«Estatuaren aurkako kritika Estatuaren deuseztapen bihurtu da»
Bere ikerketa lerro nagusia Argentinako herri kultura eta erlijioa izan badira ere, azken urteetan egoera sozial eta politikoagoari geroz eta arreta gehiago eskaini dio. Tartean, nola ez, Mileiren fenomenoari.

2012an, Cristina Fernandezen Gobernu peronistaren aurkako protesten harira, honakoa idatzi zuen Pablo Seman (Buenos Aires, 1959) antropologoak: «Azaroaren 28an ‘askatasunaren aldeko fronte zabala’ sortzen da, eta horrekin lehiatu eta borrokatu beharko da. Ez dut zalantzarik: subjektu horrek, gaur egun artikulazio alderdikoirik edo elektoralik ez badu ere, izango du». Bai izan ere! 12 urteren buruan, “askatasuna” bandera bezala hartuta eta motozerra ikur gisa erabiliz, Javier Milei Argentinako presidente bilakatu zen.
Horren arrazoiak aztertzeko asmoz, iaz “Mileiren igoera: Argentinan eskuin libertarioa eratzeko gakoak” [“El ascenso de Milei: Claves para entender la derecha libertaria en Argentina”] liburua argitaratu zuen Semanek. Euskal Herrian egin duen egonaldia aprobetxatuz, berarekin elkartu eta gako horiek landu ditugu.
Zure ustez, Mileiren fenomenoa ulertzeko ez zaio bakarrik Mileik egin duenari erreparatu behar. Nola sortu ziren Milei fenomenoa piztu eta zabaltzeko baldintzak?
Kontuan hartuta Milei gastu publikoa asko murrizteko eta hainbat herri sektorek eskuratutako eskubideak desegiteko proposamen batekin heldu dela Gobernura, gutxienez 50 urte egin behar da atzera ikusteko zenbat ezinegon pilatu diren, eta, ondorioz, gehiengoak nolatan egin duen programa horren alde.
Lehen une bat 1965 da gutxi gorabehera, 76ko diktadura militarrarekin larriagotu zena. Argentinak inoiz konpondu ez zuen dilema ekonomiko bati egin behar izan zion aurre: inportazioak ordezkatu eta barne merkatua bultzatzeko eredu ekonomikoa eraikitzen ari zen, noiz eta globalizazioa hasten ari zen garaian.
Gatazka horren konponbidea garai hartako klase dominatzaileen aldekoa izan zen. Horrek langile-sektoreen desegituraketa ikaragarria ekarri zuen, eta langabeziara, informaltasunera eta pobreziara eraman zuen argentinarren ehuneko handi bat.
Gero, 1989-91n, krisi-mota bera agertu zen berriro, jada eraldatuta zegoen egitura batekin, eta 75ekoa bezain modu basatian konpondu zen. Baina oraingoan adostasun handiagoz, neoliberalismoa ez baitzen iritsi Gobernura kolpe militar batekin, hauteskundeekin baizik, Menemekin. Argentinako ekonomiaren birmoldaketa osoa gauzatu zen: irekiera ekonomikoa, pribatizazioak, lan erregimenaren aldaketa, pobreziaren zabalpena, informaltasunaren gorakada, zerbitzu publikoen erabateko murrizketa... Erregimen horrek tentsio ekonomiko eta sozialak eragin zituen, eta 2001ean lehertu egin ziren.
Eztanda horren ostean, Nestor Kirchner peronistaren Gobernua eratu zen. Nolakoa izan zen?
Gobernu post-neoliberala izan zen, erreparaziorako asmoak zituena, baina oso modu mugatuan bete zituena. Bere lehen sei urteetan nahiko ondo funtzionatu zuen. Hala ere, proiektu politiko hori 70eko hamarkadatik zetozen ekonomiaren tentsio berdinei aurre egiten hasi behar izan zen. Nire ustez, adierazpen hiperprogresisten eta gaitasunik ezagatik eta indar-harremanengatik hain progresista izan ezin zuen jardun ekonomiko baten arteko disoziazio batekin.
Orduan, pobrezia, informaltasuna eta aberastasunaren kontzentrazioa areagotu egin ziren berriro, baita garai progresistan ere.
Horren eskutik, haustura soziala eta haserrea ere bai, ezta?
