Itxaso BENGOETXEA MARTINEZ
Medikuntzan doktorea. Zainketa aringarrietako eta etxeko ospitalizazioko medikua
{ OSASUN LEHIOA}

Medikuok osasun sistemarekin dugun haustura emozionala denon kalterako da

Medikuen protesta bat, greba deialdiaren testuinguruan.
Medikuen protesta bat, greba deialdiaren testuinguruan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ez naiz inoiz sindikatu korporatiboen defendatzaile izan; hogei urtez klaseko sindikatu bateko kide izan naiz. Etxean ikasitako Kroppotkinen elkarrekiko laguntzaren hondarra izango da, baina nire iritziz osasun sistema bezalako ondasun komunitario bat ezin da “ondo” defendatu hura osatzen dugunon interes partikular eta insolidarioetatik soilik egiten bada.

Aitzitik, oraingo honetan aitortu beharra daukat harrituta nagoela, babesgabe sentitzen naizela, umezurtz. Medikuen aldarrien gainean entzuten ditudan hainbeste errepikatutako argudio ankilosatuek («klasista batzuk zarete, elitistak…»), errealitate paralelo bitan murgiltzen ez ari ote garen pentsarazten didatelako. Ezin ulertu bestela gure aldarrikapen legitimoak zapuzteko dagoen intentzionalitatea: lankide batzuengan, sindikatu batzuengan, beren buruak ezker ideologiakotzat dituzten zenbait alderdi edo komunikabiderengan… Berkeleyren errealitatearen teoria egia izango da eta gauzak ez dira diren bezalakoak, norberak “ikusten” dituen bezalakoak baizik. Badirudi medikuok ez daukagula kexatzeko eskubiderik; “langile klasea” eta “medikuntza” kontraesana dira antza. Edo okerrago, protesta egin nahi badugu, gu ere langile klasea garela frogatu behar dugu lehenengo. Akabo!

Medikuok osasun sistema barruan derrigorrezko ordu estrak (guardiak) egitera behartuta gaude, ez ordea beste estamentuak. Espainiako osasun sistemaren ezkutuko bizkarrezurra dira ordu estrak: etengabeko laguntza jarduerari eusteko mekanismoa, giza txandak antolatu gabe eta benetako ahaleginaren araberako soldatak ordaindu gabe. Hori da guardien sistema. Gurean mediku batek 24 ordu jarraian lan egitea normalizatu egin da, ospitaleko beste lankideek baino 800 ordu gehiago lan egitea urtean. Ez salbuespen gisa, ez orain medikurik ez dagoelako, ez unean uneko larrialdi gisara, baizik eta egiturazko funtzio gisa. Sistemaren jasangarritasuna aburu: guardia orduak lanorduak baino merkeagoak direlako. Izan ere, arlo ekonomikoan hasten da perbertsioa: erantzukizunaren, ikasitako urteen eta ditugun arduren pareko soldata lortu nahi izanez gero, guardiatan eta pizgarrietan lortzen den dirua izan behar nahitaez. Medikuntzan, egonkortasun ekonomikoa zuzenean lotu zaio fisikoki agortzeari. Lan arrunta ez da ondo ordaintzen. Soldata ez dago nominan: nekean dago, guardiatako orduetan dago…

Bestetik, nominan bakarrik existitzen diren orduak dira guardiakoak: ez dute erretirorako balio, ez dute urteko jardunaldirako zenbatzen, baina lana eta familia bateratzea ezinezko egiten dute eta nire erresistentziaren motxila goraino betetzen doaz.

Bateren batek pentsa dezake: jarri ditzagun medikuak ere txandaka lanean. Ez luke horrek planteamendu utopikoa izan behar, baina hala dirudi, ezinbestean medikuon plantilla hirukoiztera behartuko lukeelako. Badakit langile publikoak oro har errekurtso urrien inguruan kexatzekoak garela edo horrela ikusten gaituela gizarteak; ezin besteen egoeren inguruan hitz egin, baina nire arloan, medikuntzan, medikurik ez dagoen argudiopean azken hamabost urteetan jasandako eskubide urraketa ez dut inguruko beste osasun langileetan ikusi. Ez dago oporretarako ordezkorik, aitaren ospitaleratzea edota lizentziak lankideak hartzen dituzte bere gain, eta azkenean lankideei karga lausotzeko asmoz eskubideak galduz goaz apurka-apurka, isilpean odolustutzen.

