Aezkoako eleak: Galzorian den mintzo baten 7.500 hitz jaso dituzte hiztegi batean, «artelanean»
Artelanean edo auzolanean egina da Aezkoako Euskara Hiztegia. Nafarroako Pirinioetan euskaraz elekatzen direnak 50 herritar baino gutxiago dira, aetzen %5. Egoera kritiko honetan, lanari ekin diote, dagoena ez galtzeko eta pizgarri izateko. Edurne Vidador Barberena eta Bittor Aroskoa Moso koordinatzaileekin mintzatu gara.

Aezkoako euskara - euskara batua - Aezkoako euskara; hori da hiztegiaren atal nagusia. 7.500 ele ditu guztira. Horrez gain, ipuin musikatuak aditu daitezke QR kode baten bidez, eta lekukotasunak irakurri edo entzun daitezke, beren argazkiekin. Bildu dituzten hondarreko testigantzak dira, bizirik daudenenak, ze prozesu honetan hiztun anitz joan zaizkie.
517 orrialdeko liburua da, Aezkoako Batzarraren eta Euskarabidearen laguntzarekin plazaratua. Zerika Taldeko Edurne Vidador Barberena eta Bittor Aroskoa Moso izan dira koordinatzaileak. Filologoa lehena, AEK-ko irakaslea bigarrena; bien jakituria uztartuz atera dute lana aitzinera.
Iñaki Camino filologoak egindako Aezkoako euskararen lexikoaren azterketa bat ere badakar lanak. Hor ikusten da zer-nolako harremanak izan dituen ondoko bailarekin. Aurrizki eta atzizkien atala ere bada. «Gehienak batuaren berdinak dira, baina badira zenbait bereziagoak», azaldu du filologoak. Adibidez, “zutu”, “aroa” erran nahi duena.
Azalean agertzen den mendia Pettuberro da, sorginen kondairaz inguratutako toki magikoa, Aezkoaren erdi-erdian kokatua.
Zerika Taldea
«Artelanean egindako lan bat da, guk artelan erraten baitiogu auzolanari. Talde handia da, eta haiei ere omenaldi ttipi bat egiten diegu, izenak aipatuz eta eskertuz», nabarmendu du Aroskoak.
Euskararen egoera larria zela ikusita, 2012an Zerika Taldea sortu zen Aezkoan. Hala oroitu du Vidadorrek: «Ikastaro batzuk antolatu genituen, hizkeraren gramatika eta hiztegia barneratzeko, eta behin ikasirik, euskara gelditzen zen lauzpabost herrietara joan ginen, berezko euskaldunekin praktikatzera eta ikastera. Material piloa biltzen joan ginen, hitzak, erramoldeak zein adibideak, eta pentsatu genuen zerbait egin behar genuela».
Azkuek, Artolak eta bertze batzuek lehenago bildu zituzten eleekin osatu dute hiztegia. Caminok 4.000 hitz eman dizkie. Ahozko lekukotasunak ere badira: Zerikak bildutakoak, Eusko Ikaskuntzarenak eta ahotsak.eus-ekoak. «Gure helburua zen euskara batua oinarri zuten euskaldunentzat hiztegi bat egitea. Hortaz, EHUko lexikologo batzuekin ipini ginen harremanetan. Oinarrizko nozio batzuk eman zizkiguten eta programa bat ere eskaini ziguten, hizkuntza gutxituekin erabiltzen dena. Hori baliatu genuen», agertu du filologoak.
Behin informazioa antolatuta, ohartu ziren herriz herri aldatzen zirela hitzak eta ahotsak. Inkesta batzuk zabaldu zituzten, bidelagun batzuen bidez, aldaera erabilienak zein ziren jakiteko. Horrek aukera eman zien hiztegia ordena baten arabera eraikitzeko.
Errepasoak «izigarriak» izan direla aitortu du: ikusteko ea erratak zeuden, zeintzuk ziren hemengoak ez ziren eleak, azentuekin zer egin... Irailetik hona zuzenketa lanekin aritu dira Caminorekin eta Xamarrekin, azken ediziora iritsi arte. Lamiñarra argitaletxearekin atera dute.

Bakarrik errepasoetan hiru urte luze pasa dituztela azaldu du irakasleak. «Kontuan hartu behar da gure lanetik kanpo egin dugula, ordu ttipietan. Ez gara herri berean bizi eta lan mardulena Meet bidez egin dugu. Horrek ere zailtzen du».
