Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ANALISIA }

Mozorro barik: sheriffa lapur

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak apustua bikoiztu du: bere moralitatea da muga bakarra, eta, indarra, zuzenbide berria. Venezuelakoak mezu argia dakar. Izan ere, lehen bazen diskurtso legal bat, teologia bat, ideologia bat. Orain, berriz, indar basatia eta harrapaketa dira nagusi; are, umiliazioa bera ere erritualaren parte da.

Venezuelako presidente Nicolas Maduroren bahiketaren biharamunean, egunkarietako lehen orrialdeak Londreseko kiosko batean.
Venezuelako presidente Nicolas Maduroren bahiketaren biharamunean, egunkarietako lehen orrialdeak Londreseko kiosko batean. (Matt CARDY | GETTY IMAGES)

Gazan, Venezuelan, migranteen kontra, politikak eta boterearen berritxuratze biolentoak turboa jarri du. Demokraziarentzat eta erresistentziarentzat ondorio asko eta askotarikoak ditu, baina kapitulazioa eta inertzia ez dira nahitaezkoak. Kaltearen neurriak handitzen doaz, neurrigabe. Trumpek argi esan du: muga bakarra bere moralitatea da, eta, hala, inpunitatearen indar erakustaldiak menuan zerbitzatuta datoz.

Ez da menderatzea bakarrik, bortxatzea, umiliatzea eta isilaraztea da. Nazioarteko zuzenbidea, aliantza eta muga oro alboratuz. Herrialde ahulenen burujabetza urria seinalatzea da orain AEBn kapritxoa, bere «nagusikeria zibilizatorioaren» mendeko izango direla gogoraraztea. Horrek, jakina, indarrak legitimitatea ordezkatzen duela adierazi eta ahulek sufritu behar dutena sufrituko dutela aurreratzen du.

Inperioa biluzik dago. Venezuelaren kontrako eraso zuzena, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Groenlandia, eta bide batez, Europa osoarentzat mehatxuak; berritasuna hori da, legitimitatea ekintzarako indarrak ematen du. Orain arte inork ez zuen bere politika Trumpek bezala esplikatu. Beti zegoen legearen mozorroa, nagusikeria ideologiko bat. Orain ez da behar. Amildegirantz urratsa da, bai; eta bai, agian orain bai, XXI. mendea benetan zertan den ulertzen hasiko gara.

Bagenekien Trumpentzat Amerika kontinente osoa dela, bai eta amerikarrak estatubatuarrak bakarrik direla ere. Badakigu AEBk ehunka estatu kolpe antolatu dituela Latinoamerikan eta munduan, dozenaka herrialde inbaditu dituela, gerra zibilak finantzatu dituela, zibilen aurka bonba nuklearrak jaurti dituela, ohikoa eta normaltzat duelako torturatu egiten duela, eta, epaiketarik gabe, kontra egiten dioten buruzagi politikoak hiltzen dituela. Inor ezin da orain harritu indarra erabiltzen duelako, hori ez.

Baina lehen beti zegoen aitzakia: humanitatearen aldeko zerbitzua, kapitalismoaren bermea, askatasunaren eta demokraziaren zaintza. Trumpen bigarren agintaldia hasi denetik, baina, ez da hori estatubatuarrek eman nahi duten itxura. Azpimarratzekoa da, hori bai, indarrean oinarrituta eraiki nahi duten nazioarteko ordena berria, estatubatuarrek eurek Bigarren Mundu Gerraren osteko une dramatikoetan, Jalta eta Potsdameko akordioen ondoren, altxatu zuten aurreko ordena hondatzera datorrela.

Egundaino mundua gobernatu duten instituzio gehienak orduan sortu ziren: Nazio Batuen Erakundea, Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa, eta, geroago, NATO. Nazioarteko trukerako dibisa dolarra izango zela erabaki zen. Pax Americana delakoa Europa berreraikitzeko mailegu bigunekin etorri zen, baldintza zehatzekin ordea: men egin ordena berriari, otzan jokatu eta merkantzia estatubatuarrak erosteko dolarra erabili. Hori bukatu da. Eta, agian, inperioa ikustean, supernoba izarren efektua ikusten ari gara egun, izan ere, zeruan desagertzear direnean, indartsuen distira egiten duten izarrak dira supernobak.

