OIHANA LLORENTE
BILBO
Interview
Ibai ESTEIBARLANDA
EPAIKETAREN ZAIN DAGOEN GAZTEA

«Bizitzan ezin da ezer ahaztu, denetik ikasi behar da eta pertsona bezala hazi»

Ibai Esteibarlandak 24 urte zituen 2009ko azaroan atxilotu zutenean. Segi gazte erakundearen aurkako polizia operazioan hartu zuten preso, beste 34 gazterekin batera. Eskuburdinak jartzen zizkioten une berean, bere bizitzako alderdi ugari eten zitzaizkiola sentitu zuen Elorrioko gazteak.

Ibai Esteibarlanda. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ibai Esteibarlanda. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

18 urterekin abiatutako Arkitekturako ikasketak zituen garai horretan bizitzako zutabe. Ikasketen amaiera behatz puntekin laztantzen zuela pentsatzen zuen orduan. 2009ko ikasturte horretan  zintzilik zituen ikasketak gainditu eta proiektuarekin buru-belarri hasteko asmo sendoa zuen. Errepresioak, baina, dena aldatu zuen.

Lau egun inkomunikatuta eman ostean, Auzitegi Nazional espainoleko epaile aurretik igaro eta espetxera eraman zuten zuzenean. Han eman zituen hurrengo hamazazpi hilabeteak.

Espetxean eman zuen denbora impasse bat izan zen Ibairen ikasketa ibilbidean. Auzitegi Goren espainolak 2009an hala ebatzi zuenetik, euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute, espainiar espetxeetan dauden euskal presoek debekatuta daukate-eta EHUn edo NUPen ikastea. 

«Espetxealdiak agian ez dizkizu bizitzako gainerako alderdiak erabat mozten; bikotekidea, senideak edota lagunak mantentzen dituzu. Gogorra da, noski, baina harremana ez da eteten, bisitak daude, aurrez aurrekoak... Militantzia ere, era desberdin batean bada ere, mantentzen duzu, kartzelan ematen duzun denboran Euskal Preso Politikoen Kolektiboan aritzen zara-eta. Ikasketekin jarraitzea, baina, ezinezkoa da», dio argi.

Estatu espainoleko espetxeetan barreiatuta dauden euskaldunek UNEDen eta gaztelaniaz egin ahal dituzte ikasketak bakarrik. Hortaz, Esteibarlandak bi urtez alboratu behar izan zituen amaitzear zituen Arkitekturako ikasketak. Barrote artean entretenitzeko helburuz eta hezkuntzaren munduak erakarrita, Pedagogia eta Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ikasten eman zituen kartzelako egunak.

Zutabeak eusten eta tenkatzen

2011ko ekainean berreskuratu zuen azkenean lapurtutako askatasuna, eta espetxeak mugitu zizkion bizitzako zutabeak eusten eta tenkatzen eman ditu ondorengo hilabeteak. «Neska-lagunarekin galdutako denbora aprobetxatzen, eta, bereziki, aspaldi itxi behar nuen ikasketen etapa ixten ahalegindu naiz tarte honetan», laburbildu digu.

Damoklesen ezpata, baina, beti sentitu du buru gainean Esteibarlandak, epaiketa noiz jarriko zain eman baititu azken bi urte hauek. «Goiz izango zela zioten eta noski, nik ikasketak epaiketa iritsi aurretik bukatu nahi nituen, bestela, auskalo! Orduan bai ezingo nituela ikasketak inoiz amaitu!», dio arduratuta.

Bi ikasturte ikasgelatik kanpo egoteak ikasketak kinka larrian jartzeko arriskua zekarren. Izan ere, Bolonia prozesua, zapalgailu baten moduan, begirunerik gabe  goi mailako ikasketetan ezartzen ari zen. Espetxean jarraituz gero bizi zezakeen arriskuaren jabe zen Arkitektura fakultateko zuzendaria bera, eta, Esteibarlandaren baldintzapeko askatasuna galdegiteko orduan, bestelako idatzien artean, zuzendariak berak idatzitako eskaera bat helarazi zuten abokatuek Auzitegi Nazional espainolera. Halaxe eskuratu zuen baldintzapeko askatasuna.

Errepresioaren itzalak, baina, ez zituen bere ikasketak soilik ilundu. Neska-lagunarekin bizitzen bi hilabete besterik ez zeramatzan Polizia espainolak atea bota eta etxetik indarrez atera zutenean. «Neska-lagunak atxiloketa bizi behar izatea gogorra izan zen», aitortu digu. Elkarbizitza estreinatu berri zuten arren, etorkizunerako plan sendoak zituen Esteibarlandak bere bikotearekin.

Atxiloketa, inkomunikazioa eta espetxealdiaren ondoren Esteibarlanda ez da lehengoa. «Atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak diren guztiak ondorio batzuk dituzte, onartu edo ez, eta haiei aurre egin behar zaie», dio zalantzarako tarterik gabe.

Barruan zeuakana ateratzeko ariketa

Espetxetik atera eta epaiketa bitarteko denbora tartea «errekuperatzeko tartea» da, Esteibarlandaren begietara. «Nire burua ondo jartzeko baliatu dut. Barruan nuena atera, komunikatu eta osatzeko», deskribatu digu. «Ni ondo atera nintzen, baina, era berean, gaizki –kontatu digu–. Atxiloketa momentutik bertatik nire buruari oskola jarri nion, eta ateratzean oskola hautsi eta zabaldu beharra duzu».

Garrantzitsua deritzo norberak bere buruarekin egin behar duen ariketa horri ekitea. Ariketa gogorra da, eta jakin badaki askok nahiago dutela “paso” egitea. «Jende askok ahaztu egiten du pasatakoa eta hori ez dago ondo. Bizitzan ezin da ezer ahaztu, denetik ikasi behar da eta pertsona bezala hazi», dio. «Ondo egoteko, gertatutakoa gainditu behar duzu –jarraitu du–. Baina, bereziki, ondoren berriz ere datorrelako epaiketa, eta, agian, baita espetxea ere. Zure burua horretarako prestatu behar duzu».

Orain gutxi jakin du epaiketaren data. Hala, datorren urriaren 14tik aurrera, beste berrogei gazterekin batera, epaile aurrean eseri beharko da.

Ikasketei dagokionez, ikasgai guztiak gainditu eta proiektuarekin dabil buru-belarri. Azaroan aurkeztuko du titulua emango dion lana, epaiketa hasi berritan.

Sei urteko espetxe zigorraren eskaerari aurre egin beharko dio laster, tartean duen denbora, baina, gozatzeko eta osatzeko erabiliko du Esteibarlandak. «Txarrena badator ere, ondo egoteko», aitortu digu.