NAIZ.INFO
BILBO

Nerea Orizaolak jaurtiko du Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa

Bilboko Konpartsek jakitera eman dutenez, ‘Zaratas’ konpartsako Nerea Orizaolak jaurtiko du Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa. Peru Isasiren ‘Marylinjaia’ lana da, bestalde, kartel irabazlea.

Peru Isasi, ‘Marylinjaia’ Bilboko Aste Nagusiko kartel irabazlea eskuetan duela. (NAIZ.INFO)
Peru Isasi, ‘Marylinjaia’ Bilboko Aste Nagusiko kartel irabazlea eskuetan duela. (NAIZ.INFO)

Nerea Orizaola izango da Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa jaurtitzeko arduraduna, hala adierazi dute Bilboko Konpartsek. Aurtengoan ‘Zaratas’ konpartsari egokitu zaio aukeraketa egitea eta Orizaola hautatu dute lan horretarako.

Gaur bertan adierazi diote erabakia Itziar Urtasun jaietako zinegotziari.

Peru Isasiren ‘Marylinjaia’ kartel lehiaketako garailea

Bestalde, Peru Isasiren ‘Marylinjaia’ hautatu dute Aste Nagusiko kartel lehiaketako irabazle bezala. Lehiaketara 245 lan aurkeztu dituzte, aurreko urtean baino 15 gehiago eta irabazleak 2.500 euroko sari ordaina jasoko du.

Isasik eginiko lanean «sinetsi» egiten zuela esan du saria jaso ondoren. 2010eko lehiaketara ere lan bera aurkeztu zen, baina zorte ezberdinarekin ordukoan. Sinismen hori dela eta aurkeztu omen du lana azken urte hauetan.

Marijaiari izaera «gizatiarrago» bat eman nahi izan diola esan du, «sexiagoa, gau zaleagoa, modernoagoa, baserritar itxura kenduz». Marijaia Marylin Monroerekin konparatzeaz, bera dena izateaz «harro» dagoela aipatu du, «berdin zaio kuleroak bistan izatea eta eskuak altxatzea, bizi guztian egin izan duena da eta».

Itziar Urtasun jaietako zinegotziari «dibertigarria» iruditu zaio kartela. Marijaia «zoro baten moduan» erakusten duela uste du eta Athleticeko kuleroak jantzita izatea gustatu zaiola adierazi du.