Hiru une handi horien amaieran, zikloaren ezaugarririk okerrenetan sakondu zuen Macriren gobernua barne, ikusten duzu badela informalen masa bat, langile formalenaren antzekoa edo handiagoa dena, eta gainera, gazteenak dira. Horiek kritika bat egiten diote ekonomiaren funtzionamenduari, gehiegi esku hartuta ikusten baitute; kritika bat ekonomia hori kudeatu duen klase politikoari; eta kritika bat Estatuari, herritar gehienentzat, baina batez ere gazte horientzat, esperientzia egokirik ematen ez duen Estatu bat delako, eta motela, eragingabea eta irtenbideak emateko ez-gaia iruditzen zaielako. Adibidez, sektore herrikoietan, osasun publikoa badago, baina ezin dira hain erraz joan bertara, inoiz ez baitago txandarik.
Segurtasun arazoak ere izugarriak dira. Izan ere, 50 urte hauetan hiri handien hazkunde eta metropolizazio prozesu ikaragarria gertatu da. Bertan langabezia eta informaltasun handia dago, eta baita krimen antolatua ere (argitzearren, ez dago soilik leku herrikoietan eta krimen antolatuaren buruzagiak ez dira sektore herrikoietakoak). Eta biztanleriaren zati bat beldurtuta bizi da. Adibidez, emakumeak Omnibusa hartzera lagunduta joaten dira, eta jaisten direnean senitarteko bat egon behar da zain, beren auzoan bertan eraso egin diezaieketelako.
Gainera, azken 15 urteetan arazo handiak izan dira inflazioarekin. Urteko %25eko oinarriarekin hasi zen, izugarri dena, baina Gobernuak egia ezkutatzen zuten zifrak aurkezten zituen.
Orduan, azken 15 urteetan, gobernuak arazo berriak sortzen zituen, ez zituen arazo zaharrak konpontzen, eta gainera, konfrontazio politika zalapartatsua zuen, non ‘gu ez bada, eskuina da’ planteatzen zen, baina gizarteari ez zitzaion argi geratzen ezkerrak ze abantaila eskaintzen zituen.
Eta hor Milei agertu zen.
Ibilbide hori guztia aztertuz gero, indarrean zegoena zalantzan jarriko lukeen lidergo batentzat prestutasun handia zegoela ikus daiteke. Eta hori izan zen Mileik egin zuena: indarrean zegoena zalantzan jartzea.
Analista eta buruzagi politiko guztiek teoria bat zuten, niri beti barregarria iruditzen zitzaidana. Haiek pentsatzen zuten pendulu baten modukoa zela: batean ezkerrak irabazten du, bestean eskuinak, haiek suntsitu egiten dute, guk berreraiki... eta uste zuten dena betiko horrela izan zitekeela. Eta nik ikusten nuena zen gauzak gero eta okerrago geratzen zirela: ez zen pendulu bat, txirrista bat zen, itzultzen ginen bakoitzean hamar pisu beherago geunden.
Zentzu horretan, Mileik hauteskundeak irabaziko zituela jabetu nintzen oposizioko hautesleen artean elkarrizketak egiten lan egiten nuenean. Aurkarien argudioak Mileiren berberak ziren: haiek ere kritika egiten zuten diru transferentziei buruz, plan sozialei buruz, buruzagitza politikoari buruz, merkatuan ondo moldatzen direnen merituari aitortzarik ez egiteari buruz... orduan, nik esaten nuen: hauxe da hegemonia, kontrako alderdiaren boto-emaileek zure argudioak izatea.

Artikulu batean diozunez, Milei ez da soilik amorrua edota antipolitika. «Herri» alternatibo bat sortu du.
Aurreko Gobernuek eta sistema politiko, sozial eta ekonomikoak eskaintzen ez duten guztiarekiko arbuioarekin batera, baieztapen bat dago, askatasunaren ideiari ematen zaion esanahiarekin lotuta. Askatasuna merkatu-askatasun gisa ulertzen da, ahaleginaren ordaina bailitzan, zailtasunei aurre egiteko gaitasun bezala, estatua ahulen babesgune bezala ulertzearen kritika gisa. Hau da, biziraupenaren aldeko borrokan indartsuenen ezarpen bezala ulertzen da askatasuna. Eta askatasunaren ideia horren inguruan hainbat eskaera lotzen dira: klase politikoari, segurtasunari, inflazioari, osasunari... dagozkienak. Baina osasun-eskaera horien bidez ez da aldarrikatzen osasun publikoa, herritarrek osasun-aseguru pribatu bat hartzeko duten gaitasuna baizik. Estatuaren aurkako kritika Estatuaren deuseztapen bihurtu da.
