Memoria erne
Zergatik gogoratzen dugu gogoratzen duguna eta, batez ere, zergatik ez dugu oroitzen oroitzen ez duguna? Fernando Mikelarena historialariak bi kontzeptu erabiltzen ditu: desmemoria eta ahanztura. Familia guztietan gertatzen dela azaldu zidan Altzatetarren Dorrearen Akademia elkartea eta “¡Al rescate de Baroja!” nobela aurkeztu berritan, bere etxean solasaldi lasai bat izan genuenean. Erran zidanez, ezin da jakin desoroimena eta ahanztura erabaki kontziente baten ondorioz sortzen diren ala ez. Batzuetan erabaki neurtu bat da; bertze batzuetan, ordea, giza prozesu bat.
Ahanztura bizitza heriotzatik bereizten duen amildegi gisa definitzen dute Paco Rocak eta Rodrigo Terrasak “El abismo del olvido” komiki ederrean. Oroitzea, hortaz, jada gurekin ez daudenak bueltan ekartzea da. Uztail honetan 90 urte bete dira 36ko Gerra hasi zenetik eta Mikelarenak ez du horren oihartzunik aditzen. Horregatik, apaltzen sumatzen duen memoria historikoarekiko interesa hauspotu nahian, 1936ko udan eta udazkenean Bidasoaldean gertatu zen errepresioari buruzko ikastaroa abiatu du aste honetan, Beran eta Internet bidez (informazio guztia Academiadelatorredelosalzate.blogspot.com-en).
Argaitz Harrobiaren ondoan jaio eta hazi nintzen, Nafarroako hiltegirik handiena izan zela jakin gabe. Gaztetxo nintzela harrobian izaten ziren leherketak oroitzen ditut, baina ez nuen arratsetan beratarren amesgaizto ziren fusilamendu hotsen arrastorik. 2013an, lehenbizikoz, fusilatuak eta desagertuak oroitzeko ekitaldia antolatu zen herrian. Hiru hilabete lehenago, Aranzadiko kideek hilerriko hobi komuna ireki zuten. Datu ofizial garbirik ez dagoen arren, zenbait iturrik 200 hildakotik goiti zenbatu dituzte, baina zazpi gorpuzki baino ez zituzten argitara atera. Harrobia Oroimen Historikoaren Lekua da orain eta azaroaren 1ean hitzaldi-omenaldia eginen da bertan, aipatutako ikastaroaren barrenean, fusilamenduen biktimei duintasuna itzultzeko. Ultraeskuina atean dugu berriz, eta memoria erne izan behar dugu. •


