Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

«Hareago»

Hondeamakinak lanean, Donostiako Ondarreta hondartzan.
Hondeamakinak lanean, Donostiako Ondarreta hondartzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hazita datoz ibaiak. Harrotuta. Amorratuta. Depresio bat iritsi da bestearen atzetik, eta euria ari du, haizea, ekaitza, txingorra. Gainezka egin dute arroek. Egarri zara, edan egin nahi duzu, tantaka-tantaka, inguratzen zaituen hori dena. Ulertu, entzun, dastatu. Baina gainezka eginda zaude zu ere; gainezka egin dizu inguratzen zaituen munduak. Oldean datoz albisteak, iritziak eta gezurrak. Gelditu egin nahiko zenuke, arnasa hartu. Baina hazita datoz ibaiak, zintzurrean behera amiltzen zaizkizu, errepideetara luiziak nola. Lokatza sumatzen duzu sabelean.

Itsasertz ugertu batera ekarri zaituzte zure pausuek, zure arnasa hartu nahiak. Ur lohituen usaina dakar kresalak. Komunetako urak, haizeak hautsitako adarrak eta itsasoak ekarritako plastiko zatiak, denak nahastu dituzte olatuek. Pasealeku aldera begiratu duzu. Makurtuta daude tamarindoak, ekaitzaldietan behorrak egoten diren bezala, haizeari atzea erakutsiz, uzkurtuta. Halaxe zaude zu ere. Makur, uzkur, gotor.

Malekoira begira jarri zara. Garabiak ikusi dituzu lanean, langileak hara-hona. Itsasoak harriak eraman zituen udazkenean, eta zuloak nabaritzen dituzu nonahi. Depresioak iristen dira, bata bestearen atzetik, eta olatu gosetuek eranzten dute langileek erantsia. Eraiki orduko lehertzen dira murruak. Hareazko hesi altu bat ikusi duzu harrizkoaren parean; malekoiaren eta itsasoaren arteko dike bat. Badaezpada ere.

Zuk ere dikeak eraikitzen dituzu, dike ikusezinak zure eta ingurukoen artean. Hazita datoz ibaiak, amorratuta urak. Izuak laztu dizu azala. Ikara ematen dizu inguratzen zaituenak. Norbait hurbildu orduko pausu bat ematen duzu atzera, minik ez dagoen lekuan sentitzen duzu zauria. Zenbatetan egin ote duzu ihes, min emango zizuten beldurrez. Zenbat desio ukatu ote dituzu, zure bizitza kolokan jarriko zutelakoan.

Euriteek horixe baitakarte; zapaltzen duzun lurraren hauskortasunaren kontzientzia hartzea. Zapata-zolen azpian nabaritzea mundu bat nola desegiten den. Komun-zulotik behera zurrunbiloan isurtzen den ur zikina bezala, hanken azpitik ihesean sumatzen dituzu eusten zizuten oinarriak. Izuak hartu zaitu. Ezagutzen ez duzun zerbaiten ikarak. Jende-saldo ikaratuen hondartza batean zabiltza pasieran. Azkura sumatzen duzu zure pribilegioetan. Zapalduak zapalduagoen bekaitzez dabiltza oinutsik. Zuriak beltzen beldur, gizonak emakumeen beldur, pobreak pobreagoen beldur. Dena mehatxu, dena ikara. Dikeak eta dikeak. Hondarrezko hesiak hondarrezko hesien parean. Segurtasun bila zabiltza nonahi; eutsiko dizun zerbaiten eske. Zure mundua estutu eta estutu, uzkurtu eta uzkurtu. Zu bezalako jendearekin soilik gurutzatzen zara kale grisetan. Hormak areagotuz, “hareagotu” zara zu. •