Ainara Rodriguez - Ion Garate - Imanol Carrillo
Aritz Egea, 2019. edizioko proban –pandemia aurretik egindako azkena– helmugaratzen.
Aritz Egea, 2019. edizioko proban –pandemia aurretik egindako azkena– helmugaratzen.
Gorka RUBIO (FOKU)

Zegama-Aizkorri, sufrimendua baino gehiago gozamena sortzen duen proba zoroa

Pandemiak sortutako hiru urteko geldialdiaren ondoren, hemen da bueltan mendi lasterketetako proba kutunenetarikoa. Igandean lehiatu baino lehen, Aritz Egeak eta Koldo Urrestarazuk, bigarren hau edizio guztietan parte hartu duen korrikalariak, beren sentsazioak azalarazi dituzte.

Euskal Herria, Gipuzkoa, Goierri eta Zegama eta bere inguruak prest daude. Zergatik edo zertarako? Erantzuna oso argia da: hiru urteko geldialdiaren ondoren, Zegama-Aizkorri mendi lasterketa bueltan da igande honetan. Eta adi, izan ere, 9.00etan hasiko den Golden Trail World Series 2022rako puntuagarria izango den proba famatu honek korrikalari onenak bilduko baititu aurten.

XXI. Zegama-Aizkorrik, beti bezala, 42 kilometroko ibilbidea eta 5.472 metroko desnibel metatua izango ditu. Azken bi urteetan ospatzeak sortutako desilusioari buelta emateko, gaur egun mendi lasterketetan dauden korrikalari onenak egongo dira irteeran: 500 korrikalarik hartuko dute parte, besteak beste, Kilian Jornet (bederatzi aldiz garaile), Aritz Egea, Oihana Kortazar (bitan irabazi du) eta Sara Alonsok.

Parte hartzaileen izenak gehiago dira, ordea: Remi Bonnet, Jonathan Albon, Francesco Puppi, Oriol Cardona eta Manuel Merillas, gizonezkoetan, eta Maude Mathys, Courtney Dauwalter, Emelie Forsberg eta Nienke Brinkman, emakumezkoetan. Aurreneko aldiz, Kenyako atletak ere ariko dira: Reuben Narry, Diana Chepkemoi Sigei, Teresiah Kwamboka Omosa, Joyce Muthoni Njeru, Geoffrey Gikuni Ndungu, Ben Kimtai Chematot eta Robert Pkemboi Matayango.

Ezin dugu ahaztu Koldo Urrestarazu, edizio guztietan parte hartu duen korrikalaria. Goerritarra eta Aritz Egea NAIZ Irratitik pasa dira probaren atarikoan eta euren sentsazioak utzi dituzte askorentzat munduko mendi lasterketarik politena den proban parte hartu aurretik.

Bi korrikalari hauek esperientzia handia dute eta ibilbide ezberdinak. Duela gutxi Azpeitian irabaztetik datorren Aritz Egeak profesionalki korrika egiten duen bitartean, Koldo Urrestarazuk beste balentria bat du: Zegama-Aizkorriko edizio guztietan parte hartu du. Eta askok galdetuko diote beren buruari: nola da posible 18 urte jarraian parte hartu izana? Urrestarazuk berak du erantzuna: «Osasuna eta lesiorik ez izatea garrantzitsua da. Suertea ere izan behar da hainbeste urtetan, ez bakarrik lasterketa egunerako, baizik eta lasterketa prestatzeko sartzen dituzun ordu guztiak mendian. Nik, zorionez, ez dut ezer serioa eduki. Faszitis bat izan nuen baina segituan pasa zitzaidan. Saiatu gara beti gorputza eta elikadura zaintzen».

Urte guztietan parte hartzearen arrazoia berari mendia korrika egiteko «asko» gustatzen zaiola da. «Balantzan jarrita, sufrimendua baino gehiago gozamena da. Disfrutatzen dudalako. Lasterketa izaugarria delako, bai antolakuntza aldetik, boluntarioen jarrera, paisaia zoragarria… Lehenengo edizioa egin nuen eta harrez gero, urtero animatu naiz. Iman bat bezala da, erakartzen nau», azpimarratu du.

Goierritarrak lehen edizioa, 2002koa eta «berezia», iltzatuta du buruan, orduan San Ferminetan ospatzen zen garaian –«lehenengo urteetan irteeran jendea ikusten zen zapi gorriarekin», gogoraratzen du–. Ez du anekdota askorik oroitzen, baina urte hartan bizitakoa kontatu du: «Sekulako ilusioarekin atera nintzen, baina gogoratzen dut bero handia egin zigula lasterketan zehar eta urte horretan bai sufritu nuela gozatu baino gehiago. Aizkorrira iristen, kalanbreekin nengoen, oso oso gaizki pasa nuen eta Aizkorriko etxola horretan 10-15 minutu egon nintzen lurrean etzanda, estiramenduak egiten eta ezin gorputzari buelta emanda. Hala ere, bukatu nuen eta poza izugarria izan zen».

Proba honetan bizitako oroitzapen guztiak pandemiak frenatu zituen. Baina Urrestarazuk baikor hartu du geldialdi hau. Izan ere, «pandemiarekin, gorputza nolabait erreseteatzea hainbeste urte Zegama-Aizkorrirako entrenatzen aritu ondoren, ondo etorri zait. Gainera, pandemia garaian, bigarren haurra jaio zitzaigun etxean eta honelako kontuak kirolarekin uztartzea ez da erraza izaten».

