NAIZ Irratia eta Mediabask
Bidegileak1
Nadège kamerundarraren eskuak.
Patxi Beltzaiz

Bidegileak, bigarren atala. Nori ixten dizkio ateak Europak?

‘Bideak’ podcastaren bigarren atal honetan, bidegileak ezagutu dituzte NAIZ Irratiko eta Mediabaskeko kazetariek. Haurdun eta beste haur txiki batekin bidaia egin zuen Nadège, itotzetik juxtuan libratu zen Mohamed, Musa, Liman, Joseph... Galdetu diozue zuen buruari nori ixten dizkion ateak Europak?

Audio_placeholder

Bidegileak, bigarren atala. Nori ixten dizkio ateak Europak?

Loading player...

Hegoi Belategi NAIZ Irratiko kazetaria da eta Mediabaskeko Ximun Larre lankidearekin batera asteak eman ditu Bidasoaren inguruan Gobernu frantsesak ezarri dituen kontrolek migratzaileentzat sortu dituzten ondorioak aztertzen. Atal honetan, egunero Irundik Hendaiarako bidean doazenen bizipenak bildu dituzte.

Udazkeneko gau euritsu batean Irungo Harrera Sareko Gautxoriekin egin dute hitzordua. Edurne eta Maiteri dagokie txanda. 21.00tako autobusean iritsi diren hainbat laguni Gurutze Gorriaren eraikinera lagundu ostean sarreran mutil bat ikusi dute. Liman du izena. Gehienez hiru gau pasa ditzakete migratzaileek Gurutze Gorriaren instalazioetan eta Limanen kasuan aurreko bidaian pasa zituenez gaur ezin du bertan lo egin.

22.00ak pasata, ez du lo lekurik. Irungo Udalaren baliabideak dira beste alternatiba, baina berandu da oso eta Harrera Sareko boluntarioek zalantzak dituzte irizpideak beteko ote dituen. B plana: Harrera Sarearen protokoloa. Limanek geltoki parean dagoen ostatuan egingo du lo.

Dokumentazioa eskatu diote, ez du. Bidean dagoen migratzailea dela dion papera besterik ez, Kanarietan igorritakoa. «Poliziarentzat da dokumentua?», galdetu du. Ezetz erantzun diote, lasai egoteko. Harrera Sareko kideek ordainduko dute lehen egonaldi hau, baita lehen otordu bat ere. Gaurko afaria, oilasko bularki bokata gaztarekin.

«Erokeria hutsa»

Senegaldarra da Liman. Europarako bidea kontatu digu, erokeria hutsa. Dakarretik Malira jo zuen lehenbizi, basamortua zeharkatuz Aljeriara pasa zen eta ofizialki itxita dagoen Aljeria eta Maroko arteko muga zeharkatzea lortu zuen.

Rifeko Nador hirira iritsi zen lehenbizi eta Rabat Marokoko hiriburura ostean. Handik hegoaldera jo zuen, Tarfayara eta El Ayunera ostean. Zazpi hilabetez egon zen Mendebaleko Sahara okupatuko hiriburuan.

Handik gertu hartu zuen ustez bizimodu hobe batera eramango zuen ontzia, eslora laburregiko patera. Eskatutako dirua ordaindu eta Maroko eta Mauritainiako kostazainen arriskua gainditzea lortu zuten. Jendez gainezka zihoan zodiak hotz horretan, egun oso bat eman zuten Fuerteventurara gerturatu arte. Denek ez zuten lortu lurrera heltzea. Bidaiako une batean gidariak ezustean bizkortu zuen abiadura, bi gazte inora heldu ezinda geratu ziren eta uretara erori ziren, gutxira Ozeano Atlantiko zabalean desagertzeko.

«Iritsi ala bertan hil»

Hil ala biziko bidaia da, eta badakite. «Iritsi egin behar duzu...  edo bertan hil», dio Limanek. Izugarria da halako ontzi bat hartu behar izatea, Limanek haietako askok izan zituzten zalantzak ere aipatu dizkigu, baina behin han atzera egiteko aukerarik ere ez zuten izan.

Polizia gerturatzen ari zen, presaka paterara igotzera behartu zituzten. Dena oso azkar pasa zen, oso bidaia zaila izan zen.

Basamortu bat, ozeano bat eta polizien hesiak

Nadège 29 urteko emakume kamerundarra da. Bere izena izan ez arren hala deitzeko eskatu digu. 2018ko abenduan ihes egin zuen bere herrialdetik. Ez du xehetasun gehiegi eman nahi alde egiteko arrazoien inguruan, baina emakumea izanik bizitza arriskuan zuela adierazi digu.

Europarako bidean ere behin baino gehiagotan izango du bizitza arriskuan, basamortu bat, ozeano bat eta Kamerun eta Baiona artean dauden estatu bakoitzaren polizien hesiak gainditu beharko dituelako.

