NAIZ.INFO
AZPEITIA

Lur-jausi batek etxe bat azpian harrapatu du Azpeitian

Azken orduotako euriteek eragindako lur-jausi batek etxe bat harrapatu du Azpeitiko Urrestilla auzoan eta bertan zeuden bi pertsonak atera behar izan dituzte. Irunen ere luizia izan da eta bi etxebizitza hustu dituzte.

Lur-jausi batek etxe bat azpian harrapatu du Azpeitian. (uztarria.com)
Lur-jausi batek etxe bat azpian harrapatu du Azpeitian. (uztarria.com)

Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, goizaldeko 4.15 aldera lur-jausi bat izan da Urrestillan eta bi solairuko etxe baten alboko mendi-mazela erori egin da.

Lurra etxeko leihoetatik sartu da eta lehen solairura iritsi da. Bertan bizi ziren bi lagunak atera egin dituzte baina onik daude.

Bestalde, Irunen Zaisa 3 poligonoan pareta bat erori da eta ondoan zeuden bi etxebizitza hustu dituzte, badaezpada, terrazetan arrailak agertu direlako.