Naiz.info
Donostia

Ernai: «Donostiako Bulebarra elkartasunaren eta duintasunaren eredu izan da»

Ernai gazte antolakundearen aburuz, Aske Gunean gertatutakoarekin «ez da ezer amaitu. Hasi besterik ez da egin», eta oraindik hainbat gaiztek auzipetuta jarraitzen dutela ohartarazi du. «Mobilizazioaz eta herri presioaz lortuko dugu epaiketa politiko injustu hauekin amaitzea».

Ohar bidez, Ernai gazte antolakundeak gaur goizeko atxiloketak salatu eta Aske Guneko «herri harresia» txalotu ditu. Bere iritziz, «bederatzi egunez Donostiako Bulebarra elkartatsunaren eta duintasunaren eredu izan da».

Epaiketa politikoekin amaitzeko beharraz mintzatu da eta EAJri leporatu dio «herritarren eskariari uko eginez» Ertzaintza bidali izana. «Ustezko demokrazia batean onartezina baita militante politikoak espetxeratzea».

Nolanahi ere, gaurko atxiloketekin «ez dela ezer amaitzen» ohartarazi dute. «Hasi besterik ez da egin. Gaur gaurkoz gazte mordoa dago auzipetuta eta soilik mobilizazioaz eta herri presioaz lortuko dugu epaiketa politiko injustu hauekin amaitzea».

Ildo horretatik, gaur 19.00etan Aske Gunetik abiatuko den manifestazioan eta bihar Martutenera egingo den martxan parte hartzeko deia luzatu du Ernaik.