NAIZ.INFO
BRUSELA

Estatu espainolak atzeraldian jarraituko du 2013an eta ez du defizitaren helburua beteko

Europako Batasuneko eta euroguneko ekonomia ez da espero bezala suspertuko 2013an, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera. Estatu espainolak atzeraldian jarraituko du eta ez du Bruselak finkatutako defizit helburua beteko.

Olli Rehn Europako Gai Ekonomikoetarako komisarioa, gaur egin duen agerraldian. (Georges GOBET/AFP)
Olli Rehn Europako Gai Ekonomikoetarako komisarioa, gaur egin duen agerraldian. (Georges GOBET/AFP)

Europako Batzordeak udazkeneko aurreikuspenen berri eman du gaur eta bai eurogunerako bai Europako Batasunerako prebisioak jaitsi egin ditu. Gainera, ekonomiaren suspertzea «apala» izango dela esan du, estatuen arteko desberdintasunak tarteko.

Bruselaren arabera, aurten euroguneko ekonomiaren hazkundea %0,4 murriztuko da eta Europako Batasunean, %0,3. Datorren urtean, berriz, Barne Produktu Gordina (BPG) %0,1 haziko da eurogunean eta %0,4 Europako Batasunean. Udaberrian egin zituen aurreikuspenetan, %1 eta %1,3ko hazkundeak iragarri zituen, hurrenez hurren.

Estatuei dagokienez, 2013an Espainiak eta Italiak atzeraldian jarraituko dute. Lehenean ekonomiaren hazkundea %1,4 murriztuko da eta bigarrenean, %0,5.

Alemania %0,8 haziko da; Estatu frantsesa, %0,4, eta Britainia Handia, %0,9.

Erreskatatuen artean, Portugalek %1 egingo du atzera, eta Greziak, %4,2. Irlanda, aldiz, errekuperatzen ari da eta %1,1 haziko da.

Madrilek ez du defizitaren helburua beteko

Estatu espainolari dagokionez, Europako Batzordeak ezarri zion defizitaren helburua (%6,3koa) ez duela beteko uste du Bruselak eta aurten BPGren %8an kokatuko dela kalkulatu du. Datorren urterako %6ko defizita aurreikusi du, helburu gisa jarritako %4,5aren ordez.

Langabeziak ere gora egingo duela aurreikusi du eta ekonomiaren hazkundea 2014tik aurrera iritsiko dela.

Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak esan duenez, Europa «garai zaila bizitzen ari da» ekonomia alorrean eta «oraindik iraun egingo du». Batzordearen aurreikuspenen arabera, hobekuntza 2013tik aurrera iritsiko da.

Langabezia murrizteko erreforma gehiago egiteko eskatu die estatuei.