Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Hize Andueza eta Xochitl Karasatorre aitak preso dituzte. (Jon URBE/FOKU)
Hize Andueza eta Xochitl Karasatorre aitak preso dituzte. (Jon URBE/FOKU)

«Ordu luzez bidaiatu eta itxoin... hori da ‘haur motxiladunon’ errutina»

Hize Andueza eta Xochitl Karasatorre. Lehenak 11 urte ditu, bigarrenak 26. Kartzelak eta dispertsioak markaturiko bi bizipen, bi ibilbide, baina aldarrikapen bera: «Ez ditugu lokutorio batean nahi, etxean nahi ditugu».

Hize Anduezak 11 urte ditu. Hiru hilabete zituenean, bere ama espetxeratu egin zuten eta berarekin bizi izan zen kartzelan 3 urte bete arte. Dueñasen, Texeiron eta Aranjuezen. Ondoren, banaketa etorri zen, hiru urtez hogeita lau orduz amarekin egon ostean, astean behin soilik ikustera pasa zen. Araitz Zubimendi 2012ko urrian aske gelditu zen.

Aita oraindik kartzelan du. Datorren otsailaren 17an amaituko du ezarritako zigorra. Azaroaren 27an, aitaren deia jaso zuten etxean. Basauriko kartzelatik egindakoa. Ordura arte, Murtzian zegoen. Azkenean, Bilbo inguruko mendiak ikusteko aukera, baita espetxeko medikuarekin eta ordenantzekin euskaraz hitz egitekoa ere. Ostiral gau horretan, aitak eta alabak “Goazen” telesaila ikusi zuten «adi-adi», batek ziegatik, besteak, etxeko goxotasunean.

Jada ez du zortzi orduko bidaia egin beharko Hizek Murtziaraino. Elkarrizketa egin genuen egunean, ordea, oraindik Murtzian zuen aita. «Kotxez joan izan gara. Hize, sei urteko anaia, aitona-amonaren bat eta ni. Pentsa, Andoainera iritsi orduko galdezka ari ziren zenbat falta zen!», aipatu du Araitz Zubimendi Hizeren amak.

Nola egin jasangarriagoa bidaia umeekin? «Ba, musika, tableta… Bi hotel genituen, Beltza, Murtziakoa, eta Gorria, Teruelgoa, bidean gelditzen ginean. Aiurrek beti galdetzen zuen ea zein hotelera gindoazen eta beti protestaka, berak etxean egon nahi zuelako».

«Ordu luzez bidaiatu eta itxoin. Horixe da ‘haur motxiladunon’ errutina». «Espetxera ordubete lehenago zoaz eta atarian itxoiten egon behar duzu. Segurtasun arkupea zeharkatzeko ere itxaron egin behar duzu. Ondoren, ate pila bat pasatzeko itxoin, ordu erdi sartu eta ateratzeko, zortzi ordu joateko eta beste horrenbeste itzultzeko… Aitarekin daudenean, oso ondo. Baina hori lau ordu dira eta, horretarako, asteburu guztia behar duzu, ostiralean zortziak aldera atera eta igandeko gaueko hamarretan itzuli. Bisitak, elkarbizitzakoa, familiarra eta intimoa, hilabetean behin elkartzen genituen», azaldu du Zubimendik.

Elkarbizitzako bisitak –seme-alabek 10 urte baino gutxiago dituztenean egiten direnak– patio batean egiten zituzten.  «Gordeketan, harrapaketan, udan ur gerrak, margoekin goraino zikindu... Lau ordu oso intentsoak izaten ziren. Aitarekin zoragarri egoten ziren, gainera; Oier oso jostaria da, baina bidaia...», gaineratu du.

«Hizeri elkarbizitzakoa bukatzen zitzaionez, erabaki genuen familiarra, ordu eta erdikoa dena, berak bakarrik egitea, zeren elkarbizitzakoan anaiak bereganatzen zuen ia arreta osoa. Familiarra amonarekin egiten zuen, eta nik Aiurrekin elkarbizitzakoa. Hori hasi ginen egiten koronabirusa baino pixka bat lehenago», helerazi du Zubimendik.

Pandemia dela eta, martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean ezin izan zuen aita ikusi Hizek. Udan, hiru aldiz joan zen. «Lehen hilabetean deiak besterik ez genituen izan, bideo deiak geroago jarri zituzten. Aurrez aurrekorik ez dagoenean, hamar minutuko bideo deia dagokie hilabetean behin, baina nahiko eskas gelditzen da. Eta astean zortzi minutuko hamar dei».

