Nagore Belastegi
gara-2022-08-16-Reportaje
Argazkiak: Gotzon Aranburu | FOKU

Iraganeko istorioak kontatzen dizkiguten oihalak

XIX. mendean ez zen batere ohikoa goi mailako ikasketak egitea, are gutxiago emakumea izanda. Aitzindaria izan zen horretan Elena Tuduri tolosarra. Tudurik egindako ikerketa bati esker orain dela 160 urteko jantziak gordetzen zituen kutxa bat aurkitu zuten 2020an Albizturko baserri batean.

Erramu artean ahaztuta gelditu zen altxor eder bat dago ikusgai Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan. Altxorra erramu artean aurkitutako jantzi dotoreak dira, baina baita horiek aurkitzeko prozesua ere, batzuetan testu eta argazki zaharrei begiratzea besterik ez baitago begi bistan ez dagoenaz ohartzeko.

Elena Tuduri Tolosan jaio zen 1893an, familia aberats batean –aita enpresaria zen–. Horri esker ikasketak egiteko aukera izan zuen. Etxean pianoa eta joskintza ikasten gelditu zitekeen, baina berak erabaki zuen Gasteizera joatea irakasle izateko ikasketak egitera. Bere bizkia zen Teresak ere bide berdina hartu zuen. Baliteke Tolosan goi mailako ikasketak egin zituzten lehen emakumeak izatea.

Ikasketak amaitzean, Elena Tuduriri gehiago ikasteko grina sortu zitzaion eta Madrilera joan zen ‘Escuela de Estudios Superiores del Magisterio’ deitutako ikastetxean Pedagogia egitera, beste hiru urte. Bertan etnografia eskolak jaso zituen eta historiarekiko interes handia sortu zitzaion. Gasteizen zela ezagutu zituen Joxemiel Barandiaran bezalako ikastunek ere izan zuten zerikusia horretan.

Elena Tuduri euskal jantzien ikerketan aitzindari izandako tolosarra.

Madrilen emandako hiru urteetan karrera amaierako tesia izango zena prestatzen joan zen Elena Tuduri. Tesi hura, ‘El Traje y otros asuntos de Etnografia Vasca’ izenekoa, euskal jantzien ingurukoa zen, eta, tolosarrak ondorioztatu zuenez, euskal modak ez du oinarri jakinik, handik eta hemendik jasotzen du inspirazioa (euskal jantzien egungo adituak ere ondorio berdintsuetara iristen dira). Tesi horretan lan handia egin zuen garaiko jantziak deskribatzeko eta Euskal Herriko txoko desberdinak bisitatu zituen orduan jada zaharrak ziren jantziak ikertzeko. Etnografian eta euskal jantzietan aditu bilakatu zen Elena Tudiri, eta Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin antolatutako Euskal Ikasketen Lehen Kongresuan parte hartu zuen; are, erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Nahiz eta bere tesia ez zuen inoiz argitaratu, ‘Eusko folklore’ aldizkarian artikulu ugari atera zituen.

Emilio Latorre, Elena Tuduriren bilobak, jaso zuen tesia amona hil zenean. Berak bi kopia besterik ez ditu ikusi, baina hirugarren bat dagoen susmoa du: «Bat nik jaso nuena da, bestea Madrilgo Jantzien Museoan zegoen, eta hirugarrena susmoa daukat ikasi zuen Madrilgo Irakasle Eskolan dagoela, baina agian galduta dago».

Amonaren figura mantentzeko asmoz erabaki zuen Latorrek Elena Tuduriren gaineko liburu bat argitaratzea, egin zuen tesia eta beste hainbat ekarpen bilduta. «Azken hiruzpalau urteak gaizki pasatu zituen, gaixotasun neurodegeneratibo bat zuelako. Horregatik ere erabaki nuen memoria argitaratzea. Ni naiz biloba zaharrena; lehengusuek hitz egiten ez nuen amona bat ezagutu zuten, ohetik besaulkira eta besaulkitik ohera bizi zena. Pentsatu nuen hain emakume aitzindaria izan eta gero, bilobek nor izan zen ez jakitea pena zela», azaldu du bilobak.