Eta zergatik ez dugu inoiz ezer esan medikuok? Arazoaren funtsa barrutik ulertzeko gure errealitatearekin enpatia ariketa soila baino ez da egin behar: medikuoi hamarkada askotan zehar erakutsi digutelako nekeaz hitz egitea ahulezia morala dela, «ezin dut gehiago» esatea porrot egitea dela, guardia baten ondoren negar egiteak agian lan hau egiteko balio ez dudala aitortzen duela. Nekea bakarrik eta isilik eramaten ikasi dugu. Erresistentzia estoikoaren kulturapean hezi gaituzte unibertsitatetik erresidentziara, eta gero lan munduan ere, urte luzez erresilientziaren mantra errepikatuz, bokazioarenarekin batera. Barrutik hausten ginen bitartean isiltasunean protestarik egin gabe, munduaren aurrean ustezko pribilegiatuak ginelakoan egin dugu aurrera. Lanbidearen feminizazioak lehen disimulatzen zen zerbait agerian utzi du gainera: gehiago jasateko eta gehiago isiltzeko heziak izan direnen gainean uzten du bere pisua sistemak orain. Medikuen isilik egotearen kulturari emakumearen zaintza-erresistentzia kultura gehitu zaiolako: lanbide feminizatu prekarizatua da medikuona.

Laudion 2024an egindako protesta, erietxea medikurik gabe utzi eta gaixo bat hil zela salatzeko. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

SISTEMAREN BERREGITURAKETA BAT

Izaera korporatiboko sindikatuek interes alderdikoiak defendatzen jarraitzen duten bitartean (sindikatu medikoak nahita nahastu ditu lan erreibindikazio legitimoak eta kudeaketa publiko-pribatuko eredu jakin batzuen babesa), klaseko sindikatuek ekidistantzia erosoa aukeratzen dute. Euren jarrera ez dator bat zuhurtziarekin, baizik eta lotsarekin, errealitate deseroso bat onartzeko zailtasunarekin: medikuen kolektiboa, gaur egun, alde askotan, prekarizatutako taldea dela. Delibesen “Los santos inocentes” obrari dagokion ikuspegi bati lotzen zaion irudi anakroniko, ia kostunbrista batean ainguratuta, badirudi medikuak defendatzea sozialki sumingarria eta probokatzailea dela klase sindikatuentzat.

Funtsean arazoa ez da estatutu propio bat izan edo ez (gure aldarrikapen nagusiak estatutu amankomun horretan sartzerik bazegoelako), arazoa ez da Madrilen bakarrik kokatzen, erkidegoek ere ausartak izan behar lukete eta gai honetan aurrerapauso bat eman eskumena izan badutelako: estatutu markoak gutxieneko arauak jartzen ditu mahai gainean, horiek hobetzea erkidegoen esku dago. Ez inor engainatu, arazoa da medikuak ondo tratatzea eta sistema mantentzea bere horretan oximoron bat bihurtu dela. Guardiak kenduz gero edo lanordu bezala ikusiz gero, eraikitako karta-gaztelua jausiko litzatekeelako. Aldarrikapenak onartzeko sistemaren berregituraketa eta birplanteamendu sakona egin beharko litzateke, eta berandu barik.

Borroka honetan, sistemak medikuen arima eta konpromisoa galtzen baditu, garaipenak ez du ezertarako balioko. Medikuok gure lanaren duintasun eta erantzukizun legitimoa defendatzen dugu. Izan ere, gaur egun, hemen eta orain, beste edozein langile publikori baino esfortzu handiagoa eskatzen zaigu, sistemaren jasangarritasuna mantentzeko guardia ordu horiek diruz jaso bai, baina gure denbora dohaintzan emanez.

Medikuen greba ez da soldata-aldarrikapen hutsala. Ez da ustezko pribilegioen aldarrikapena. Haustura-puntu baten deskribapena da. Medikuok osasun sistemarekin dugun haustura emozionala gertatzen ari da eta horrek denontzako kalteak ekarriko ditu, ez mehatxu bezala, errealitate bezala baizik… Gure lanarekiko desafekzio emozional horrek gero eta portaera disfuntzionalagoak ekarriko ditu, artatzearen kalitatean zuzenean eragingo duena.

Lanaldi amaigabeen, kontratu ezegonkorren eta autonomiaren galera progresiboaren mende dauden profesionalak defendatzean, paradoxikoki, mesfidantza handiagoa da enpatia baino. Hala ere, argi eta garbi gogoraraztea komeni da: medikuok ez gara patronala, eta are gutxiago osasun sistemaren barruan boterea dugunok. Funtsezko langileak gara, oinarrizko zutabeak sisteman.