ALFA AR AHALGUZTIDUNAK

Nicolas Maduroren bahiketarekin eztabaida piztu zen: batzuentzat, gerraosteko nazioarteko ordena liberalaren betirako bukaera zen; beste batzuentzat, «legeetan oinarritutako sistema», benetako legea, oihanaren legea, ezkutatzeko mozorroa baino ez zen. Azken horiek, nonbait gezurrak sinesteko kritikoegiak direlako, edo agian erradikalegiak, inozoegi izaten bukatu dute, ez ikusteagatik benetan haustura latz bat prestatzen ari dela.

Lehen taldekoek aldaketa sumatu zuten, baina izenez okertu ziren. Mutazioa ez delako izan legeak oinarri dituen sistematik indarra oinarri duenera, lege sistemaren tresna beti izan delako indarra; lege argudioen erabateko bazterketa ere ez da izan, legezkoak diruditen justifikazioak ematen segitzen baitute, engainagarriak izanda ere.

Indarraren erabilera moduen eraldaketa da gakoa, hipokrisiatik zinismora jauzia. Urtarrilaren 3ko Caracaseko operazioa horren erakusle da: etorkizun hurbilean, Estatu indartsuenek askatasun totala izango dute boterea nahinola gauzatzeko, ustez ordena liberala legitimatzen duten ohiko diskurtso eta prozedurak obeditzeke. Nazioarteko komunitatearen bitartekotza bernizik ez da jada behar helburu geopolitikoak lortzeko. Axola duten arrazoi bakarrak bakoitzaren interes nazional eta publiko propioei dagozkienak direlako, eta jada ez baita hori zertan ezkutatu behar.

Bestela esanda, berritasuna ez da AEB modu inperialistan jardutea, horrela aritzeari ez baitio inoiz utzi; kontua da orain ia aitzakiarik gabe egiten duela, argi eta garbi adieraziz horrela egiten duela, baita lege trikimailuetara jotzen duenean ere. Horrek ez du esan nahi legea erabat amaitu eta denek denen kontra indarra erabili ahal izango dutela. Gero eta gehiago, hiru mailako nazioarteko sistema izango dugula baizik. Tontorrean, munduko potentzia militar handiak, beren artean gatazka sortzen ez duten bitartean, aldebakartasunez ekiteko gero eta libreago izango direnak. Azpian, eragin politiko eta militar gutxiko herrialdeak, indartsuagoen harrapaketa eta kapritxoen mendeko. Eta erdian, beren eragin eremuan aktibitate handiagoa izango dutenak, elkarren artean negoziatzera behartuta egongo direnak, nazioarteko ordena zaharraren itxurak eta bitartekotza gordez.

Hizkera matxista batean adierazita: ahalguztidunak diren alfa arrak, ezintasunera eta umiliaziora kondenatutako beta arrak, eta handiek nahieran aukeratutako arauak dituen jokoan aritzera behartuta dauden kaikuak.

Kanadako lehen ministro Mark Carneyk Davosen emandako hitzaldi aski sonatua arrasto berean etorri da. Merezi du pasarte batzuk lerrootara ekartzea: «Badirudi pasatzen den egun bakoitzak gauza bera gogorarazten digula: potentzia handien arteko aurkakotasun garaian bizi garela, legeetan oinarritutako ordena desagertzen ari dela, indartsuek ahal dutena egin ahal dutela eta ahulek sufritu behar dutena sufritu behar dutela».