«Batzuetan, irudia gelditu egiten zen eta ezin genuen ondo hitz egin. Etxea erakusten nion, jolasak egiten genituen, amonak oparitutako gauzak erakusten nizkion... Argazkietan baino handiagoa iruditu zitzaion etxea. Hamar minutuak bukatzean, funtzionarioak deia mozten zuen. Oso azkar pasatzen ziren», gogoratu du Hize Anduezak.

Ia jaio zenetik errepidean egon den arren –hamar egunekin aita ikustera joan zen–, «adinarekin kontzienteagoa egiten joan da zer galtzen duen» hamasei orduko joan-etorri horiekin: eskolaz kanpoko ekintzak, horien inguruan antolaturiko jaiak, lagunen urtebetetze festak... «Ez zen ausartzen esatera ez zela aita ikustea joango, zeren badaki zein garrantzitsua den aitarentzat bisita, baina nik ikusten nuen ez zuela nahi. Asteburuan bere lagunekin ez egotea, Hizerentzat zerbait garrantzitsua galtzea da. Hala bizi du Hizek. Eta guk beti esan diogu berak erabakitzeko, aita zoriontsua dela bera zoriontsua bada eta ondo egon behar duela. Argi ikusten genuenean ez zuela joan nahi, horretarako bultzada ematen genion, lana erraztu», adierazi du Zubimendik.

Bidaiatik zer den gehien aspertzen diona galdetuta, Hizek argi du erantzuna: «Kotxea. Pilo bat zorabiatzen naiz. Tabletarekin joaten ginen ez aspertzeko, baina, hala ere, aspertu egiten nintzen». Gogoan du txikiagoa zenean nola ikasi eta errepasatzen zituen biderketa taulak bidean.

«Lagun guztiei esaten diet ‘haur motxiladun’ bat naizela, zeren nahi dut haiek jakitea aita ez dudala hemen. Lagunek ea kartzela bat nolakoa den galdetzen didate, ea liburuak dauden, ea pelikuletan ikusten diren bezalakoak diren… Ate pila bat dituzte. Behin zenbatu nituen, zortzi- hamar bat. Bakoitza irekitzeko, asko itxoin behar duzu». Onena, «aitarekin jolastea, eskulanak egitea, hitz egitea...». Handitan, antzezlea izan nahiko luke. “Haur motxiladunei” buruzko telesail bat egitekotan, buruan du zein izenburu jarriko lukeen: “Nire motxila”.

«Egindako kanpainak egoera honetan dauden haurrei nolabaiteko indarra eman die. Bakoitzak bere bakardadean hori eramatetik elkartzera eta partekatzea. Askori balio izan die», aipatu du Hizeren amak, bere alboan eserita.

El Salvadorretik Etxarrira

Xochitl Karasatorrek 7 urte zituela egin zuen bidaia El Salvadorretik Etxarri Aranatzera. Aita Frantzian atxilotu zutela jakin zuenean, amak Euskal Herrian bizitzeko hautua hartu zuen. Egun 26 urte ditu. Hize Anduezarentzat bezala, berarentzat ere ”haur motxiladun” bezala ezaguna izatea ez da zama bat.

«Bueno, kanpaina hau hasi zenean, ni jada ez nintzen umea. Haurra nintzenean nire egoera egoera nirea zen, ez nuen hainbeste zabaltzen. Orain, zabalduago dagoen errealitate bat da. Beraien egoeran dauden eta zama bera duten beste haur batzuk daudela ikusi dute eta horrek nolabaiteko babesa ematen du, kolektibo baten parte sentitzen zara. Oso onuragarria izan da, bai orain haurrak direnentzat baita orain gazteak izanik ‘haur motxiladun’ izan garenontzat. Herrian bai nuen babesa, preso gehiago zeuden eta erraza zen niretzat aita kartzelan nuela esatea bertan. Baina institutura Altsasura joan nintzenean, soilik ezagutzen nituenei edo egoera ulertu zezaketen pertsonei esaten nien. Egunen batean bisitaren batengatik klasera joaterik ez banuen, ez nien arrazoia esaten irakasleei».

Aita “lehen aldiz” kartzelan ikusi zuen, sei hilabete zituenean, El Salvadorretik Euskal Herrira itzuli baitzen. «7 urte nituenean atxilotu zuten Frantzian eta amak Etxarrira itzultzea erabaki zuen, bestela aita ez nuen ezagutuko».

