Agur bat

Segundo gutxi behar dira ideia bat bozeto batekin paperean irudikatzeko, eta hilabete gutxi, ideia hori proiektu bihurtzeko. Eraikin bat, batez beste, 2-3 urtean eraikitzen da eta arkitektoaren ardura zibilak beste 10 urtean iraungo du. Plan Orokor batek 8 urterako beharko luke, baina ez dut 20 urte baino gutxiagoan berritu denik ezagutzen. Zuhaitz landatu berria 40 bat urtean iritsiko da heldutasunera eta landatu duen pertsona, batez beste, 80 urtez biziko da. Pertsona hori bizi den eraikinak 200 urtetik gora iraun dezake zutik eta etxe horrek milaka urte izan ditzakeen hiri bat definitzen laguntzen du.
Egiten denak irauten du. Egiten ez dena ez da inoiz izango.
Orainaren beharrek zehazten dute lehentasunen agenda, baina agenda betetzeko egingo diren horiek orainari ez ezik, etorkizunari ere emango diote forma. Denboraren joanak, egindako hori desagerraraz dezake, baina haren arrastoak, aztarnek edo oroimenak urte luzez iraungo dute. Egiteak mundua aldatzen du eta ardura handia da.
Gaizki egitearen beldurrez-edo, geldirik egoten gara sarri, esperoan, egiteko ardura beste norbaitek hartzeko zain. Baina ez egitea dagoena ontzat ematea da, aldaketa atzeratzea, orain inperfektu honi zilegitasuna ematea. Ez egitea ekintza bat da eta ondorioak gaizki egitearenak bezain txarrak izan daitezke.
Egitea izan daiteke eraikitzea zein eraistea. Bada arautzea, baita desarautzea ere. Bada idaztea, marraztea edo irakurtzea; irakastea, edo, besterik gabe, ikusi eta ikastea. Helburua egiten den hori ondo egitea izan beharko litzateke.
Ontasuna ezaugarri kualitatibo bat da. Gauza bat ez da ona honetatik hamar eta hartatik hogei duelako, bere osotasunean koherentea eta egokia delako baizik. Egia sinple hau zaila da ikusten neurrien tiraniaren aro honetan. Dena neurgarria izan behar da. Zenbat ontasun unitate dituen definitu da arau bidez, azaldu beharra dago txosten bidez, eta erakutsi behar da grafiko bidez. Adierazle horiei esker mundu hobe bat lortuko dugula sinisturik, egunetik egunera ontasuna neurtzeko modu berriak aurkitzen dituzte sinestunek. Helburua ez da egiten dena ondo egitea, egiten den hori ona dela dioten neurri berriak asmatzea baizik. Nola egin behar den zehaztuz, ezer ez egiten jarraitu.
Bada, ni ez naiz sinestuna, baina gauzak ondo egin daitezkeela sinisten dut. Biziko ditudan laurogei urteetatik lau pasa ditut jada lerro hauetan idazten. Hilabetean behin argitaratu diren 48 (berrogeita zortzi!) artikulu hauetan saiatu naiz azaltzen ontasuna ez dela neurtzen, bizitzen baizik. Egin behar dela esateak baino, egiteak aldatzen duela mundua. Egiten den guztian edertasuna bilatzea beste edozein helburu bezain baliotsua dela. Gaur miresten dugun hori atzo egin zela eta bihar miretsiak izango diren gauzak egiteko aukera dugula egunero. Aukera horiek ikusi eta baliatzen dituzten pertsona eta erakundeak behar ditugula, eta, horretarako, arriskatu, probatu, kontraesanetan erori eta berrikastera ausartu behar garela.
Nire eginkizuna, urte hauetan, hori azaltzea izan da eta ondo egiten saiatu naiz. Batzuetan ereduak bilatuz, besteetan (gehiegitan) errealitatea kritikatuz. Orain, lekukoa pasa eta gauzak ondo egitearen bilaketan beste bide batzuk jorratuko ditut.
Bidaia polita izan da, baina ohartu gabe heldu gara mugara. Agur bat! •