«Gu» horrek karga moral bat ere badu: «Argentinar onek» osatzen dute.
Politikaren, ekonomiaren eta estatuaren kritika horretan, herri bat osatzen da, komunean zerbait duena. Subjektu horiek argentinar onak bezala identifikatzen dira, euren hobekuntza ahaleginari lotuta dagoelakoan, eta Estatuaren laguntza behar duena ez delakoan argentinar ona.
Subjektu horiek hobetzeko duten aukera Estatu bat egon izanarekin lotuta dago. Baina ez da nire egitekoa hemen hori eztabaidatzea. Ez diot hori eztabaidatzeari uzten, baina uste dut beharrezkoa dela haiek gizarte-bizitza nola ulertzen duten aztertzea.
Hor eraldaketa kultural bat gertatu da, eta lehen aipatutako krisi ekonomikoetatik azaleratu diren gizarte-subjektuek presentzia politikoa eta sinbolikoa hartu dute: langabeziaren subjektuek, informaltasunean daudenek, aitortu gabeko inflazioa jasan dutenek... kaltetu guztiek.
Baita gatazkaren kudeaketa agonistikoak kaltetutakoek ere, jendearentzat zuen erantzun bakarra epika gehiago baitzen, mundu guztiak egunean 24 orduz politikoki borrokan egon ahalko balu bezala. Orain, berriz, herritarrei erronka botatzen hasi dira, militantzia kirchneristaren gehiengoarentzat beraiei botoa ematen ez dietenak ergelak edo emozioek erasandakoak baitira. Nik uste dut, progresista eta ezkertiar gisa, ezin dugula onartu gehiengo elektoral baten patologizazioa.
Mileik esaten duena ez ezik, esateko modua aztertzea ere interesgarria da.
Fenomeno mileistaren muinean ekonomiaren egoeraren eta buruzagitza politikoaren kritika daude. Eta hori hitzekin esaten da, baina ikonoekin ere esaten da, hitz horiek laburbiltzen dituzten irudiekin. Indar poetikoa ematen diote.
Orduan, motozerra, kanpotik ikusten zutenentzat ulertezina edo barregarria bada ere, euren bozkatzaileentzat, mezu argia izateaz gain, ‘doikuntza bat egingo dut’ esatea baino indartsuagoa da. Askoz urrunago joatea da.
Mileiren hegemoniaren eraikuntza unea horixe izan zen, hain zuzen ere: kritika irudi horiekin gorpuztea lortu zuen momentua. Borroka kulturala hor izan zen. Borroka kulturala ez da orain, haiek Estatuan daudela, Estatutik irakasten saiatzea; borroka kultural garailea bizitza sozialean egiten da.
Motozerra horri nola egin dakioke aurre?
Gu oso gaizki prestatuta gaude erresistitzeko, ezkerrak eta progresismoak utzitako ondare politikoa negargarria delako. Jende horrek uste du ez zuela gezurrik esan eta gezurra esan zuen, ez du militantzia politikoa ulertzen Estatuan ardurarik bete gabe... eta inoiz ez zutela huts egin uste dutenez, ez daude prest gizartearekin eskuz esku hitz egiteko, ezta nondik, zer tresnarekin eta zer figurarekin joan gizarteak esan diezaien uzteko ere.
Orduan, eraginkortasunez eutsi ahal izateko lehen eginbeharra iraganeko ideia, errepertorio eta figurak gainditzea da. Hori ezinezkoa da, aurreko etapako beste legatu politikoa agintari burokraten gainegitura bat delako: okerrak dira, baina norabide akastuna inposatzeko gaitasuna dute. Benetan nazka eragiten dute herritarren artean. Ez dago irudi positiboa negatiboa baino gehiago duen oposizioko buruzagirik.
Axel Kicillof izan daiteke erreferentzia positiboetako bat?
Kicillof niretzat ahobiko figura bat da, aurreko ondare politikoaren zati bat ordezkatzen duena eta hein batean hura gainditzeko nahia duena. Kicillofek iraganetik jasotzen dituen erasoek erakusten dute ezker hori benetan kanibala dela, beraien artean onena denaren kontra egiten ari direlako, zer eta berritzeko zantzu argiak eman ditzakeen bakarra denean.
