presidentearen eta Gobernuaren beraren erretorikak eta neurriek, hala nola hegazkin militarren erabilera eta edozein lekutan atxilotuak izateko arriskua, beldurra areagotu dute migranteen artean, eta zenbait gobernu latinoamerikarrek gogor kritikatu dute Trumpen jarrera. Urtarrilaren 26an, esaterako, Gustavo Petro kolonbiarrak uko egin zion deportatuak hartzeari, haien giza eskubideak urratzen zirelako. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen Etxe Zurian, eta bi lurraldeen arteko krisi diplomatiko larria eragin zuen.

Trumpek Kolonbiako produktu guztiei %25eko muga-zerga ezartzeko eta Gobernu kolonbiarraren funtzionarioei bisa eta bidaiatzeko baimena indargabetzeko agindua eman zuen. Petrok beste horrenbeste egin zuen. Krisia, baina, ordu gutxitara konpondutzat eman zuten bi gobernuek.

Urtarrilaren 28an, Kolonbiako Indar Aeroespazialeko bi hegazkinek El Doradoko nazioarteko aireportuan lur hartu zuten 201 kolonbiarrekin. El Pasotik (Texas) eta San Diegotik (Kalifornia) atera ziren. Lehenengoan 91 pertsona zihoazen, eta bigarrenean, 110.

«Kolonbiarrak dira, herritar askeak eta duinak, eta maite dituen aberrian daude. Migratzailea ez da gaizkilea, lan egin nahi duen eta bizitza hobe batekin amesten duen pertsona bat da», plazaratu zuen Petrok X sarean, non hegaldiaren eta lurreratzearen irudiak partekatu zituen.

Presidentetzako eta Indar Aeroespazialeko ordezkaritza batek, Kanpo Harremanetarako Ministerioak, Migrazioak, Familia Ongizaterako Kolonbiako Institutuak (ICBF), Bogotako Alkatetzak eta Gurutze Gorriak hartu zituzten migratzaileak. Eskuburdinarik jabe iritsi zirela nabarmendu zuen Petrok bere mezuan.

Ildo berean mintzatu zen Kanpo Harremanetarako ministroa, Luis Gilberto Murillo. «Pertsona hauek deportatu egin dituzte migrazio-egoera irregularrean zeudelako. Garrantzitsua da azpimarratzea ez dutela deliturik egiteke Kolonbiako edo Estatu Batuetako epaitegietan. Ez dira gaizkileak», plazaratu zuen.

Hiru neskatxa, mugaren beste aldera begira. (Carlos A. MORENO / EUROPA PRESS)

Brasil ere kexatu egin da. Atzerri ministroa den Mauro Vieirak esan zuenez, Washingtonekin lanean ari dira deportazio hegaldiek «gutxieneko giza eskubideak errespetatu eta duintasun baldintzak» bermatu ditzaten.

Urtarrilaren 25ean Amazonasen 90 brasildarrekin lur hartu zuen hegaldia «zoritxarreko operazio» bat izan zela gaineratu zuen. Oinak eta eskuak bilurrez lotuta iritsi ziren. AEBetako Migrazio poliziaren aldetik tratu txarrak jasan izana salatu zuten batzuek.

Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak, Ricardo Lewandowskik, Polizia Federalari deportatuei eskuburdinak «berehala» kentzeko agindu zion, Manauseko aireportuan geldialdi tekniko bat egin zuenean. Koltxoiak, dutxak eta janaria eskaini zizkieten.

Petroren eta Trumpen arteko krisi diplomatikoaren harira, Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek sostengua adierazi zion presidente kolonbiarrari, eta Trumpen «xantaia» arbuiatu zuen. Deportazio masiboen kanpaina «onartezina, bortitza eta indiskriminatua» dela salatu zuen. «Deportazioak gure herrien kontra presio politikoa egiteko arma bat dira», nabarmendu zuen.

Babesa eskatzeko bide bakarra

Kargua hartu zuen egun berean, urtarrilaren 20an, asiloa eskatzeko CBP One zitak bertan behera utzi zituen Trumpek. Milaka migratzaile linbo batean gelditu dira Mexikon, neurri horren ondorioz.

«Inperfektua, mugatua eta eztabaidagarria izan arren, CBP One aplikazioak Estatu Batuetan asiloa eskatzeko hitzorduak kudeatzeko aukera ematen zuen, bide arriskutsuak eta migranteak pertsonen trafiko-sareen eraginpean egotea saihestuz. CBP One eta bestelako legezko alternatiba duinik gabe, indarkeria eta bazterkeria testuinguruetatik ihes egiten duten migrante asko Mexikoko eta eskualdeko beste herrialde batzuetako arrisku handiko eremuetan harrapatuta daude», salatu du Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundearen Mexikoko bulegoak. «CBP One asiloa eskatzeko eskuragarri zuten legezko tresna bakarrenetako bat zen, Bertan behera uztea atzerapauso larria da pertsona migratzaileen giza eskubideen babesean. Erabaki arduragabea da, eta berehalako ondorioak izango ditu pertsona askoren bizitzan, osasunean eta ongizatean», ohartarazi du Adriana Palomares Mexikoko MSFko koordinatzaile nagusiak.

Iritzi berekoa da Jorge Castro, gobernuz kanpoko proiektu koordinatzailea Mexikon. Tamaulipasen du egoitza, Texas estatuarekin muga egiten.

