NAIZ Irratia eta Mediabask
BideBerriak
Euskal Herria existitzen zenik ere ez zekien sorterritik alde egin zuenean. Abdouren kasuan bai, harrera herri bihurtu da Euskal Herria.
Guillaume FAUVEAU

Bide berriak: Nadege, Amadou eta Abdou gurean gelditu dira

‘Bideak’ podcasta desertu, ozeano eta hesiak gainditu dituzten pertsonekin hasi genuen, eta galdera bat gelditu zaigu: bukatzen da inoiz euren bidea? Irun eta Hendaia arteko muga pasa ondotik zer egiten dute? Azken atal honetan, Nadege, Amadou eta Abdou ezagutuko ditugu.

Bidegileekin abiatu genuen ‘Bideak’ egitasmo hau, desertuak, ozeanoak eta estatuen hesiak pasatu dituzten lagunekin. Eta argi pixka batekin bukatu nahi dugu, azken atalean espero gabe Euskal Herria etxe bihurtu zaien hiru pertsonaren ahotsa adituz. Biderik zailena egina zuela uste zuenean, oztopo artean pausoak ematen jarraitzen du Baionan bizi den Nadegek. Hutsegite administratibo batek paperik gabe, asilorik eskatu ezinda eta oinarrizko laguntzetatik kanpo utzi du bi ume txikiren ama gazte hau.

Amadou adin txikikoa da, hezur test bat egin zioten adina ziurtatzeko, eta ez zen balekoa izan. Kosta zitzaion, baina elkarte eta abokatuen laguntzaz zegokion aitorpena jaso eta harrera familia batean abiatu du bide berria.

Abdouren kasuan, okin ikasketak egin zituen Hazparnen eta Baigorriko Irastorza okindegira eta familiara batu da.

Nadege

Podcast honen bigarren atalean ezagutu genuen Nadege. Kamerungoa da eta 29 urte ditu. Haur txiki batekin eta bigarrenaz haurdun zela gainditu zuen Ozeano Atlantikoa. 2021eko Eguberrien bueltan iritsi zen Baionara, eta bertako Pausa zentroan hartu zuen babesa.

Beste askoren antzera, Cimade elkartearen eskutik egin ditu lehen urratsak gurean ama gazteak. Norbanakoen eskuzabaltasuna ere izan du lagun. Emazte batek etxean hartu zuen ume txikiarekin batera eta erabat eskertua dago Nadege.

NAIZ Irratiari eta Mediabaski kontatu dienez, administrazioan katramilatutako amesgaizto bat bizi du. Asilo eskaria egitera Bordelera joan behar izan zuen. Behin han, dublindua dela esan zioten. Europara Estatu espainiarretik sartu zen eta Dublingo Hitzarmena eskuetan asilo eskaera Espainian egin behar duela esan diote. Ez da aukerarik onena Nadegerentzat, bide luzea egin du eta Baionan gutxieneko aterpe eta sare bat baditu dagoeneko. Baina ez da berea erabakia. Ustez harrerarako balio duen Dublingo hitzarmena da araua, maizegi kanporatze mekanismo bihurtu dena.

11 egun geroagorako eman diote berriz hitzordua Bordelen. Zortzi hilabeteko haurdun dago, ez dago ondo, eta zitara joateko arazoak izan ditzakeela esan die asilo eskariko bulegoko langileei. Hitzordura kale egitea arrazoitzen badu, ez dagoela arazorik esan diote.

Berriz Baionan, ez bidaiatzeko aholkatu diote ospitalean, ziurtagiria eman diote, eta bidali du. Hortik aurrera, dena hankaz gora jarriko da bere bizitzan.

 

 

Administrazioaren burokrazian galduta dago Nadege. (Patxi BELTZAIZ)



Hilabeteetan ez du administrazioaren berririk izan. Administrazioarentzat, ihes egin du Nadegek. Urte eta erdira eskaria berriz egin beharko duela esan diote. Bitartean zer eginen du?

Zuritze krema Beti beldur bat soinean: poliziarekin topatu eta kanporatuko ote duten. Bi haur txikirekin administrazioaren burokrazian galduta, inongo baliabiderik gabe, elikagaien bankuari eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboari esker ari da bizirauten emakume kamerundarraren familia.

