JOXE LANDA
DONOSTIA

Haize epela hegotik eta bero lainoak ugalduz

Eguraldia. Goizean goizetik tenperatura altuekin esnatu dira zazpi euskal hiriburuak. Barnealdean bero gehiago egingo du eta biharko bero lamadatxoa izango da. Ekaitzen bat edo beste ez bada, asteburu lehorra izango da.

Ostirala. Hego haize epela mugituko da goiz partean eta arratsaldean baretu. Egunsentia ere epel eta tenperatura maximoa goi samarrean. Kostaldean beroa tamaina egokian, baina barnealdean bero handia. Trumoi laino batzuk agertuko dira eta ekaitzak garatuko dira arratsaldean. Ez dira ugariak eta mardulak izango, baina nonahi toka liteke zaparradatxoren bat.

Larunbata. ‘Nadina’ izeneko borraskak kume bat bidaliko digu eta bero lamadatxoa iritsiko zaigu, hego haize pixka batekin. Egunsenti epela eta bero dezentekoa gerora. Zerua garbi samar, baina arratsaldean bero hodei batzuk agertu eta ekaitz bakan batzuk gara litezke.

Igandea. Goiz partean giro ona, hodei batzuk agertu arren. Haizea hegotik eta tenperatura epela. Arratsaldean fronte moduko bat hurbilduko da mendebaldetik. Beheko eta goiko hodei multzoek zerua apur bat goibeldu eta euria botako dute. Askorik ez, halere.