OIHANA LLORENTE
IRUÑEA
Interview
Ainara Bakedano
Epaiketaren zain dagoen gaztea

«Espetxean ez nuen uste lan eta diruarekin hainbeste buruhauste izango nituenik»

Ainara Bakedanok Irakasle ikasketak eta Psikopedagogiako karrera jada amaituta zituen 25 urte besterik ez zituela. Bi lizentziaturak gaindituta, 2009ko ekainean, Haur Hezkuntzan irakasle moduan aritu ahal izateko Nafarroako Gobernuak antolatutako oposaketetan eman zuen izena. Ondo prestatu zituen oposaketok, eta, plaza eskuratzeko zortea eduki ez zuen arren, azterketok gainditu egin zituen, eta, hala, urtero postu bakanteak hartzeko lehentasuna eskuratu zuen. «Sekulako poza hartu nuen, ikasketak bukatuta eta hezkuntzako zerrendako lehen postuetan egonda, lan panorama txukuna nuen aurrerantzean», azaldu digu.

Ainara Bakedano. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ainara Bakedano. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

2009-2010 ikastaroa abiatu eta berehala jaso zuen lan eskaintza. Barañaingo Alaitz ikastetxean abiatu zuen ikasturte guztirako eta lanaldi osorako postua izan beharko zuena.

Ikasturtea hasi eta berehala, ordea, 2009. urteko azaroaren 24an, euskal gazteriaren aurkako razzia handienetako eman zen Euskal Herrian, eta, Guardia Zibilak Bakedano etxean harrapatu ez zuen arren, azkar zabaldu zen Zizurkoaren izena inputatuen artean. Bost egunen buruan, Auzitegi Nazional espainolean bere burua aurkeztera zihoan une berean, hartu zuten gatibu. Epaitegi berezitik 50 metrora atxilotu zuten. Bakedanok ez du ahantzi une hura, ezta inkomunikazioak iraun zituen 24 orduak. Baina Guardia Zibilak bere lantokian egindako bisita «zentzugabeak» gogoratu nahi izan ditu gurekin.

«Guardia Zibila bitan joan zen ikastolara, pentsa zer iskanbila eragin zuten!», kontatu digu.

Lanpostua kendu zioten

Fernando Grande-Marlaska epaileak espetxera bidali zuen Bakedano. Kartzelan zegoela, 2010. urtearen hasieran, jakin zuen, lanpostuan huts egin zuela argudiatuz, Nafarroako Gobernuak lanpostua kendu eta hezkuntzako zerrendetatik bota zuela. Abokatuengana jo zuten Bakedanoren gertukoek eta auzia epaiketa bidean jarri zuten.

Barroteen artean zuen burua Bakedanok, eta, ondorioz, kalean eta, bereziki lanean, gertatzen zenarekin ez zegoen kezkatuegi. «Lagun eta senideek bisitetan eta telefonoz esan, esaten zidaten, ni baino asaldatuagoak zeuden haiek! Ez nintzen erabat kontziente, abokatuei ere esaten nien, lasai egoteko, lan askorik ez hartzeko –dio barre artean–. Baina, ateratzekoan...».

2011ko apirilean berreskuratu zuen askatasuna Bakedanok. Auzia oraindik ebatzi gabe eta lan egiteko aukerarik gabe, preso ohiei legez egokitzen zaien diru laguntza galdegin zuen. Sorpresa hartu zuen izapide honetan ere. Izan ere, aurretik lanean emandako hilabeteengatik sei hilabeteko langabezia saria jasotzeko aukera izanik, hura hartu behar izan zuen derrigor, preso ohien 18 hilabeteko subsidioa galduz. «Neukan langabezia guztia agorrarazi eta sei hilabeteren buruan laguntza gabe gelditu nintzen», dio haserre.

