Beharrak
Gure gurasoek baino askoz behar gehiago ditugu, eta eskura nahi ditugu, eta momentuan. Lehen begiratuan materialak dira, fisikoak, baina pittin bat arakatuz gero psikologikoak ez ote diren izango iruditzen zait. Behar dugu mugikorra, ahal dela iPhone bat; eta portatila, ahal dela iMac bat; edo telebista, ahal dela 100 pulgadakoa. Behar ditugu pelikulak, ahal dela Max edo Netflix plataformetan; musika, ahal dela Spotify Premium harpidetzarekin, eta urtebete aurretik iragarritako kontzertu erraldoi baterako sarrerak hartuko ditut. Behar ditugu era guztietako jantziak, ahal dela modakoak, eta kotxea “markakoa”. Asko dira gure beharrak…
Kapitalismoa da. Gizarte kapitalista honek sartu digun zomorroak du errua. Zomorroa animalia gosetia da, tximua da, akabatu ezin dugun droga itsaskorra. Eta horrela gabiltza, antsietateak jota, dena nahi eta beharrezkoa denik ere auzitan jarri gabe.
Kapitalismoa sarri ebazten dugu giza kalte guztien erantzule, eta ez naiz hemen ni izango zurituko duena. Aitzitik, ez ote dago norberarengan dena izan beharraren zabor-dinamikatik irteteko ahalegina egitea? Ez ote dago senik pittin bat zomorroarengandik askatu eta masa elitistaren ohituretatik libratzeko?
Hamaika behar ditugu eta ez dira nolanahikoak, puntako markak ditugu desira, gainontzeko gehienen antzera, baina patrikak aginduta zerbait eskuratu ezinik geratzean madarikazioa dator. Desiratutakoa lortu bitartean obsesio bihurtuko zaigu eta barruan tximua estu ibiliko dugu ziklo etengabean murgilduta, biziatutako bizimoldeari eusteko diru gosea piztuz. Eta begitantzen zait ez dela alderik eskuineko zein ezkerreko izan.
Behin norbaiti entzun nion aberats sentitzen zela oinarrizko beharrak betetzeko nahikoa bazuelako, milioiak ez izan arren.
Askotarikoak dira zorioneko bizitza lortzeko bideak, eta ez dute zerikusirik zomorroak ezarritako kontsumo konpultsiboarekin. •

