Monroe, Trumpek berpiztua
Une batetik bestera gertatuko dela dirudi, AEBk Venezuelari eraso egin eta 30 milioi venezuelarren bizitzak izorratuko dituela, horrelako zerbaiten atarian egon gaitezkeela. Eta auzoko herrialdeetara zabaltzeko aukera ere hor dago. Aurrekari asko daude. Zalantza? Galdetu Vietnam, Afganistan, Irak edo Libiako herritarrei.

AEBk Venezuelako aireko espazioa “itxi” berri du. Sare sozialetatik, inolako autoritate barik. AEBk ez duelako Venezuelan estatu kolpe bat eman edo erregimen aldaketa bat bultzatzeko autoritaterik. Ezta Karibe itsasoan nahi beste arrantzale misilekin hiltzeko ere. Berdin dio, baina, nazioarteko legeak erabat mespretxatuz dihardu, inperioek diharduten legez. Hego Amerika, Erdialdeko Amerika, Karibe, hemisferio osoa bere baratzea dela uste duelako eta horrela aldarrikatzen duelako, bere esaneko nahi dituelako gainontzeko amerikarrak. Horrela da, horrela izan da azken bi mendeetan, hori dute doktrina santu.
Gezurra ari du, dena da gezurra, gezurra behar du AEBk. Ez da existitzen drogen aurkako gerrarik. Boterea da kontua, zein den nagusi eta zein menpeko. Petrolioa da. Politika. Baina droga dela esaten dute, esan behar dutelako, Irak inbaditu zutenean 2001eko irailaren 11ko atentatuak mendekatzeko zela esan zuten bezala.
Ez dirudi, baina, Irakekoa bezalako inbasio handi bat gertatuko denik. 20.000 soldadu eskasekin ezin da Venezuela bezalako herrialde bat inbaditu. Aspaldi ez bezalako pagotxa geopolitikoa dela esaten duten arren, bultzadak Venezuelatik Nikaraguara eramango dituela, eta Nikaraguatik Kubara gero. Baina ez, Venezuelan ez da eztabaidatuko gero, Iraken gertatu bezala, ezkerrera (Siria) edo eskuinera (Iran) hartu behar den. Libian gertatutakoa errepikatzea probableagoa da: Venezuelan CIAko eta indar berezietako komandoak infiltratzea, venezuelar oposizioan kontra bat antolatzea eta armatzea, aire eraso eta misil zaparrada batekin egitura bolivartarrak ahitzea. Alegia, aukeran, Irakekoa baino, Libiako gerra.
Hori bai, Irak eta Libiako gerrek bezala, Venezuelaren aurkako eraso batek Hego Amerika, Erdialdeko Amerika eta Karibe osoa sutan jarriko lituzkeela aurreratu daiteke. Gerra ez litzatekeelako Venezuelara mugatuko. Vietnamen Kanbodiarekin eta Laosekin edo Iraken Siriarekin gertatu bezala, iraganak eta esperientziak hori erakusten dutelako.
ZERGATIK VENEZUELA?
Trumpen administrazioan asko dira, Marco Rubio buru, Venezuela aurrena eta ondoren Nikaragua eta Kuba erori behar direla diotenak Miamiko gotorlekutik. Argi ibil daitezke Kolonbia eta Mexiko ere. Kontinente osoa! Izan ere, Latinoamerikako eskuin muturra antolatzen ari da, Hondurasen, Brasilen, Bolivian, Txilen; are, otzan-otzan, AEBn asmoen mesedetara jarri ditu ahalmen guztiak. Zertarako? Washingtonek bere esanetara dagoen aliantza sendo eta ideologizatua osatzeko.
Zergatik Venezuela? Jakina da munduko petrolio erreserba handienak dituela. Hori beti da arrazoi ona. Gero, muinean badago Monroe doktrina berpiztua ere, kaleratu berri den AEBko Nazio Segurtasunerako Estrategian harro iragartzen den bezala. Eta badago operazio hau guztia aurrera eramateko gotorlekua ere: Miami.
Monroe berpiztu da, bai. Eta AEBko kanpo politikaren ahalegin handienak berak jorratu zuen ildoa jarraitzeko izango dira: Amerikako kontinentean AEB da jaun eta jabe, klubaren segurtasun buru gorena. Izan ere, Txinari ateak itxi eta mugak jarri behar zaizkio. Hemisferioa duelako baratze AEBk, beste inori ezin alokatuzkoa. Ezin delako erabateko independentzia nazionalik onartu, ezta autonomia estrategikorik ere. Are gutxiago, sozialismoa!