Etenik gabeko oztopo-bidea da berea. Honatx azken-aurreko atala: paperik gabekoei osasunerako sarbidea ematen dien ziurtagiriaren bila joan da. Nadegeren hitzak dira: «Galdetu nion beltza nintzelako tratatzen ninduen horrela. Esan nion hala bazen zuritze krema bat erosiko nuela eta agian modu horretan pertsona gisa tratatuko ninduela».

Bide berri bat abiatu nahi du, berarentzat eta besoetan dituen bi haurrentzat. Baina ozeano eta desertu berriak agertu zaizkio, Europako estatuen migrazio politiken ondorioz.

Amadou Senegaldarra da Amadou. Adin txikikoa zela iritsi zen gurera, babes berezi batekin. Baina maiz euren adina ziurtatzea izaten dute oztopo nagusi adingabeko pertsona migratzaileek.

Paueko epaile batek aztertu zuen Amadouren kasua. Hezurdura test bat egin zioten, ez zela adin txikikoa ebatzi zuten bertan, eta kalean geratu zen. Baionako Pausa zentrora joan zen abokatu baten laguntzaz helegitea jarri, eta bidea egiten ari da. Eskolatzea lortu zuen, harrera familia ere bai.

 

Desertuak, ozeanoak, estatuen mugak pasa dituzte. Baina, bukatzen al da inoiz euren bidea? Irun eta Hendaia arteko muga pasa ostean zer? Zer bide berri abiatzen dituzte? (Guillaume FAUVEAU)



Abdou

17 urterekin egin zuen Europarako bidea Abdouk. Senegaldarra da, maite du ogi orea eskuetan erabiltzea; osaba okina zuen eta halakorik espero ez bazuen ere, lanbide bera hartu du orain Baigorriko Irastorza okindegian.

«Duela bi urte pasa langile bat behar nuen, eskuin eta ezker galdetu nuen, eta irin saltzaileak erran zidan bazela Hazparnen Senegaldik etorritako gazte bat, agian interesa izanen zuena. Halaxe sartu ginen harekin harremanetan. Baigorri gustatu zitzaion, niri ere bai bere lana; eta hara, geroztik hemen da gure etxean. Biziki zaila da langile bat atzematea», adierazi du Ramuntxo okinak.

Abdouk ez zuen haurtzaro erraza izan. Osasun arazoak tarteko bultzatu zuen aitak Europarako bidean. Joan-etorriko bidaia izan behar zuen, hori zen asmoa, baina hemen geratu da, Baigorrin okin lanetan, Ramuntxo eta Christineren etxean bat gehiago bihurtuta. «Laugarren haurra bezala da», erran du  Christinek. «Lehenak 25 urte ditu, bigarrenak, 23. Abdou bien artean da eta zinez laugarren haurra bezala kontsideratua da, bai gure partetik eta bai gure haurren partetik ere».

Senegal ezagutu dute Abdouren bidez bere sorterria ere ezagutu ahal izan du bikote baigorriar honek. Berriki izan dira Senegalen, eta duten apurra partekatzeko  kulturak harritu ditu. «Ez dute asko eta gu baino urosago bizi dira. Guk badugu aunitz gauza eurek ez dutena: ur beroa, sukaldeak etxeetan... Han ez dute, kalean kozinatzen dute, erdi kokoriko, baina biziki bihotz handikoak dira, jendetasun handikoak, ematen dizute balute bezala», adierazi dute.

Sos pixka bat egin nahi baduzu, han ez da lanik; duten bakarra turismoan eta laborantzan dute, baina aunitz jende bada langabe. «Bistan da nahi dutela mugitu, euskaldunok Ameriketara joan ginenean bezala», konparatu du Ramuntxok.

«Abdoduk ez du klarki esaten, baina badakigu bidaltzen duela sosa harat familia eta lagunak laguntzeko. Haiek behar dute. ‘Zure jornala zuretako da’, esaten nion nik, ez bainuen konprenitzen. Baina Senegalen izan garenean konprenitu dugu», aitortu du Christinek.

Bide berri bat irekitzea lortu du Abdouk, eta bere familiari laguntzen dio, gainera. Euskal Herria existitzen zenik ere ez zekien sorterritik alde egin zuenean. Bere kasuan bai, harrera herri bihurtu da Euskal Herria.