Luixa Reizabal
EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea
3 BEGIRADA:

Hezkuntza eraldatu, jendartea eraldatzeko: pedagogia feministak praktikan

«Ekin eta eraldaketa eragin» gidaliburuaren azala.
«Ekin eta eraldaketa eragin» gidaliburuaren azala. (GAUR8)

Azken hamarkadetan aurrerapauso nabarmenak egin diren arren, hezkuntzan genero-parekidetasuna sustatzeko erronkak oraindik ere agerian daude. Lege-markoek, hezkidetza-planek eta ekimen instituzionalek norabide argia ezarri dute, baina ahalegin horiek ez dira nahikoak izan desberdintasunak desagerrarazteko. Hala, eguneroko praktiketan oraindik agerikoa da genero-desberdintasunek eta zapalkuntza-egiturek bizirik dirautela, sarritan modu sotilean eta ikusezinean erreproduzituz.

Testuinguru horretan sortu eta kokatzen da “Ekin eta eraldaketa eragin. Pedagogia feministen teoria eta praxia” gidaliburua. Euskal Herriko testuingurutik abiatuta, bertako hezkuntza-sistemetan egindako aurrerapausoak zein konpondu gabeko erronkak aztertzen ditu. Aldi berean, pedagogia feministak ikuspegi intersekzionaletik lantzen dira bertan, generoaz gain beste zapalkuntza-ardatz batzuk -hala nola arrazakeria, klasismoa, kapazitismoa edota aniztasun sexu-generikoaren aurkako jarrerak eta zapalkuntzak- kontuan hartuz. Desberdintasunak ez dira ardatz bakar baten ondorio, egitura anitzek elkar gurutzatzean sortutakoak baizik, eta horrek egoera askotarikoagoa eta konplexuagoa bihurtzen du.

Hiru atal nagusitan egituratuta, gidaliburuak dimentsio teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu: alde batetik, pedagogia feministen oinarri kontzeptualak eta genealogia lantzen dira; bestetik, hezkidetzari dagokionez, Euskal Herriko testuinguru juridiko eta politikoa aztertzen da. Horrez gain, esku-hartzerako tresna zehatzak ere eskaintzen ditu; diagnostikotik abiatuta, hezkuntza formal zein ez-formalean aplikagarriak diren baliabideak proposatzen ditu. Helburua ez da errealitatea deskribatzea bakarrik, eraldaketarako bideak aktibatu eta praktikara eramatea baizik.

Lan honen atzean ez dago ahots bakar bat. Aitzitik, ikuspegi anitzen arteko elkarrizketatik sortutako proposamena da. Horrez gain, hainbat eragilek egindako ekarpenak bildu eta aitortzen ditu, ezagutza kolektiboaren balioa azpimarratuz. Ekarpen desberdinen uztarketak aberastu egiten du emaitza, eta, aldi berean, haren izaera kokatua azpimarratzen du: planteamenduak ez dira unibertsalak, baizik eta testuinguru jakinetan errotuak, eta horietara egokitu beharrekoak.

Hezkuntza eraldatzaile batek ezin duenez inor kanpoan utzi, inklusioa eta irisgarritasuna lanaren ardatz nagusitzat hartuta, proposatutako baliabideek parte-hartzea erraztea eta oztopoak murriztea dute helburu.

Hezkuntza-arloko profesionalei, unibertsitateko ikasleei eta komunitate-eragileei zuzenduta, hausnarketa kritikoa sustatzeko eta praktika pedagogiko eraldatzaileak bultzatzeko tresna izateko idatzi da gidaliburua.

Argitalpena EHUko Psikologia Fakultatearen babesarekin kaleratu da, eta doan eskuratu daiteke GuNETuz webgunean, parekidetasunari dagokion atalean, “esku-hartzea” azpi-atalean. Ezagutza eskuragarri egin eta partekatzea da helburua, pedagogia feministak hezkuntza-komunitate zabalera irits daitezen.

Laburbilduz, “Ekin eta eraldaketa eragin” ez da gidaliburu hutsa. Hezkuntza beste modu batean ulertzeko eta praktikatzeko gonbidapena da, eta, aldi berean, aldaketa sozialerako tresna kolektiboa. Hezkuntzak jendartea eraldatzeko ahalmena badu, ezinbestekoa da gure praktikak eta ikuspegiak berrikustea. Bide horretan, pedagogia feministak aliatu sendoak dira, eguneroko hezkuntza-praktiketan desberdintasunak identifikatu, zalantzan jarri eta horiei aurre egiteko tresnak eskainiz. Azken batean, eraldaketa ez da diskurtsoan bakarrik gertatzen: praktikan gauzatzen da. •