Denera bortz urte izan dira.
Geroztik ele berriak atera dira. «Lan hau ez da sekula bukatzen, hizkuntza bizirik dago eta. Daramagun salmenta erritmoarekin hiztegiak fite bukatuko zaizkigu eta bigarren edizioa egin beharko dugu!», bota dio Aroskoak Vidadorri. Izan ere, harrera biziki ona izan dute.
Ariben egin zuten lehen aurkezpena otsailaren 14an. «Adiskide batzuek aurreskua eta guzi dantzatu ziguten. Hunkigarria izan zen. 50 lagunetik goiti bildu ginen, interesa dagoen seinale», kontatu du Aroskoak.
Segidan Iruñean plazaratu zuten, eta bero hartu zituzten Karrikirin ere.
Bilakaera
Vidadorrek adinekoen ilusioa goraipatu du: «Beraiendako harrotasun bat da, onartzen delako beren hizkera, ttipitan debekatua izan zutena, baliotsua dela».
XX. mendearen hastapenera arte etxe eta karrika guzietan egiten zen Aezkoako euskara, baina gero erdara prestigioa hartzen hasi zen, administrazio, hedabide eta toki guzietarako hizkuntza ofiziala hori zen. Gerran eta frankismoan debekua izan zen eskolan zein kalean, hor gurasoek erabaki zuten euskara ez transmititzea, eta galduz joan zen.
1970eko hamarkadan aetzen erdiek zekiten bertako euskara. 20 urte geroago, laurdenak. 2010ean %10ak, eta egun kontsideratzen dute euskaraz %40 inguruk dakiela, batua eta aezkera kontuan harturik, eta Aezkoako euskara egiten dutenak %5 izanen direla, 50 hiztun edo gutxiago.
Aezkoako lau herritan biltzen da nagusiki berezko mintzaira: Abaurregaina, Hiriberri, Aria eta Garralda. Gazte batzuek badakite, baina ez dago berezko transmisiorik eta gelditzen diren hiztunak 65 urtetik gorakoak dira.
Zerika Taldeak, egin dituen bilgioekin (bilkurekin) eta hiztegi honekin, espero duena da, nahiz eta beharbada mintzoa galduko den, inguruko eskualdeetan gertatu den bezala, batua oinarri duten pertsonek Aezkoako euskara ezagutzea, kontsultatzeko tresna bat izatea eta, batez ere, erabiltzea. Beren ustez, pizgarri bat izan daiteke berezko euskara ikastea, eta ikasitakoa praktikan ipintzeko baliabideak emanen dituzte. «Nahi duguna da eskolan pixka bat eragin, ikastaroak eta hitzaldiak emanez, irakasleak inplikatuz. Eragileei, baita instituzioei ere, jakinarazi nahi diegu hor gaudela, laguntzeko prest», azaldu du Aroskoak.
«Bildu ditugun ele batzuk hemengoak dira, baina besteak ekialde zabal batekoak, eta interesgarriak dira inguruko eskualdeendako ere», gaineratu du kideak.
Hiztegiaren koordinatzaileek ikasi duten guzia erabiltzen dute. «Ni ez naiz Aezkoan bizi eta ene hautua izan da Aezkoako euskara erabiltzea. Hala galdegiten didate: ‘Ze euskara klase da hori?’. Zaraitzukoaren antza du, Baztangoarena, Garazi aldekoarena, denetarik erraten didate. Badu denetarik zerbait», kontatu du Aroskoak irriz.
Laguna bat dator: «Hemengo euskara berezia da, baditu eragin franko. Aetzak joaten ziren Iparraldera lanera, batez ere Garazira, orduan baditu bertako ezaugarriak. Zaraitzu, Esteribar eta Urraulgoak ere bai. Pot-pourri bat da».
Ele politak
Gustuko hitz batzuk aipatzeko eskatuta, honakoak eman dituzte: epeitze (jan-edan eder bat), otso-pazka, mahaipean txistu (norbait berandu etortzen bada eta hitzik gabe gelditzen bada erraten zaio), gengoaldi (agurtzeko edo “aspaldiko” errateko), datxikola (Vidadorren gustukoena, ahal duen guzietan erabiltzen du, “segidan” adierazteko), be(h)artzen zireleik zato ene bila (eskertzeko adierazpena), zerika (taldearen izena, ‘zer moduz’ galdetzeko), amitxi (amatxi), apitxi (aitatxi)...