Etorkizunari begirako alderdi bat badu. Esaten duenaz gain, nolakoa den eta nola egiten duen ikusita, itxaropenez gidatzen duen buruzagia izan daiteke. Hala ere, nik uste dut Kicillofek boterera itzultzeko borondatea duen jende multzo bat ere ordezkatzen duela. Hauek pentsatzen dute politika Estatutik bakarrik egin daitekeela. 2000. urtera arte marjinalak izan ziren, baina azken 20 urteetan boteretik eta Estatutik gertu bizi izan dira, eta azken hauteskundeak laprasteko iragankorra baino ez zirela izan uste dute, laster gaindituko dena.
Nik uste dut jende horri guztiari honakoa ohartarazi behar zaiola: basamortua luzeagoa eta handiagoa izan daiteke eta politika gizarte zibiletik ere egin daiteke. Defentsa lerroak nik nahi nukeena baino askoz atzerago jarrita, bai, baina egin daiteke.

Borroka kultural horretan zeintzuk dira interesgarriak izan daitezkeen ideia, desira edota ezinegonak?
Nik uste dut gaur egun atzeraldi oso handi batean gaudela, eta luze iraun dezakeela. Ez gaude 2015eko egoera berean. Atzeraldian gaude denok eta gai guztiak. Alde horretatik, oso garai gogorrak datoz. Izan ere, datozen bi urteetan behintzat, emantzipazio-arrazoi batzuen aurkako erasoa biziko dugu. Borrokatzeko eta borrokaren bidez eskubideak lortzeko eskubidea ezbaian dago; Mileirengatik, ofizialismoagatik, baina baita mugimendu sozialek eskubide horren kudeaketa oso txarra egin zutelako ere, ez baitziren inongo arazoen kargu egin.
Orduan, bide, errepertorio, figura eta ikono berriak aurkitu behar dira, gizartean dauden auzi horiek legitimitatearekin bultzatzeko eta artikulatzeko. Edozein kasutan, guk uste baino askoz atzerago daude gure defentsa lerroak. Ondo eutsi ahal izateko, abiapuntua onartu egin behar da, bestela progresismoak erbestean dauden printze errusiarren antza du: garai zaharrak faltan botatzen dituzte, boterean egon izanaren inertzia dute eta berriro boterean egoteko gogoz daude. Baina inertzia eta gogo hutsarekin ez dute arazoa konpontzen.
[Isilune baten ostean] Itxaron, ea irtenbide optimista bat eraiki diezazukedan... badagoela uste baitut.
Ea ba, aurrera.
Nik uste dut gu egoera baterantz goazela, non uztartuko baitira krisi ekonomikoa, Gobernuaren borroka kulturaleko saiakera setatsuak eta Estatuaren azpiegitura fisikoetan akatsen bat edo beste; izan ere, murrizketa hain handia izango denez, egunen batean argia moztuko da eta ezingo dugu berriro piztu. Hor egongo da zentzu komun berri bat aktibatzeko aukera.
Eta aukera horretarako prestatzeko, gure ohiko eremuetatik aterako gaituen hausnarketa bati ekin behar zaio. Nik ulertzen dut bide sakrifikatua dela, baina iruditzen zait hori dela aukera bakarra. Bestea opioa da. Baikortasuna koldarkeria da. Eta gauzak gaizki ikusiagatik, ez diot beharrezko iruditzen zaizkidan gauzak egiteari uzten.
Badira lan oinarrizkoagoak eta lehenagokoak, egin behar direnak eta ez direnak egiten ari: bilerak, gogoetak, jendea entzun... Ezkerraren ibilbidearen legatu politikoaren beste produktu makur bat da mundu guztiak pentsatzen duela militantzia une adierazkorrera mugatzen dela: kalera atera, martxan egon, merchandisinga erabili eta hori Instagramera igo. Baina militatzea hori dela pentsatzea futbolean jokatzea golak ospatzea dela sinestea bezalakoa da. Futbolean jokatzea hori baino askoz gehiago da, hori da garrantzi gutxien duena: jokaldiak egin behar dira, taldekideekin egon, baloia pasatu, fisikoki entrenatu... gol bakoitzaren atzean hiru urteko prestaketa dago.
* Eta, hara non, elkarrizketa egin eta egun gutxira, “Kriptotxanponen iruzurraren” auzia lehertu da. Zentzu komun berri horren aktibaziorako aukera ote? Datozen asteetan izango dugu erantzuna.


