Naiz.info
Gasteiz

«Preso politiko» erabilerari buruz eztabaidatuko du Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak «preso politiko» terminoari buruz eztabaidatuko du osteguneko osoko bilkuran, PPk hala proposatuta. Alderdi guztiek aurkeztu dituzte zuzenketak. UPyDk erabilera hori delitu izan dadila eskatuko du.

Euskal presoen afera Gasteizko Legebiltzarrean izango da datorren osteguneko osoko bilkuran. Kasu honetan, «preso politiko» terminoa izango da eztabaidagai nagusia, PPk aurkeztutako proposamenaren harira.

Alderdi eskuindarrak Legebiltzarrari eskatzen dio «biribiltasun osoz esan dezala Espainian ez dagoela preso politikorik».

Bere iritziz, «gizartearen gehiengoak badaki Espainian ezinezkoa dela norbait bere erlijio, ideologia edo politikagatik espetxeratzea», baina «ezker abertzaleak preso politiko deitzen jarraitzen die ETAko presoei», Euskal Herrian gertatutako «ehunka hilketa eta krimen justifikatzeko edo larritasuna kentzeko».

Ekimen honek alderdi guztien zuzenketak jaso ditu.

EAJren aburuz, afera hori Legebiltzarrean osatutako bake ponentziaren esku utzi beharko litzateke, «lehentasunezkoa delako oinarrizko akordioak lortzea elkarbizitza sozial eta politikoan eragina duten gaietan».

EH Bilduren ustez, Legebiltzarrak bere egin behar luke «preso politiko» trataera, Amnistia Internazionalek aitortza hori egiten baitie «elementu politiko esanguratsuengatik preso daudenei, bai beraien ekintzengatik edo agintarien motibazioagatik».

PSEk gogorarazten du Estatu espainolean, «gizartearen eskubide eta askatasunak bermatzen dituen Estatu demokratikoan», «ez dagoela preso politikorik».

UPyDk ere aurkeztu du zuzenketa eta, bere ustez, Gasteizko Parlamentuak Gobernu espainolari eskatu behar lioke «preso politiko» erabilera delitu izan dadila.