Hitzak istorioekin batera jaso dituzte, bizi dugunaz dakigulako elekatzen. Haurtzaroa kontatzen dute, eskola garaia, lana, abeltzaintza eta nekazaritza, kontrabandoa...
Aroskoa: «Eguneroko istorioak azaltzen dituzte, baina anitz jotzen dute aroan bizitako gauzetara: ttipitako jolasak, nola bizi ziren gaztetan... Laborantzarekin lotutako aferak dira, etxearen inguruan beti».
Geroa
Etorkizuna falta zitzaien anitzetan elkarrizketetan, eta galdegin diete ea euskararen geroa nola ikusten duten, baita Irati ibaiak bustitzen dituen lur hauen etorkizuna ere. «Gainbeheran dago, biztanleak ez dira 900era ailegatzen, horrek eragina du guzian, baina gustatu izan zaigu geroko historiak kontatzea, zer asmo duten etorkizunari begira», adierazi dute.

Edurne Vidador Garraldan sortu zen duela 31 urte, eta bertan bizi da. «Jende guti bizi da hemen, lan egiteko aukerak eskasak dira eta anitz Iruñera joaten dira; batzuek joan-etorria egiten dute, baina normalena da han gelditzea eta aste hondarretan etortzea».
«Populazioa zahartua dago. Egia da gazte anitzek egin dutela orain hemen gelditzeko apustua eta familia handiak ere sortu direla. Bagoaz aitzina; gehiago behar da, ordea: lanpostuak, bizitzeko aukerak», defendatu du.
«Etxeak biziki handiak eta zaharrak dira, behar dira berritu, gazteek independizatzeko aukera handirik ez dute. Lan eta etxebizitza afera da, eta hiriburuarekiko urruntasuna, ordu bateko bidaia da».
Arbasoei omenaldia
Vidadorren “amitxi-apitxiek” denek bazekiten “uskara”. Gurasoek ez, baina aita berreuskaldundu zen. «Niretzat ikastea izan da nire arbasoei omenaldi bat egitea: ‘Zuek ezin zenuten egin, nik berrartuko dut eta saiatuko naiz ahal bezainbat transmititzen’. Euskararekiko eta familiarekiko nuen zor zerbait zen», erran du.
Bittor Aroskoaren kasuan, antzeko zerbait da. 46 urte ditu eta garraldarra da, bertan bizi ez bada ere.
«Zortea izan nuen euskara ikastera eraman nindutelako. Aitaren partetik Garraldakoak dira, hauek euskara bazekiten, amatxirekin elekatu izan dut, baina aitatxirekin ez, eta pena hori badut. Amaren partetik zaraitzuarrak dira eta amatxirekin ere okasionea izan nuen elekatzeko eta grabatzeko eta guzi. Gasteizera ikastera joan nintzenean, nire euskara garbi horrekin, galdetzen zidaten ea donostiarra nintzen. Gure ahaideetatik badugu nondik tiratu, banekien ikasi behar nuela, ez nekien nola, eta Zerikak eskaini dit okasionea ikasteko. Horretan segitzen dut».
AEK-n, ikasleei egunero erraten die: «Praktikatzen ez dena segidan atzentzen da. Elekatu edo elekatu, ez dago bertzerik». Aezkoako euskararekin gauza bera da. «Geure artean aritzen gara, Zerika Taldean, eta adiskideekin ere bai ahal dugularik. Jakin-mina sortzeko manera bat da: ‘Zer erran nahi duzu horrekin?’».
Zergatik ikasi?
Zergatik ikasi galtzear dagoen mintzo bat? Berdina gertatzen da ondoan dituzten bailaretan, berriro ikasten ari dira galdurik dauden ele batzuk. «Dena da euskara eta dena da aberasgarria, denentzat da interesgarria hitz berriak ikasi eta erabiltzea», aldarrikatu du Vidadorrek.
«Beti koherentzia batekin ibili behar dugu, inguruko eleak erabiliz. Batuaren parte ere bada. Zertaz ez ibili bertako eleak urrunekoak bilatu baino? Arront politak dira, gainera. Hor dago gakoa, eta ibiliz, eragingo dugu bertzeengan. Gares aldean eskolak ematen ari dira, beren mintzoa berreskuratzen. Erronkarin ere bai».
Elkartzean sentitzen dute indarra, eta horren aldeko apustua egiteko prest daude aetzak ere.