«Migrazio-ibilbidean zehar arrisku desberdinei aurre egin ostean, behin hona iritsita, Estatu Batuetan babes-prozesu bat lortzeko itxaropena zuten. Baina CBP One baliogabetu dutenetik, are zailagoa bihurtu da Estatu Batuetara sartzea. Migratzaileen osasun fisiko eta emozionalean eraginak ikusten ari gara jada. Antsietate eta krisi emozional gehiago daude. Babes-neurriak behar dituztela frogatu ahal izateko hitzordu bat eskuratu ezin dutenez, beste bide ez hain seguruetara jotzen ari dira Estatu Batuetan sartzeko. Horietako asko pertsonen trafiko-sareetatik igarotzen dira, eta horrek kalte fisiko edo emozionalen bat jasateko arriskua areagotzen du. Indarkeria-egoerak ugaritu egin dira», azaldu du Castrok GAUR8rekin telefonoz egindako elkarrizketan.

Urtarrilaren 23an Tucsoneko aireportutik (Arizona) atera zen C-17 Globemaster III. Trumpen agintaldiko lehenengo deportazio hegaldia izan zen; horretarako, hegazkin militar bat erabili zuen. (Tsgt Kimberly Nagle /US AIR- EUROPA PRESS)

Ohartarazten duenez, «krisi kolektibo bat sortu da, hilabeteak edo urteak bidaiatzen daramatzaten eta hitzordua izateko egun gutxitara zeuden pertsonetatik hasi eta beren jatorrizko lekura itzultzeko aukerarik ez duten barneko desplazatuetaraino. Askok larritasun handia bizi dute, eta horrek larrialdiko esku-hartzeak egitera eraman gaitu».

Urtarrilaren 21ean, esaterako, MSFk klinika mugikor bat ipini zuen Huixtla-n, Chiapasen, Mexikoko hegoaldean, 1.500 pertsonez osatutako karabana bati harrera egiteko. Hiru hilabeteko epean hamalaugarren karabana zen.

«Agintari mexikarrak migrazio-karabanak sakabanatzen ari dira, ikus ez daitezen. Migratzaileak migrazio-ibilbideetatik kanpo dauden estatuetara ere eramaten dituzte. Esate baterako, Guerreroko estatura, non zailtasun handiagoa duten garraiorako. Kasu askotan, migratzaileek uste izaten dute garraio hori haiei laguntzeko dela, baina ez, migratzaileak sakabanatzeko estrategia bati erantzuten dio. Neurriak neurri eta arriskuak arrisku, migratzaileen etorrerak ez du etenik iparraldeko hamaika muga-pasabidetan. Indarkeria dela eta, mugako puntu bakoitzaren egoera desberdina da. Reynosan dagoen segurtasun ezaren eta izaten diren bahiketen ondorioz, migratzaile asko Matamorosera joaten ari dira orain, han segurtasun handiagoa baitago »,esan du Castrok.

Reynosan eta Matamorosen migratzaileentzat aterpeak ditu MSFk. «Momentu batzuetan, 3.000 pertsona egon dira horietan. Kopuru hori jaitsi egin da azken egunetan, batzuk Estatu Batuetan bide ez seguruetatik sartzen saiatzen ari direlako. Joe Bidenen agintaldiaren amaieran, Gobernu mexikarrak, hegoaldeko estatuetan egonik, hala nola Tabaskon edo Chiapasen, CBP One zita zuten migratzaileentzako autobus garraioa jarri zuen iparraldeko mugaraino, batik bat Matamoroseraino eta Reynosaraino. Autobus bakoitzean 60 bat sartzen ziren eta astean bizpahiru autobus iristen ziren. Migratzaile kopuruarekin alderatuta, zifra txikia bada ere, migranteen kontrako biolentzia murriztu zuen nolabait. MSFk Panamatik Mexikoraino proiektuak ditugu eta guztietan sexu biolentziaren gorakada nabaria atzeman dugu. Iaz, 240 sexu biolentzia kasu artatu genituen Matamorosen eta Reynosan. Migrazio-bidearen puntu kritikoetako bat Dariengo oihana da, baina biolentzia egoerak -estortsioak, bahiketak, lapurretak, mehatxuak- herrialde guztietan ikusten ditugu. Mexikon, zoritxarrez, hegoaldetik iparraldera doazen migranteen bahiketak igo egin dira. Bahiketarekin batera, askotan, indarkeria fisikoa eta sexu-indarkeria izaten dira».

Asilo eskatzaileak Tijuanan, CBP One aplikazioaren bidez zita eskuratzeko zain. Hitzordua lortzekotan, El Chaparral muga gunean elkarrizketa bat egiten diete, asiloa lortzeko baldintzak betetzen dituzten baloratzeko. Trumpek bertan behera utzi du babesa eskatzeko bide hau. (EUROPA PRESS)

«Kontuan hartu behar dugu baita ere iristen diren migratzaileen eta Estatu Batuetatik deportatzen dituztenen kopurua handitzen doan heinean, mexikarra ez den migratzaile batentzat zailagoa izango dela osasun zerbitzuetara heltzea. Ezin dugu ahaztu pertsona horiek biolentzia testuinguruetatik ihesean iritsi direla Mexikora eta horietako asko ezin direla beraien herrietara itzuli», azaldu du Castrok.

«Une honetan gehien kezkatzen gaituena AEBetan sartzeko legezko alternatibarik ez egotea da, eta Mexikon babes edo asilo eskaera bat egiteko prozedura oso luzea da, migratzaileek bitartekoak behar dituzte horretarako», nabarmendu du.

MSFko bozeramaileak gobernuei eskatu die «fokua pertsonen beharretan eta eskubideetan jartzeko. Inork ez du bere bizitza arriskuan jar dezaketen arriskuez eta egoerez betetako migrazio-ibilbiderik egingo, ez bada horretara behartzen duen zerbaitengatik, ez bada bere beharrak ase ezin dituelako edo bere bizitza edo ongizatea arriskuan» daudelako.