Bi orduz eserita eta jolastu gabe egon zen bisita hura
Nola da aita ezagutzea zazpi urterekin, kartzelan eta beste herrialde batean? «Aita beti presente egon da nire bizitzan, amak eta amaren familiak beti hitz egiten zidaten aitari buruz, aitaren eskutitzak jasotzen nituen... Aita ezagutzea baino, kartzelako esperientzia izan zen zailena. Lehenengo bisita amarekin eta aitona-amonekin egin nuen».

«Baina, bigarrena, nik bakarrik egin nuen. Aitak ikusi nahi ninduen, ez zuen momentu horretan pentsatu arrotza egingo zitzaidanik. Amari ez zioten sartzen uzten bisita nirea bakarrik zelako. Soilik frantsesa hitz egiten zuen gizarte langile batek eraman ninduen aita zegoen gelaraino. Ateak gurutzatu behar ezagutzen ez nuen pertsona batekin, eta, gainera, elkar ulertu ezinik. Ez dut asko oroitzen. Aitak kontatzen dit bi orduz eserita egon nintzela, bertan zeuden jostailuak ukitu gabe. Ateratzean, amari esan nion ez nuela berriro itzuli nahi. Amak errespetatu egin zuen. Sei hilabetez egon nintzen bisitan joan gabe. Gero, hasi nintzen berriro, baina lehengusuekin joatea ipini nuen baldintza bezala».

Nola eraikitzen da gertuko harreman bat baldintza horietan? «Oso zaila eta berezia da. Ez da edozein umek bere aitarekin edo amarekin duena bezalakoa. Aita hor dago, badakizu zergatik dagoen kartzelan, maite duzu... Eta aitarekin harremana desberdina den bezala, amarekin sortzen den harremana ere berezia da, zeren beti zaude berarekin», nabarmendu du Karasatorrek.

«Txikitan nik ez nuen bisitaren data aukeratzen. Gainera, hilabete bat lehenago egin behar zen eta gero akaso plan bat ateratzen zitzaidan asteburu horretan eta ezin nuen egin. Hori zen gehien izorratzen ninduena eta aitarekin haserretu egiten nintzen. Bisita bukatzen zenean, damutu egiten nintzen, elkar agurtu behar duzun une hori oso gogorra baita», gogoratu du. Egun Castellon dago preso aita. Bost orduko bidaia.

Zubimendirekin bat dator Euskal Herrian amatasun moduluak behar direla eta bi gurasoak kartzelan dituzten haurren kasuan familia moduluak behar direla esatean. «Gauzak ez daude egiten diren arte», aldarrikatu du Zubimendik. «Hizeren aitari gutxi falta zaio libre irteteko, baina beste asko espetxean geldituko dira. Oier orain ekarri dute Euskal Herrira, zigorra bukatzeko hiru hilabete besterik ez zaizkionean gelditzen. Urte batzuk lehenago ekarri behar dituzte, ez soilik amaieran».

«Euskal Herrian amatasun eta familia moduluak behar dira»

«Gizartea nahiko patriarkala bada, espetxea are gehiago. Amatasun modulua dago, baina aitatasun modulurik ez; presoari aita bezala dituen eskubideak ukatzen zaizkio. Horrez gain, kartzelan jaio diren haurrek, preso ez dauden arren, bederatzi hilabete daramatzate jada kalera irten gabe pandemia dela eta, baita aita, modulu berean egonik ere, ikusi gabe. Bederatzi hilabete bi urteko haur batentzat bizitza erdia da. Espetxe berean egonda, zergatik ez daude denak batera? Eta haurron senideak ezin dira haien bila joan nahi dutenean, eta, kartzelatik paseo bat ematera ateratzen dituztenean, giro arrotz batean da, ez dute haien ikastola izango dena ezagutzen, ezta haien auzoa edo herria izango dena ere… Hiru urterekin amarekin duten harreman estu hori moztuko dute eta, gainera, haientzat arrotza den leku batera bizitzera joan beharko dute», salatu du Xochitlek.

«Abiapuntua umeak izan beharko lirateke, ez zigorra»

«Umeek aita eta ama behar dituzte, baina ez lokutorio batean, baizik eta etxean. Guraso bezala dituzten funtzioak ezin dituzte kartzelatik garatu, ez behintzat lehenengo gradu batean egonda. Hutsune hori hor dute haurrek. Hasteko, distantzia, umeen eskubideak urratzen ari dira. Edozein estaturen betebeharra adin txikikoen eskubideak errespetatzea da. Eta esan bezala, erregimen malguagoak behar dira, abiapuntua umearen eskubideak izan beharko lirateke, ez presoaren zigorra. Horren arabera moldatu beharko litzateke egoera, pultsera elektronikoa...», nabarmendu dute Zubimendik eta Karasatorrek.