NAIZ Irratia eta Mediabask
2022ko abuztuan, Urruñako elizan sartu zen polizia Baionara bidean zen migratzaile talde bat atxilotzera. Irudian, herritarrak protestan
2022ko abuztuan, Urruñako elizan sartu zen polizia Baionara bidean zen migratzaile talde bat atxilotzera. Irudian, herritarrak protestan
Guillaume FAUVEAU

Harrera Lapurdin: laguntzera engaiatu dira herritarrak

«Hurrengo arte!», esan zien Eñaut Aramendi sindikalistak atxilotu zuten poliziei, «migratzaileek segituko dute pasatzen eta ezin badute normaltasunez ibili segitu beharko dugu laguntzen». Herritar antolatuak izan ziren esku hartzen lehenak, eta gertuko instituzioen erreakzioa ekarri zuen horrek.

Audio_placeholder

Harrera Lapurdin: laguntzera engaiatu dira herritarrak

Loading player...

Militarrak eta poliziak asko ugaritu ziren Lapurdiko mugan 2018ko udan. Migratzaileen bidea oztopatzeko Parisek sortutako operatibo bereziaren adierazlea zen. Aldi berean, hainbat herritar bide bazterrean noraezean ziren pertsona horiek laguntzen hasi zen. Lapurdiko babesari eskainita dago ‘Bideak’ podcastaren seigarren atal hau.

Herritar, elkarte eta instituzioek Irun eta Baiona arteko bide seguru bat eskatu dute migratzaileentzat. Ez da halakorik sortu. Kontrara, Estatu frantsesak kontrolak areagotu ditu urte hauetan guztietan Lapurdi hegoaldean. Aldi berean, estatu mailako soluziorik ezean, migratzaileei euren bidean laguntzera engaiatu dira tokiko herritar, eragile eta instituzioak. Ekimen propio eta espontaneoekin lehenbizi; modu antolatuan gero.

Lerro fin batetik harago

«Gero eta migrante gehiago pasatzen ziren gure eremuetatik, menditik asko. Polizia eta militarrak kasik egunero ibiltzen ziren gure auzoetan, hainbat migrante interpelatzen. Jendea kexatzen ere hasi da: ‘zergatik hainbeste polizia eta militar?’ Giro bitxi batean sartu gara». Halaxe adierazi die Filipe Aramendi Urruñako auzapezak podcastaren egileei.

Migratzaileen bidean, Estatu frantsesaren eta espainiarraren arteko muga Irun eta Hendaia artetik abiatzen den lerro fin horretatik harago doa.

Parisek gurean ezarri duen salbuespen egoeran 20 kilometro arteko tartean egin ahal dituzte poliziek kontrol bereziak. Bidasoa Etorkinekin elkarteko presidente Devi Martinezek azaldu duenez, tarte horretan prozedura administratiborik gabe kanporatu ahal dituzte migratzaileak. Madrilek eta Parisek sinatutako Malagako akordioen puntuetako bat da.

Urruñako elizan Migranteen kanporatze gehienak mugan bertan egin izan ditu Polizia frantsesak, eta izan dira inpaktu berezia izan duten esku-hartzeak. Nabarmentzekoa da 2022ko abuztukoa. Orduan, Urruñako elizan sartu zen Polizia Baionara bidean zen migratzaile talde bat atxilotzera. Ez da Bidasoa ibaia, beraz, gainditu beharreko harresi bakarra; gutxienez Baionara arteko bideak muga izaten jarraitzen du iparralderago joan asmo dutenentzat.

 

Pirinioak-Alpeak karabana, joan den udan Baionatik pasatzen, migratzaileen eskubideak babesteko. (Guillaume FAUVEAU)

 

Eñaut Aramendi Urruñan bizi den sindikalista eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboko kidea da. Bide bazterretan oinez gero eta jende gehiago ikusten zutela kontatu du. «Ezin dituzu hor utzi, arriskutsuegia delako. Halako urratsak oso inportanteak dira: jaso eta autobusera edo Baionara laguntzea. Gaur bi hartu dituzu agian, hurrengo astean hiru. Bideak ere identifikatzen ditugu eta pixkanaka, lagunekin hitz eginez, sarea osatzen goaz».

Agertu duenez, edozeinek du babes amaraun honetan sartzeko aukera. «Guk urgentzia talde deitu diogu, bide bazterretan istripuak gerta daitezkeelako. Abisatu dezaket bi lagun daudela eta beste batek, ahal badu, har ditzake. Lehen minututik jarri dugu ez epaitzeko baldintza. Ehun lagun gara sarean, horietatik 25 aktibo. Gaur bat izan daiteke aktibo eta bihar beste bat. Horrek ahalbidetzen du txandakatzea, ez arauen bidez, baizik eta bakoitzaren aukeraren arabera. Horrela funtzionatzen du eta ongi da».

Erantsi du ez dela pentsatu behar honakoa: «Guk egiten ez badugu ezingo dute bakarrik; eurek badituzte bideak eta segitzen ahal dituzte, gu gabe ere aurrera eginen dute».

Noraino lagundu?

Mikel Mazkiaran abokatua eta SOS Arrazakeriako kidea da. Sarri egiten diote galdera bat: noraino lagundu dezakegu migratzaile bat? Dirua ematen ahal diogu muga gurutzatzeko? Autoan eraman dezakegu? Zer egiten ahal dugu eta zer ez? Non dago muga elkartasunaren eta delituaren artean?