George Washington hegazkin ontziari egokitutako gerraontziak, Atlantikoan formazioan nabigatzen. (US NAVY)

Eta logika horren aurrean zera nabarmendu zuen: «Herrialdeetan joera indartsu bat ageri da, dagoena onartzeko, ondo konpontzeko, egokitzeko, arazoak ekiditeko, txintxo portatzeak segurtasuna ekarriko duelakoan. Ez da halakorik gertatuko. Eta Kanada bezalako potentzia ertainentzat gakoa ez da errealitate berrira moldatzea, moldatu egin beharko dugula bistakoa baita. Kontua da nola egingo dugun, murru altuagoak eraikiz edo anbiziotsuagoa den beste zerbait eraikiz. Potentzia handien aurkakotasunezko munduan, herrialde ertainek aukera bat daukate: mesedeak lortzeko elkarren artean borrokatu edo eraginkorra den hirugarren bide bat urratzeko elkartu».

Bukatzeko zera aipatu zuen Carneyk: «Ezin dugu onartu indartsuen erabateko botereak izatea legitimitatearen, zuzentasunaren eta legeen monopolioa, ez behintzat gure boterea elkarrekin erabiltzea erabakitzen badugu».

KONTRATU EZ LOTESLEA

Venezuelaren kontrako erasoa ulertzeko ez da irrazionaltasun seinale bat bezala ikusi behar, baizik eta joera historikoei eta AEBko Gobernuaren eskaera materialei erantzuteko ahalegina bezala. Eta horrekin batera, Trump bezalako eskuin muturreko liderrek egungo mundua nola ikusten duten ulertu behar da, euren irudi propioaren arabera nola berreraikitzen ari diren ikusteko.

Hasteko, beste herrialde baten barnean botere poliziala duen herrialderik ez dago. Kontrol poliziala estatu burujabe baten barne arazoa da; eta estatu burujabeen artean dagoena negoziazioa da, edo gerra. Beraz, Maduro bahitzeko arrazoia egia izango balitz ere -milaka tona kokaina esportatzen dituen kartel baten burua izatea-, bahiketaren ekintza bera, nazioarteko zuzenbidearen begietara, legearen aplikazio legitimoa baino, beste herrialde baten kontrako erasoa da.

Trumpen Administrazioak zergatik eman zituen hilabeteak Maduroren aurkako salaketak eraikitzen? Erantzuna, nazioarteko zuzenbidean baino, AEBko zuzenbidean bilatu behar da: Kongresuak gerra ekintzen inguruan duen azken erabakia ez gainditzea.

Baina benetako legitimotasuna, Trumpen ustez, ke gortina horretatik baino, atzera begirako emaitzetatik dator: inork ezin dezake jada gertatu dena eragotzi. Eta egin behar den edo egin behar ez den eztabaidagai dagoen egoera batean, eztabaida irabazteko bide bakarra dago: egitea.

Dagoeneko erabakita zegoen ekintza baten mesedetan testuingurua sortzeko erabili ziren Maduroren kontrako salaketak: Cartel de los Soles karteleko burua zela, Venezuelako Estatuaren barruan egitura ustel paralelo eta kriminal bat zuzentzen zuela… Bien bitartean, hori bai, nazioarteko narkotrafiko sare itzela zuzendu zuen Honduraseko Juan Orlando Hernandez presidente ohia indultatu zuen Trumpek! Baina inportanteena hori da, Maduroren bahiketaren ostean, Trumpek berak esplikatu zituela benetako helburuak: AEBko enpresentzat Venezuelako petroliora sarbide pribilegiatua lortzea.

Itzulinguruka ibili barik, egia gordin esatea bezain ona da agerikoa den, ezkutatzen ez den, zintzotasun falta. Oso argi, sistematikoki, erakutsi du hori Trumpek, nazioarteko komunitateari iseka egingo balio bezala. Arrazoiak ematen jarrai dezakegu, baina denok dakigu ez dutela ezertarako balio; nahi duena egin nahi badu, zeinek eragotziko dio?

Jarrera hori alderatu dezagun 1990eko eta 2000ko hamarkadetako gerra eta interbentzio militarrekin -izan «krisi humanitarioak ekiditeko» edo «demokrazia hedatzeko»-. AEB eta nazioarteko komunitatearen arteko isileko akordioa aurresuposatzen zen, edo gutxienez munduko ordena berriko ergel handienak direnekin tratua: NATOko beste kideekin.