2011ko udan, baina, Enpleguko Institutu Nazionalak hezkuntzarako zerrenda berezi batzuk jarri zituen abian. Hala, 2009ko oposaketen emaitzekin egindako zerrendako irakasleak nahikoak ez balira, zerrenda berri horretan zeuden irakasleei eskainiko zieten lana. Bakedanok ez zuen bitan pentsatu eta berea behar zuen zerrendan eman zuen izena berriz ere. Zerrenda hori, baina, ikasketa maila eta oposaketen emaitzen arabera egin beharrean, telefono deien hurrenkeran osatu zuten. Oposaketek 18. postuan jarri zuten Bakedano; bi urteren ondoren eta errepresioa tarteko, 193. postuan zegoen. «Oposaketak prestatu eta gainditu ez banitu moduan, zerotik hasi beharra izan nuen. Sekulako atzerapena da hori. Dagoeneko ez dut hutsuneak betetzeko lehentasunik, eta, ondorioz, alde batetik bestera eta lanaldi murriztuekin lan egin beharrean aurkitzen naiz», azaldu du.

Epaiketa administratiboa irabazi

Nafarroako Gobernuak hezkuntzan ezarritako murrizketak ere bere azalean sufritu ditu Bakedanok. Hala, joan den ekainetik aurtengo martxora bitartean ez du lan deialdirik jaso.

Izapide judizialek bere bidea egin zuten, eta, 2012an, Nafarroako Gobernuaren aurkako epaiketa administratiboa irabazi zuen Bakedanok. Bertan, 2009ko azaroan Bakedanok sufritutako askatasun faltak lan utzikeriarik eragin ez zuela ebatzi zen. Barcinaren Gobernua ez zen, baina, gustura gelditu, eta, epea ireki orduko, helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Gorenean. Auzitegi Nazional espainolean bere burua aurkeztu zuen arren, Bakedanok «justiziatik ihes egin eta justifikaziorik gabe lanpostuan huts egin» zuela argudiatuta arrazoia eman zion Nafarroako Auzitegi Gorenak Nafarroako Gobernuari, ibilbide judizial guztiari amaiera emanez.

Haserre hartu zuen Bakedanok erabakia. «Epaiketa ikuspegi administratibotik irabazi arren, ihes egin nuela esanez argudio administratiboek ez dute balio. Baina nola ihes egin nuela? Ni neu aurkeztu nintzen eta!», dio oraindik haserre.

Espetxetik aterata aurrean maldak besterik aurkitu ez zituen arren, berean tematu eta ikasten jarraitu zuen. Haur hezkuntzan geroa ilun ikusita, haur eskolen alde egin du Bakedanok eta maiatzean Nafarroako Gobernuak haur eskolen zerrendak osatzeko egindako oposaketetan parte hartu eta aprobatu egin zuen. Ikasturte berriarekin lan deialdiren bat jasotzeko itxaropenez dago orain. Urrian, baina, epaiketari aurre egin beharko dio, orain gutxi jakin baita urriaren 14an abiatuko dela 40 gazte hauen aurkako epaiketa.

Epaiketara derrigor joan beharra du eta horrek lanean ekar ditzakeen ondorioekin kezkatua dago; «gauzak dauden moduan egonda lanetik botatzeko aitzakia ere izan daiteke», dio.

Gastuei aurre egin

25 urterekin eta ikasketetan egindako ahaleginaren fruitua jaso izanaren zapore gozoarekin, ikuspegi ekonomikotik bederen, nahiko bideratuta zuen bizitza Bakedanok. Errepresioak baina zutabe hori ere kolokan jarri zion: «Espetxean nengoenean ez nuen uste lan eta diruarekin hainbeste buruhauste izango nituenik. Benetan!», dio. Berriz ere atzera egin balu bezala, ekonomikoki mendeko sentitu da. «Epaiketak ekarriko dituen gastuei ere aurre egin behar diegu gainera: Madrilera joan, han egon..», dio kezkatuta.

Epaiketa data duten arren, hura noiz bukatu eta epaia ezagutu arte hilabete luzeak pasako dira oraindik; «epaiketa luzatzeak emozionalki dakarren antsietatea luzatzea ekarriko du», dio.

Egunerokoa ahalik eta hoberen eramaten saiatu eta «gorabeherekin» lortzen duen arren, epe ertain eta luzean pentsatzen jartzearekin batera dator zurrunbiloa. «Zalantza mordoa datoz orduan,  erabaki asko hartzeko baldintzarik ez izatea. Datuak, informazioa.... dena falta zaigu! –dio sentitzen duena hitzez azaltzeko zailtasunekin–. Batzuetan igerilekura bota beharrean aurkitzen zara, bizi egin behar da-eta!», amaitu du.