Hala ere, oso gogotsu ikusten du jendea bueltarako, eta bera ere hala dago: «Bi urte geldi egon izana, holako har bat sortu dit tripan, eta orain berriz ere oso gogotsu nago irteeran egoteko». Horretarako, bere entrenamendua nolakoa den azaldu du: «Normalean asteburuak hartzen ditut entrenamendu luzeagoak egiteko mendian, desnibel eta distantzia ezberdinak entrenatzeko. Orain mugatuagoa nago familiarengatik. Bestalde, aste barruan, asfaltoan egunen bat edo beste entrenamendu motzagoak edo kalitate handiagokoak egiten ditut txispa hartzeko; eta beste egun batzuetan bizikleta ere hartzen dut. Tartekatu egiten ditut eta honek psikologikoki lagundu egiten dit».

«Zegama intentsoa da»

Azken bi urte hauek, nolabait esatearren, lasai bizi izan dituen beste korrilari bat Aritz Egea da. Urretxuarrari «luzea» egin zaiola aitortu du, baina, aldi berean, «parentesi» bat bezala hartu nahi ditu azken bi urteak. «Zegama intentsoa da. Niri benetan ez zaidala iruditzen bi urtetan ez dela egin. Oroitzapenak hain intentsoak dira… ez dut sentsazio hori bi urtetan ez dela egin, baina hala izan da eta ziur aski bai antolatzaileentzat eta bai inoiz korritu ez duen jendearentzat oso garrantzitsua izango da aurtengoa», azpimarratu du.

Geldialdia urteen pasatzearekin bat dator, eta 38 urte dituen Egea hala mintzatu da probara nola iristen den azaltzerakoan: «Inoiz baino lasaiago nago. Ez dakit zahartzearen ondorioa izango den, baina normalean aurreko astea nahiko gogorra izaten da eta aurten, behintzat, oso oso lasai nago».

Denboraldi hasiera «gogorra» baina «azken urteetako indartsuena, nire inoizko indartsuena» ostean, «oso sasoiko» dagoela aitortu du Egeak, baina «alergiarekin komeriak izaten ditut» eta ez daki zehazki nola egongo den, gaineratu du. Gipuzkoarra ez da faboritoen artean ikusten. Uste du aurkariak –eta gazteak bereziki– hasieratik azkar joango direla. Horregatik uste du «ez naizela lehenengoa izango Sancti Spiritun». Bere ustez, faborito nagusia, «beti bezala», bakarra da: Kilian Jornet. «Gauza arraroren bat gertatu beharko litzateke berak ez irabazteko», azpimarratu du.

Gainera, aurtengo probak beste aitzakia bat du zuzenean jarraitzeko. Izan ere, Norvegian bizi den korrikalari katalana probako errekorra hautsi dezakeelakoan dago Egea. Aditu guztiek diotenez, aurten ibilaldia lehorra egongo da, nahiz eta azken egunetan euri pixkat egin duen, eta honek lagundu egin dezake helburu horretan.

Zentzu honetan, urretxuarrak gauza bat du argi: «Zegamaren kasuan, lehenengo pentsatu behar da besteengan. Normalean korrikalariok egozentrismoa dugu, guregan pentsatzen dugu, baina Zegaman ez gara gu bakarrik. Ikuskizun ona egoteko, batez ere ikusleak gustura egoteko, eguraldi ona behar du. Aurtengoa, perfektoa denontzat: lehor, berorik ez. Bestalde, egia da lokatza Zegamaren parte dela. Korrikalariak zikindu gabe iristen bagara helmugara, ez da berdina. Hankek eskertzen dute lokatz puntua, lehor-lehorra badago hankek asko sufritzen baitute».

Eta zergatik aukeratzen du Aritz Egeak Zegama-Aizkorri korritzea? «Guk bizi dezakegun bizipen handiena da. Zegaman bizitzen duguna ez da munduko beste lasterketetan bizitzen, ezta Euskal Herriko beste lasterketetan ere. Zegamakoa zorakeria da eta aurten hala izango da seguru». Horiek bere hitzak.

Helburuak finkatzea

Aritz Egeak denboraldia du oraindik aurretik, eta ez du erabakita, adibidez, azaroan Tailandian burutuko den Trail Mountain Runningeko Munduko Txapelketan parte hartuko duen edo ez. Bi arrazoi daude tarteko, hasiera batean. Lehenengoa «covida» da, eta besteak «sentimendu puntu» bat du. Izan ere, «Euskal Herriko selekzioarekin izango balitz, dudarik gabe joango nintzen. Kasu honetan zalantzak dauzkat. Beste kasuetan ezezko zuzena eman dut. Akaso nire azken aukera izango da honelako zerbait egiteko, baina ez dut erabaki».

Hori iritsi baino lehen, igande honetan Zegama-Aizkorrin korritu beharko du. Ez du helburu bat finkatuta: «Zegaman norberak bere lasterketa egin behar du eta gero zure denborak ea zer postu ematen dizun. Maila hain altua da, postu batean pentsatzea alper-alperrikakoa dela».

Koldo Urrestarazurentzat, berriz, helburu nagusia «ondo bukatzea da». Eta adi, abisu bat ematen duelako! Buruan duen hori gertatuz gero, «seinale izango da hurrengo urtean ere irteeran egoteko gogotsu egongo naizela». Ea hala den eta, berak dioenez, «balantzan jarrita, sufrimendua baino gehiago gozamena da» Zegama-Aizkorri. Sufritu eta gozatu, biak batera, argi dagoena da proba mitiko hau bueltan dela!