Euskal Herrian bizi diren emakume migranteen testigantzak
Gure helduen zaintza lanak ia beti emakumeen esku uzten dira oraindik ere, eta horietatik gehienak emakume migranteak izan ohi dira. Euren herrialdea eta familia utzi dituztenak etorkizun hobe baten bila. Ikusezinak askorentzat, funtsezkoak guztientzat.

ENA ESPERANZA(45 URTE. NIKARAGUA)
Duela 17 urte iritsi nintzen Euskal Herrira, 2008an. Familiari eta seme-alabei ekonomikoki lagundu ahal izateko utzi nuen Nikaragua. Hasiera batean umeak zaintzen egin nuen lan, ondoren etxeko langile egoiliar bezala, eta orduka garbitzen ere bai. Gaur egun, adineko emakume bat zaintzen dut. etxeko langile egoiliar bezala lan egitea zaila da, etxean giltzapetuta egote hori, ezin irtetea zure senide eta lagunekin egon ahal izateko, baina tira, ohituz joaten zara, eta azkenean, zaintzen dituzun pertsona horiek ere asko maite dituzu.
Nire herrialdean Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasturte bana burutu nituen. Euskal Herrian, Gurutze Gorriko eta Kutxako ikastaroak egin ditut adinekoen zaintzan hobeto lagundu ahal izateko. Ikastaro sozio-sanitarioa ere burutzen ari naiz, eta benetan pozik nago nire emaitzekin.
Niretzat zailena paperak eskuratzea izan da, eta etxebizitza batean erroldatze egonkorra lortzea. Dokumentaziorik gabe lan bat lortzea ere ez zen erraza izan.
Espainiako nazionalitatea dut orain, “nire aingeru” deitzen ditudan emakume euskaldun batzuek izugarri lagundu nindutelako.
Bidean asko borrokatu behar izan dudan arren, gaur egun oso eroso sentitzen naiz Euskal Herrian.

DIGNA CESPEDES (50 URTE. DOMINIKAR ERREPUBLIKA)
2008ko otsailean iritsi nintzen Euskal Herrira. Nire familiarentzat etorkizun hobe bat lortzeko helburuarekin.
Bakarrik etorri nintzen, seme-alabak eta senarra Dominikar Errepublikan utzita, eta egia esan erraz aurkitu nuen lana. Nire koinata hemen zegoen jada, eta berak erraztu zidan bidea.
Urte hauetan guztietan, adinekoen zaintzaile gisa lan egin dut gehien. Horrez gain, etxeak garbitzen eta ostalaritzan ere bai. Zazpi urte igaro nituen etxeko langile egoiliar bezala lanean, eta ez nuen inolako arazorik izan.
Nire herrialdean lizentzia dut kontabilitatean. Euskal Herrian, egoitzetarako modulu sozio-sanitarioa burutu dut, desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko ikastaro bat: “Pertsonarengan oinarritutako arreta” eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko beste ikastaro bat.
Euskaltegira ere joan naiz bi urtez, pentsatzen dudalako gutxienez gure herrialdeko hizkuntza ezagutu behar dugula gure zaintzaile lana hobeto egiteko. Nire hiru seme-alabek euskaraz hitz egiten dute eta jada tolosarrak dira.

VERONICA MELISSA HAYA (33 URTE. KOLONBIA)
2022ko azaroan iritsi nintzen Euskal Herrira. Senideak nituen hemen. Nire helburua nire herrialdean baino hobeto ordainduta dagoen lan bat aurkitzea zen, han utzi nuen familiari lagundu ahal izateko.
Nire bikotekidearekin etorri nintzen, ni baino bi hilabete beranduago etorri zen hona. Iritsi bezain laster hasi nintzen lanean adineko pertsona bat zaintzen.
Osasun okupazionaleko profesionala naiz Kolonbian. Hemen, Euskal Herrian, hainbat ikastaro egin ditut: personal shopper, ingeleseko ikastaro bat turismorako, eta, gaur egun, erakunde sozio-sanitarioen ikastaroa burutzen ari naiz.
Niretzat zailenak familia han uztea eta etxebizitza bat lortzea izan dira. Ezagutu ditudan pertsonek asko lagundu naute. Zaintzaile gisa izan dudan esperientzia, funtsean, oso ona izan da, oso ondo tratatu nautelako, eta etxe desberdinetan garbiketan egin izan ditudan gainontzeko lanetan ere ez dut inolako arazorik izan.