 

Basamortu bat, ozeano bat eta poliziaren hesiak gainditu behar izan zituzten Nadègek eta bere ume txikiak. (Patxi BELTZAIZ)



Lehen oztopoak etxetik gehiegi urrundu gabe aurkitu zituen, Aljeriatik Marokora igarotzeko lehen saiakeran poliziak atzeman eta berriro Nigerrera eraman zuten eta. Poliziaren despiste bat baliatu zuen ihes egiteko, Aljeria iparraldera jo zuen, Oranera, eta han gerora bere haurren aita izango zenarekin igaro zuen Marokorako muga. Bi urte egin zituzten biek Marokon eta lehen haurra jaio zen.

Ez zuten aukerarik... bat bakarra

Lan txikiak topatuz eta kalean eskean arituz eutsi zion Marokon familiak. Maiz lan egin eta ordainsaririk jaso gabe geratzen ziren. Ez zuten paperik, ez zuten aukerarik... bat bakarra, itsasoa pasatzea Europara joateko.

Aita Marokon geratuko zen beste aukera baten zain, Nadègek haur besoetakoa eta sortzear zen bigarrenarekin ekin zion bidaiari. Casablancatik hegoaldera eraman zituzten, bi astez desertuan egon ziren, baldintza gogorretan, itsasora jauzi egiteko une egokiaren zain. Iritsi zen eguna, egurrezko arrantzale ontzi txiki baten ekingo zioten Kanarietarako bideari. Gauak beldurra ematen du maiz, kasu honetan iluntasunak aurrez aurre zuten ezereza lausotzeko balio zien ontzi txiki horretan sartu ziren 62 pertsonei.

Kanariar irletatara gerturatu orduko telefonoak martxan zituzten ontzian zirenek eta laguntza eskatu ahal izan zuten. Gurutze Gorriaren itsasontzi batek erreskatatu zituen. Beste urrats bat, alimalekoa, helburu zuen Europan.

Irunera heldu zenean, Gurutze gorrira jo zuen. Informazioa lortu nahian zebilela  mugalari bat gerturatu zitzaion. 150 euroren truke eraman zuen Baionara.

Noraeza berriz

Gauez egin zuten bidea, arazo handirik gabe. Baina hiriburu lapurtarrean noraeza sentitu zuen berriz. Pausa zentroa da bidean direnentzat erreferentzia nagusia, baina mugalariek ez zituzten han utzi. Gurutze Gorria egongo zela esan zieten lekuan ez zegoen deus, ezin zuten poliziarengana joan, beldur ziren herritarren batek ikusi eta salatuko ote zituen... Azal beltzeko gazte bat ikusi zuen, hari galdetu eta Pausara lagundu zituzten.

Laster ikusiko zuen Europan izanda ere, bide luzea zuela egiteko oraindik.

Tratu txarretatik ihesi

Nigeriakoa da Musa, 10 urte daramatza bidean. 2022an irten zen Kamerundik Joseph. Bere ama hil ostean aitarekin bizi zen, honen mehatxuak eta tratu txarrak eguneroko ogi ziren eta autobus geltoki batera joaten hasi zen lotara. Europara joateaz mintzo zen jendea han, eta bideari ekin zion, Nigerrera lehenbizi, Aljeriara ostean eta Marokon harrobi batean lanean jardun zuen, Europara eramango zuen txalupa ordaintzeko dirua biltzeko. Kanariar irletara iritsi zen, olatu izugarri artean, baina zorionez hildakorik gabe.  

 

Bizi hobe baten bila abiatu diren milaka gazterentzako oztopo dira mugako kontrolak. (Patxi BELTZAIZ)



Guineako errepublikakoa da Aboubakhar. Gainerakoen antzeko bidea izan du, Afrika eta Europa artekoa beste 45 lagun ingururekin egin zuen, txalupan.

Herrikidea da Mohamed, 2018an alde egin zuen. 1.000 euro ordaindu zituen, txalupa txiki batean Europarako bidea egiteko. Lehen saiakeran hondoratu egin zen ontzia eta lagun asko hil zen. Hirugarren saiakeran lortu zuten, Gurutze Gorriaren ontzi batek erreskatatu zituen.

«Terrorismoaren aitzakiarekin»
 
Irungo Harrera Sareko Jon Aranguren izan dugu Gipuzkoa eta Lapurdi artean estatuek ezarritako mugan bizi den egoera ezagutzeko bidelagun. «Terrorismoaren aitzakiarekin ezarritako kontrolez» mintzo da.

Mugen kontrolek terrorismo ekintzarik oztopatu ote duten ez dakigu. Bizi hobe baten bila abiatu diren milaka gazteren oztopo bihurtu direla egunero ikus dezakegu, oraingoan bertatik bertara, Euskal Herrian.