AEBk munduko poliziaren papera bere gain hartzen zuen: «talde terroristen» aurka, «estatu kolapsatu» (batzuen) aurka eta «erregimen genozida» (batzuen) aurka. Ordain gisa, polizia funtzioa bere interesen mesederako nahi beste aldiz erabiltzeko eskubidea gorde zuen.

«Babesa» eta «segurtasuna» negozioa ziren, azken buruan, akordio bat: kontratu bat non AEBk bere baldintzak, itxuran gutxienez, errespetatzen zituen NBE eta NATO bezalako erakundeetara joaz, estatubatuarren interes propioak eta «mundu librearenak» bateratuz. Eta Venezuelakoak hori erakutsi du: kontratua jada ez da loteslea.

INDAR BASATIA LEGE

Sheriffa ustel saldu bihurtu da, ganadu lapur huts, eta hemendik aurrera bere onurarako indarra erabil dezakeela uste du, inori inolako konturik emateke. Are, estatubatuarren interesekin gatazkarik ez badago, iraganean sheriffa beldurrarazten saiatzen zen beste herrialdeek, Errusiak Ukrainan eta Txinak Taiwanen, nahi dutena egiteko askatasun handiagoa izango dute. Horixe da lezioa, eta Israelgo Gobernuak urteak daramatza praktikara eramaten.

Caracasen “jaio” den interbentzio modu berria ulertzeko, AEBko barne politikara ere begiratu beharra dago. Hiru barne mugari erantzuteko xedez neurrira diseinatuta zegoela dirudielako.

Lehena, MAGAko oinarrietan oso sendoa den sentimendua: America First beti, ez munduko edozein herrialde berreraikitzea edo nonahi polizia lanak egitea.

Bigarrena, batez ere bizitzaren garestitzeagatik Trumpen onespen maila uneotan baxua denez, berau handitzea. Eta horretarako, Venezuelako petrolio merkea lortzea lagungarria izan daiteke, autoen depositua merke betetzeak saria izan dezakeelako.

Hirugarrena, Maduroren bahiketa bi joera historikoren artean koka daiteke: AEBko inperioaren gainbehera eta arreta bereganatzeko politikaren kolonizazio trumpista. AEBk ez du ez bitartekorik ez borondaterik munduko polizia izaten jarraitzeko (Iranen kontrako intimidazio ekintza isolaturen bat kenduta). Txinaren aurka teknologia berdearen lasterketa galdu ondoren, gainbeheran den bere ekonomiari eusteko erregai fosilen alde eginez mundua erretzen ikusi nahi du. Lur arraroetan Txinaren oso atzetik dagoenez, Groenlandiari begiratzen dio. Eta galdutako boterearen nostalgia gizontasun inperial eta premiazko baten fantasia bihurtzen da, bultzatu eta ustiatu behar dena.

Trump mezua pasatzen: indarra erantzun arrazionala da, prezio onena lortzeko modu efizienteena. (CONTACTO / EUROPA PRESS)

Fantasia horiek materialki lorrezinak izan arren, konpentsazio sinboliko izan daitezke MAGA oinarrientzat. Azken emaitza oso dudazkoa izan arren, irabazten ari diren sentsazioaren emaile.

Horrek laguntzen du muga zergen aldeko Trumpen pasioa esplikatzen. Emaitza zalantzagarria duten neurriak badira ere, indar erakustaldi bezala eraginkorrak dira; aldaketa handiak gertatzen ari diren itxura ematen dute, nahiz eta gutxira atzera-buelta eduki. Azkenik, nazioarteko politikaren aro berrian, boterea bere proiekziotik banaezina dela esaten digu, ekintzak bat-batekoak eta ikusgarriak izan behar direla, etsaiek eta antzinako aliatuek beren buruei galdetzeko ondoren zer etorriko den.