LOUBA (45 URTE. UKRAINA)
Nire herrialdean liburuzain gisa egiten nuen lan; Euskal Herrian, ordea, adineko pertsonen etxeak garbitzen. Han utzi dudan familiari laguntzeko helburuarekin etorri nintzen hona, eta benetan gogorra da, Ukrainak gaur egun bizi duen egoera ikusita. Hizkuntza ere izan nuen oztopo hasieran, orain jada moldatzen naiz.

DANIELA PONCE (51 URTE. NIKARAGUA)
2008an iritsi nintzen Euskal Herrira, Nikaraguako egoeratik ihesi eta han utzi nuen nire familiari aukera berri bat emateko asmoz. Esan beharra daukat niretzat ez zela erraza izan lana aurkitzea, baina lortu nuen azkenik, adineko pertsonak zaintzen. Gainontzeko zaintzaile guztiek bezala, nik ere sozio-sanitario ikastaroa burutu nuen eta ondoren 7 urtez Zaldibiako etxe batean egin nuen lan. Azkenik, oraindik Nikaraguan bizi ziren nire seme-alabak hona ekarri ahal izan nituen. Zaharrenak Ingeniaritza Informatikoa ikasi du, bigarrenak Antropologia, eta hemen jaio zen txikia Elektrizitatea ikasten ari da. Hirurek hitz egiten dute euskaraz. Oso prozesu zaila da familia hona ekartzearena, urtebete inguru igaro zen hemen nirekin izan nituen arte. Zorteduna naiz, beti laguntza handia eman didan jendez inguratuta egon naizelako. Gaur egun zaintzaile bezala lan egiten jarraitzen dut, eta oso pozik nago. Amaitzeko, esan nahi nuke askotan merezi ez ditugun etiketak jartzen zaizkigula: mila bider entzun behar izan dut, eta ez zentzu onean, «emakume latinoak askoz ere kariñosoagoak zarete», edo «atzerritar guztiek gobernuak emandako laguntzetatik soilik bizi nahi duzue». Guk ondo baino hobeto erakutsi dugu lanera gatozela.
WENDY ESTRADA (44 URTE. NIKARAGUA)
Nikaraguan utzi nuen nire familiari laguntzeko asmoz iritsi nintzen Euskal Herrira. Bi hilabete igaro ondoren, etxeko langile egoiliar bezala hasi nintzen lanean. Oso gogorra izan zen niretzat, urtebetez ez nuen jai egunik izan, bi ordu besterik ez nituen libre eguneko. Era berean, ezagutu ahal izan nituen pertsonek asko lagundu ninduten, haiei esker izan nuen nire eskubideen berri. Hona etorri nahi duten migranteei esango nieke galdetu dezatela iritsi bezain laster, guk ere baditugulako eskubideak. Tolosako Emakumeen Etxean elkartzen den Kafe Tertulia izeneko taldeko emakume migranteak nire familia bezala sentitu nituen, izugarri lagundu ninduten eta azkenik, hasieran zaila izan zen arren, Euskal Herrian bizi izan dudan esperientzia oso ona izan da.

DIANA VALDIVIA-(49 URTE. NIKARAGUA)
Lan aukera hobe baten bila etorri nintzen Euskal Herrira, nire eta Nikaraguako nire familiaren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Justu konfinamenduan iritsi nintzen hona, eta benetan gogorra egin zitzaidan. Presio handia sentitu nuen, neukan diruarekin nire gela ordaindu eta jan besterik ezin nuen egin. Askotan pentsatu nuen berriro nire herrialdera bueltatzea. Lau hilabete igaro ondoren, ordea, etxeko langile egoiliar gisa ibili nintzen lanean bi urtez. Euskal sukaldaritzari buruz nik ez nekien ezer, baina nire inguruko pertsonek irakatsi zidaten, benetan atseginak izan ziren nirekin. Zaintzen nuen pertsona hil zenean, beste lan bat aurkitu nuen, “interna” bezala berriro ere, eta aldi berean sozio-sanitario ikastaroa burutu nuen. Gaur egun oso eroso sentitzen naiz, lagun asko egin ditut eta benetan espero dut nituen helburu guztiak lortzea.

KAFE TERTULIA TALDEA
Kafe Tertulia Tolosaldeko Emakumeen Etxean elkartzen diren jatorri desberdinetako emakumeek osatzen duten taldea da. Asteazkenero biltzen dira euren arazo, duda edo esperientziei buruz hitz egiteko. Aldi berean, migrazio gaietan profesionalak diren zenbait emakumeren laguntza jasotzen dute, eta benetan baliagarria da beraientzat.