«Kode penalak dioenez, arazo humanitarioagatik zerbait egiten baduzu trukean dirurik eskatu gabe, delitua egin duzu, baina delitu hori ez dago zigortuta. Non dago muga? Ez dakigu, eta ez dagoenez garbi, Irungo Harrera Sarean laguntzen dutenek askotan galdetzen dute zer egin dezaketen eta zer ez. Baina ez eurek bakarrik, taxilariek ere bai. Honen eragina da jende askok atzera egiten duela, badaezpada ere».

Beldur giroa sortzeko Filipe Aramendi Urruñako alkatea eztabaidan ibili izan da poliziarekin. «Komisaldegira gonbidatu ninduten gure politika esplikatzeko, erran bainion gure erabaki politikoaren pean sortzen zela laguntzeko ekintza eta norbait behar bazuten entzun auzapeza zela (...) Hainbat herritar atxilotuak eta komisaldegira eramanak izan dira, batzuk bi orduren buruan libro atera dira, besteek gaua pasa behar izan dute. Une horretan diskurtso bat izan da atxikia jende horri erranez ‘kasu, eginikoa ez da ongi’».

2022 hasieran izan ziren elkartasun sareetan zirenen aurkako polizia ekimenak. Esku-hartze horiek ez zuten inolako ondorio penalik izan, baina laguntzeko prest zirenen artean beldur giro bat sortzea zuten helburu. Horri aurre egiteko, informazioa eman du Herriko Etxeak: «Hori egiten ahal duzu, ez da legalki kondenatzen ahal; hori, aldiz, bai».

 

Baionako Pausa zentroko pertsona migratzaileen aldeko martxa, 2021eko udan. (Guillaume FAUVEAU)


2022ko uztailean atxilotu zuten azkenekoz Eñaut Aramendi sindikalista. «Zazpi orduz eduki ninduten gatibu migratzaile batzuk eramateagatik eta esan nien arazoa polizia dela, horiek ez badaude ez duela inork muga ibaitik edo gauez mendiz pasako».

Pausa zentroa Mugaren bi aldeetan herri ekimena akuilu ukaezina izan da migratzaileei eman beharreko arreta eta harrera indartzeko. Eremu instituzionaletik ere urratsak egitea ekarri du. Gipuzkoan aterpe sare zabala eratu da; Lapurdin, trantsiturako erreferentziazko gune bihurtu da Baionako Pausa.

2018ko azaroan zabaldu zituen ateak Pausa arreta guneak. NAIZ Irratiaren eta Mediabasken podcast honen aurreko ataletan ezagutu ditugun bidegileak hartzen ditu. Gehienek tarte txikia egiten dute bertan, atseden hartu eta bideari jarraitzeko adinakoa.

Baionako Pausa zentroa. (Guillaume FAUVEAU)


Estatu frantsesak ez zuen begi onez ikusi zentro hori irekitzea, Jean-Rene Etchegaray Elkargoko lehendakariak gogora ekarri duenez. Estatuarekin ez ezik, kolektibo herritarrekin ere izan dira talkak, Pausa zentroaren ibilmoldeari loturik batetik, finantziazio faltari bestetik. Hasieratik izan ditu Pausak finantziazio arazoak. Elkargoak hartu du azkenean bere gain dirua ematea, Estatuaren esku-hartzea ere bilatu duen arren.

Auzitegietan saiatu da Elkargoa babesa lortzen. Oraingoz kontrako erabakia jaso du, baina helegitea ezarri ostean aldeko ebazpena espero du Jean-Rene Etchegarayk. Estatuari dagokionez, urtarrilean kargua uzteko egun gutxiren faltan arreta gune honi inolako babesik ez emateko asmoa berretsi zuen Philippe Le Moing Suzur suprefetak.

Sortu zenetik 30.000 laguni egin die harrera Pausak.

«Hurren arte!»

2018ko udan bide berriak bilatu behar izan zituzten Europara zetozen afrikarrek, ate bat ixten den aldiro irekitzen baita leiho bat. Herritar antolatuak izan ziren esku hartzen lehenak eta gertuko instituzioen erreakzioa ekarri zuen horrek.
Etchegarayk migratzaileei ematen zaien harreraren izaera partekatua nabarmendu du, baita bide beretik segitzeko asmoa ere. «Estatua ez dago laguntzeko, eta ez da espero egongo denik ere», baieztatu du Elkargoko lehendakariak. «Guri dagokigu esku-hartzea, beraz».

«Hurrengo arte!», esan zien Eñaut Aramendi sindikalistak atxilotu zuten poliziei, «migratzaileek segituko dute pasatzen eta ezin badute normaltasunez ibili segitu beharko dugu laguntzen; ez dago beste aukerarik».

«Oso erraza dute: kontrolak eta mugak kendu. Arazoa bihar bertan konponduko litzateke borondate politikoarekin. Momentuz ez dute halakorik eta sei hilabete gehiago segituko du mugak itxita; bada, guk ere bidean diren pertsona migratzaileei laguntzen jarraituko dugu. Muga hori irekita dago zurientzat, ireki dezagun beltzentzat ere», egin du dei Bidasoa Etorkinekin kolektiboko militanteak.