TRUMP, «AITATXO»

AEBk Venezuelan, Kuban, Panaman, Kolonbian edo Groenlandian nahi duen guztia lortuko duela ez da halabeharrez egia. Iranen atzera egiteak edo Danimarkarekiko erretolika epeltzeak iradokitzen dutenez, egia absolutu baten alde baino zinismo garden eta ukapen onargarri minimo baten alde egitearen arrazoia hizkera horren parte handi bat itxura hutsa dela da, gainbeheran dagoen erraldoia salatzen duena. Mundu osoan, eskuin mutur trumpzalearen mezua gainbeherarena baita: jendea galduta sentitzen da, instituzioek ez dituzte erantzunak ematen, ekonomia ez dago gehiengoaren zerbitzura.

Mezuak mezu, baina, funtsean, aipatzea beldur ematen dien benetako krisi handi bat dago atzean: kolapso ekologikoa, muturreko fenomeno meteorologikoen perspektiba, modu guztietako baliabide naturalen krisia, gerra eta gatazka armatuen ugaritzea, migrazio masiboa. Eskuin muturrak etorkizun mehatxagarri batek sortzen duen larrimina hartu eta egungo etsaien aurka bideratzen du, izan errealak ala izan imajinarioak.

Kasu honetan, alfa arra izatea ez da hainbeste harrotasun maskulino kontua, agertoki distopiko baten aurrean aukera hobeago bat ziurtatzea baizik. Hemen ez dagoelako lapsus freudiarrik, gezurra ikusgarri egitea mezuaren parte ezinbestekoa delako.

NATOko buru eta Herbehereetako lehen ministro ohi Mark Ruttek Trumpi «aitatxo» deitu zion, ez metaforikoki, ez kasualki, ezta ironikoki ere. Ondo pentsatu eta nahita esandakoa zen: men egitearen seinalea, onespena lortzeko desiraren adierazlea.

Ez zen labainkada diplomatiko freudiarra. Ez zen txantxa, sintoma baino. Aitatxorekin ondo eraman behar delako, bere umore eta trikimailuetara egokitu behar delako. Aitatxok ez duelako diplomazia egiten, dominazio erakustaldiak baino. Aitatxok, urrezko ispiluaren aurrean bularrean kolpeak ematen dituen alfa ar lez, leialtasun frogak eskatzen dituelako.

Epe motzera, europarrek egiten duten bezala giroa baretzeak, tentsioa ez sortzeak, AEBkin nolabaiteko interakzioa ekar lezake, baina, dudarik ez, diplomazia europarraren sinesgarritasuna eta duintasuna ahultzen du.

Erreala izan edo proiektatua izan, indarra erantzun arrazional bihurtu du Trumpek: prezio onena lortzeko modu efizienteena da, amaiera zehatz bat lortzeko joko-teoria egokiena. Oso ondo ulertu du hori. Bere oinarriaren parte handi batek botere erakustaldiak egiten ikusi nahi du, disimulurik eta lotsarik gabe AEBn alde estortsioa egiten, hain zuzen horretarako hautatu zutelako. Horrela jokatuz, nazioarteko ordena bere itxurara berregiten du: beste herrialde batzuk ere beren abentura neokolonial propioetan hastera gonbidatuz, nazio aberatsenak gastu militarra handitzera deituz, kaos geopolitikotik etekin ekonomikoa ateratzeko prestatuz milizia eta kartelak, beste herrialde batzuetako hauteskundeetan sokako eta esaneko hautagaiei mesede eginez (Honduras eta Argentina kasuko).

Era berean, ohar serioa da Venezuelako erasoa adostasun zaharreko ezpala zela esanez lotsagabe erreakzionatu duten europar agintarientzat: boto emaileek azkar erakuts dezakete harropuzkeria hutsala nahiago dutela aiene ahula baino. Aspaldi ohartarazi ziguten psikoanalistek: Trumpek daukan gauzarik okerrena gorrotatzen dutenen artean beren barruko Trump esnatzen duela da. Laster ikusiko da ea ohartarazpena eskala handiagoan baieztatzen den.