Oier Gorosabel
Fisioterapeuta
3 BEGIRADA:

Udenoterapia

Osagileon lehen ardura omisio bidezko akatsik ez egitea da.
Osagileon lehen ardura omisio bidezko akatsik ez egitea da. (GETTY IMAGES)

«Ezer ez egitea» defendatzen hasi aurretik, osagileon lehen ardura omisio bidezko akatsik ez egitea da. Kazeta-artikulu batek berez duen arintasunak gauzak gaizki ulertzea ekar dezake, eta zentzu horretan kontuz ibili behar gara: gaur hemen aurkezten duguna ez baita, inondik inora, tratamendu aktiboa behar duten gaixotasunen gainean ezer ez egitea. Aurretiko abisu hau fosforitoz markatu eta gorriz azpimarratu eta gero, has gaitezke.

Udenoterapia terminoa psikiatria arloan erabili zuen lehen aldiz Eugen Bleuler medikuak, konturatu zenean buruko zenbait arazoren aurrean egin zitekeen onena itxarotea zela (greziera zaharrean, ouden = ezer ere ez). Alegia: orduko psikiatrian ohikoak ziren eta, are, modan zeuden terapia aktibo agresibo askok ez zutela onura nabarmenik ekartzen zenbait gaixorengan. Kasu horiekin, hurbilketa terapeutiko berria entseatzen hasi zen: pazientea behatzen, baina bere osasun-arazoan zuzenean esku hartu barik. Ez-tratamendu mota hau ez zuen orokorki aplikatzen, noski: zenbait pazienterekin bakarrik, berez hobetzeko aukera zutenekin. Gerora, gorputzaren auto-orekatze ahalmen hau beste osasun espezialitateetara zabaldu da. Era berean, medikuntza naturistak aintzat hartu izan du; esate baterako, Isaac Puente mediku bizkaitar ospetsuaren dibulgazio idazkien artean aurkitu dezakegu, gorputzaren auto-sendakuntza gaitasuna bultzatzen duten beste baliabideen artean.

Gaur egunean, udenoterapia ez da bere horretan aplikatzen: osasun munduan merkatu-ikuspegia nagusitu den honetan, ez du zentzurik saldu edo eros ezin daitekeen produktu bat iragartzeak. Horregatik, gaur egunean udenoterapia beste tratamenduen artean ezkutuan aurkitzen dugu, osagileon arteko barne-komunikazioetan eta literatura zientifikoan, beste era batzuetan izendatua: «Watchful waiting, watch and wait, WAW, expectant management, active surveillance, masterly inactivity...». Azken finean, gauza bera da: ezer ez egitea, gorputzak bere baliabideekin gaixotasunari aurre egin diezaion lagatzea, osagilea atezuan dagoela, uneren batean bere interbentzioa beharrezkoa izanez gero, egiteko prest. Izan ere, aukera terapeutiko honetan ezinbestekoa da pazientea abisuaren gainean egotea, norbait bere egoera jagoten ari dela jakinda. Ez dagoela tratamendu barik bere zorigaitzera abandonatua, alegia! Hortaz jabetzen denean baino ezingo baita paziente hori erlaxatu, gorputzaren prozesu sendagarriei laguntzeko behar den lasaitasuna mantenduz.

Tratamendu ezaren aukera hau egokia izaten da berez sendatzeko aukera handia duten osasun-arazoetan, jakina: belarriko infekzio gehienek, adibidez, ez dute besterik behar izaten. Prostatako arazoetan ere asko erabiltzen da; baita abdomeneko paretaren hernietan, portaera arazoetan edo giltzurruneko patologietan ere. Diagnostikoari buruzko zalantza handiak daudenean, orobat, balekoa izan daiteke: horrelakoetan, gorputzaren gaixotze-prozesuen bilakaerak (“historia naturalak”) diagnostiko hori argitu dezake, tratamendu egokia ezartzeko aukera handituz. Kirurgian, halaber, askotan erabiltzen den estrategia da, operatu edo ez operatu erabaki behar denean. Bestalde, zenbait gaixotasunetan esku-hartzeak arriskutsuak izaten dira, edo espero diren albo-ondorioak handiagoak izan daitezke tratamendu horietatik espero den onura baino; horrelakoetan, udenoterapia aintzat hartzeko moduko aukera izaten da. •

www.abante.eus