Venezuela Marco Rubio bezalako jendearentzat obsesio izan da eta da. Oraingoa eta aspaldikoa. Antikomunismo primario batean errotutako mentalitate eta sinesmenek eratutako mundu-ikuskeraren ondorioz, inperioaren ideia zehatz baten ondorioz.

Venezuela da Washingtoneko klase politiko osoaren dominazio amets bustien objektua. Ez dago AEBko botere egituretako hainbeste jenderen desirak aseko lituzkeen beste herrialderik. Ez Groenlandia, ez Panama… Venezuela da amets bustien objektua, bai. Eta Venezuelari gerra egiteko gogo hori bereziki ikusgarri egiten da Floridan. De facto Karibeko nazio berria bilakatu den lurraldean, borondate inperial zahar-berrien bilgune bilakatu den estatuan. Alderdi Errepublikanoaren gotorlekua da Florida, eta Trumpen administrazioan botere faktiko diren Marco Rubio, Pam Bondi edo Susie Wiles bezalakoak bertatik datoz. Kubatar eta venezuelar etorkinen habia, diru beltz eta negozio ilunen paradisua, ultraeskuinaren laborategi politiko bilakatu da. Miami, Palm Beach, Orlando, Disneyworld eta bertako iruditeria bereizgarriarekin: hedonismoa, hiperkontsumismoa eta, batez ere, arrakasta. Eta nola ez, New Yorkekoa den arren, Mar-a-Lagon sustraiak bota dituen Donald Trumpekin.
«TRUMP KOROLARIOA»
Horrelako operazio batek doktrina behar du, dokumentu batean jasota dagoena, Nazio Segurtasunerako Estrategia eginda. Duela bi aste eskas argitaratu zen 33 orrialdeko dokumentua, Trumpen arabera AEBn nagusitasuna bermatzeko eta betikotzeko «bide orria» dena. Harrigarria da 1823an proposatutako dominaziorako doktrina bat 2025ean eguneratzea, XIX. mendeko marko bat balekoa izatea XXI. mendean.
1817 eta 1825 artean AEBko presidente izan zen James Monroe politikariaren doktrina berpiztu du Donald Trumpek, Amerikako kontinentean indar eta aurkari ekonomikoen presentzia errotik mozteko. AEB izango da botere bakarra, desafiatu ezin den botere bakarra.
Dokumentuaren sarreran bertan, harroxko, Trumpek bere agintaldiko lehen hilabeteetan «gure nazioa -eta mundua- amildegitik eta hondamenditik salbatu» dituela dio, eta bere estrategia «gizateriaren historian AEB nazio arrakastatsuena eta boteretsuena izaten jarraitzea» dela, «Lurrean askatasunaren gotorleku». Lotsarik gabe baieztatzen da hurrengoa ere: «utzikeriazko urteen ostean, Monroe doktrina berrezarriko dugu nagusitasun estatubatuarra hemisferioan gailentzeko, gure aberria defendatu eta geografia berrietara iristeko». Eta galarazi egingo diete «hemisferiotik kanpoko aurkariei beren indarrak posizionatu edo kontinenteko ondasunak eskuratzea».
AEBk aurreratu du, Venezuelatik harago, Hego Amerikan bazkideak bilatzen jarraituko duela, koalizioak sortuz, «migrazioa kontrolatu» eta «egonkortasun onargarria» sortzeko. Eta «printzipio eta estrategia horrekin bat datozen» gobernu, alderdi eta mugimenduak sarituko ditu.
AEBko armadaren presentziaren egokitzea ere proposatzen da «urgentziazko mehatxuei» aurre egiteko, besteak beste, migrazioa eta narkotrafikoa kontrolatzeko. Are, argi esaten da honakoa ere: «mugak segurtatzeko eta kartelak garaitzeko indar armatuak hedatuko ditugu, beharrezkoa denean hiltzeko baimenarekin». Broma gutxi.
Beldurgarria da Monroe doktrinaren Trump korolarioa: «Gure hemisferioaren patua herri estatubatuarrak kontrolatuko du, ez atzerriko nazioek, ezta instituzio globalistek ere. Beti eta betirako». Trumpen ustez, hori da «burujabetzarako doktrina», Amerika kontinentea «komunismotik, faxismotik eta kanpoko esku-hartzeetatik babestu dezakeena». Esandakoa, broma gutxi.


