NAIZ.INFO
BILBO

Kaleratzeen aurkako mugimenduek gogor jo dute Cifuentesen hitzen aurka

Gobernu espainolak Madrilen duen ordezkariak Stop Kaleratzeak eta Hipotekak Kaltetutakoen plataformako bozeramalea ETA babesten duten taldeekin lotura dutela esan ondoren, kritika gogorrekin erantzun diote eta, adierazitakoak zuzendu ezean, ez dute baztertzen epaitegietara jotzea.

Stop Kaleratzeak plataformaren elkarretaratzea, kriminalizazioa salatzeko. (ARGAZKI PRESS)
Stop Kaleratzeak plataformaren elkarretaratzea, kriminalizazioa salatzeko. (ARGAZKI PRESS)

Cristina Cifuentes Gobernu espainolak Madrilen duen ordezkariaren eta kaleratzeen aurkako mugimenduaren arteko tentsioa ez dago baretzetik hurbil.

Atzokoan, Cifuentesek adierazi zuen Stop Kaleratzea plataformak eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako (PAH, gazteleraz) bozeramale Ada Colauk «babesa» agertu diotela «Bildu, Sortu eta nire ikuspuntutik ETAren ingurunean dauden taldeei».

Gaurkoan, kaleratzeen aurkako taldeek gogor kritikatu dituzte Cifuentesen esanak.

Stop Kaleratzeak taldeak elkarretaratzea egin du, gizarte mugimenduen kriminalizazioa salatzeko. Horrez gain, esandakoak zuzendu ezean, ez dute baztertu epaitegietara jotzea, Cifuentesek egindako adierazpenek mehatxuen eta antzerako jarreren agerpena dakartelako.

Marta Uriarte bozeramaleak salatu duenez, «familia osoak kalean uztea da terrorismoa, eta ez geuk defendatzen duguna».

Izan ere, Gobernu espainoleko ordezkariak hitzok esan ondoren, Ada Colauk heriotza mehatxuak  ere jaso dituela berri eman du.

Zentzu horretan, Bizkaiko PAH-ko bozeramale eta abokatu Begoña Barrutiak, kazetariei eginiko adierazpenetan, gogor kritikatu ditu Cifuentesen hitzak. Harentzat «PPtik kanpo dagoen guztia» baita «ETAren aldeko».

Plataforma honek idatziak aurkeztu ditu Estatu espainoleko auzitegi nagusietan, etxe kaleratzeen tramitatzioa bertan behera utz dezaten eskatzeko, Europar Batasuneko epaitegiak emandako epaiaren ondoren.

Herriraren babesa

Beste alde batetik, Herrira mugimenduak ohar bat kaleratu du, kaleratzeen aurkako mugimenduei babesa adierazi eta jasotzen ari diren kriminalizazioa arbuiatzeko. Cifuentesek gaur argitu du atzo eginiko adierazpenetan Stop Kaleratzeak Bizkaiaz ari zela, Herrirak urtarrilaren 12an antolatutako mobilizaziorako atxikimendua eman zuelako.

Nabarmendu dutenez, sakabanaketaren edo 197/2006 doktrinaren amaiera eskatzea ez da delitua eta kriminalizazioa jasotzen ari direnak euskal presoen giza eskubideen alde baino ez zuten egin.