Jantzien aurkikuntza

Aspaldikoa da liburua plazaratzeko ideia, baina duela gutxi gorpuztu da. «Amona hil ondoren (1979) bere Madrileko etxea kendu zutenean, aitari eta osaba-izebei idatzi zuen memoria hori nahi nuela esan nien, eta etxera eraman nuen editatu eta txukun argitaratzeko», kontatu digu Latorrek. Urteek aurrera egin zuten eta, azkenean, duela bost urte argitaratu zuen amonaren tesia, eskuizkribuaren atalak transkribatuz, zuzenduz eta oharrak eginez. Osatuz, finean. Eta argazkiak ere jarri zituen, amonak bere tesian txukun gorde zituenak, bisitatu zituen lekuetakoak. 2020an, liburua eskuartean zuela, Mikel Prieto ikerlaria konturatu zen Albizturko Goikoetxea baserria zela zuela mende bat ateratako argazkietan ateratzen zena, eta orain haren jabea den Gotzon Uriarekin jarri zen harremanetan. Honek esan zion baserrian bazeudela egurrezko kutxa zahar batzuk eta begiratzera joatera gonbidatu zuen. Kutxa zahar horiek irekitzean, piratek altxor bat aurkitu izan balute bezala sentitu ziren. Bertan zeuden duela 160 urteko jantzi eta oihal ederrak. Ez zekiten nola zen posible oraindik ere osorik egotea, baina, erramuz inguratuta zeudenez, horregatik dela uste dute.

Horrenbestez, Zumalakarregi Museoan abenduaren 30era arte ikus daiteken erakusketari ‘Elena Tuduri. Erramuaren sekretua’ izena jarri diote. Aurkikuntza egiterakoan ziur zeuden gorde beharreko elementuen aurrean zeudela, baina, badaezpada, Ane Albisu jantzietan adituari iritzia eskatu zioten. Albisuk jantzien garrantziaren berri eman zuen, eta gorde beharrekoak zirela nabarmendu zuen zuten ohiz kanpoko kontserbazioa egoeragatik. Hurrengo pausoa Gipuzkoako Gordailuarekin harremanetan jartzea izan zen, jantziak zaharberritu eta leku egoki batean gorde ahal izateko. Horri esker, nahiz eta Zumalakarregi Museoan lehen aldiz ikusi ahal diren, aurrerantzean bestelako erakusketa batzuetan ere ikusteko aukera izango da.

Erakusketako piezak

Erakusketan Elena Tudurik idatzi zuen tesia eta argazkiak egiteko erabiltzen zuen Kodak kamera zein errebelatzeko aparatua ikusgai egoteaz gain, zaharberritutako jantzi bat eta oraindik ukitu gabeko beste hainbat pieza daude, baita Howe josteko makina zahar bat, jergoia ezkutatzeko arropa dotorea... Goikoetxean aurkitutako piezak etxe horretan bizi izandako familien maila sozialaren isla dira.

Garai hartan ohikoa zen maindire, ohazal eta burukorako azalak gordetzea, eta baserrian aurkitutakoek apaintzeko osagarriak dituzte. Adibidez, jergoia estaltzeko pieza urrezko hariekin brodatuta dago, eta oherako gordinak liho landuz egindakoak dira.

Jantziei dagokionez, bitrinetan XIX. mende hasierako spencer motako satinezko jaka bat dago ikusgai, loredun eta marradun dekorazioa duena. Bestea zeta beltzez egindako jaka da. Barrutik kotoiz forratuta dago eta Josefa Muguerza Tolosako modistaren sinadura darama barruan. Era berean, Goikoetxean mantu bilduma oparoa kontserbatu da eta horietako bi daude ikusgai Ormaiztegiko museoan.

Bestalde, beste bitrina batean 1860ko hamarkadako pieza bat dago, zetazko tafetaz egindako soineko marraduna. 1919an, Elena Tudurik pieza horren argazkia atera zuen bere liburuan txertatzeko.

Erakusketako piezarik garrantzitsuena bitrinatik kanpo dute, ikerlariak bere liburuan jarritako argazkietako batean oinarritutako irudikapen batean aurkeztua. Hain zuzen, 1920ko argazki horri esker izan zen gai Prieto Goikoetxea baserria identifikatzeko. Argazkian piano bat ageri da gela batean, eta aurrean emakume bat soinekoarekin; museoan hori irudikatu nahi izan dute. Bertan begi bistan dugun soinekoa argazkian agertzen den bera da, Gordailuko zaharberritzaile adituen eskuetatik pasatu ostean.

Erakusketako azken atalean, Goikoetxean aurkitutako artxiboa ikus daiteke. Baserriak bost mende ditu eta bertan aurkitutako testamentu, ondasun inbentario, kuraduria, eskritura, kontu-liburu eta etxe eta lursail erosketen dokumentuek balio etnografiko handia dute. Erakusketan Goikoetxean aurkitutako objektuen lagin txiki bat besterik ez da; gozagarriak izango diren erakusketa eta ikerketa gehiago etorri daitezke horien atzetik.